Herri aitortza egin diote Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-ri, urtero bezala, 1929ko irailaren 27an jaio zen auzoan, Antiguan. Gaskonia plaza jartzen du kartel ofizialean, baina azpian Txillardegi Plaza idatzi du jendeak. Zabala eta sakona da idazle, pentsalari eta politikariak utzitako ondarea. Erreferentea izan zen euskalgintzan, kulturgintzan eta politikan, baina onarpen instituzionala falta zaio oraindik.
‘Leturiaren egunkari ezkutua’ euskarazko lehen eleberri modernoaren sortzailearen muralaren aitzinean bildu dira bere senide, lagun eta herritar ugari. Bere aurpegiaren ondoan, ‘Eta Txillardegik non du liburutegia?’ izenburua duen bertso sorta bat nabarmentzen da, Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiena. Denek elkarrekin kantatu dituzte bertso horiek, Donostiako Udalari ozen eta argi eskatuz Udal Liburutegiari Txillardegiren izena jar diezaion.
«Donostian kaleei zuzendu begia:/ gaur Duque de Mandasen hasten da Egia;/ Konstituzio plazan zer erromeria.../ Ta Txillardegik non du liburutegia?», dio lehenak.
Eta azkenak: «Zein da Donostiaren iruditeria?/ Noren izena dugu, noren aurpegia?/ Juxtua izan dadin gure izendegia,/ Txillardegik behar du liburutegia».
Txillardegi Liburutegia Herri Ekimenak euskararen kontrako mendetako oldarraldiaren baitan kokatu du Donostiako Udalaren ukazioa, baina 13 zenbakiaren malefizioa gainditu (13 urte bete dira Txillardegi hil zenetik, 2012ko urtarrilaren 14an, 82 urte zituela) eta datorren urtean 14. urtea izanen dela adierazi du Fito Rodriguezek. Hortik aurtengo ekitaldiaren goiburua: ‘Badok/n hamairu!’. «Denok elkar hartuta lortuko dugu, eta ez badugu lortzen ere, hemen izango gara, ziur», agindu du.
Plazan ziren Juan Karlos Izagirre, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena EH Bilduko ordezkariak; Udal gobernuko kiderik ez dugu ikusi, ordea.
Berandu bada ere, iritsi da unea, ez dago aitzaikirik.
— Juan Karlos Izagirre (@JuankarIzagirre) January 12, 2025
Euskara eta euskal kulturaren alde hainbeste egin duen intelektual eta hizkuntzalari aparta izandako Txillardegirekin dugun zorra kitatu beharra dugu.
Udal liburutegiari bere izena ematea lehen urratsa da. pic.twitter.com/6XuxRXdMtP
Ezinbesteko ekarpena egin zion Txillardegik gure hizkuntzari, baita gure herriari ere.
— Maddalen Iriarte Okiñena (@MaddalenIriarte) January 12, 2025
Hori aitortzeko gaitasuna erakusten ez dutenen aurrean, herriak, herritarrek egin diogu aitortza, aurten 13. aldiz. Ezberdina izan dadin hurrengoa.
Badok/n hamairu! pic.twitter.com/E7JZP1vivz
Ianitz eta Sua Enparantzak musikaz eta dantzaz jantzi dute ekitaldia, eta txilarra landatu dute plazako lorontzietan.
Jakes Laffite
Jakes Laffite izan da gonbidatu berezia. 1947an sortu zen Okzitaniako Tolosan. Ingeniaria da eta munduan barna ibili zen errepideak egiten, Amerikan, Asian zein Afrikan. 1972tik euskaldun berria, Txillardegirekin ikasi zuen Baionan. Scrabble jokoaren euskarazko bertsioaren sortzailea, azken urteetan idazteari emana dago eta bederatzi pastoral sortu ditu, azkena Jose Luis Alvarezi eskainia, berriki amaitu duena.
Laffitek oroitu du Txillardegi eta Jose Luis Alvarez izenak bi liburutan irakurri zituela lehen aldiz, oraindik ikasle zelarik. Frankismoaren urte gogorrak ziren espainiar Estatuan eta gaullismoaren bukaerakoak frantziarrean. «Lehen liburuan irakurri nuen nola frankismoaren bukaeran hegoaldetik iparraldera bere familiarekin ihes egin zuen Jose Luisek eta nola De Gaullen gobernuak, abertzale gehiago bezala, frantziar Estatutik kanporatu zuen».
Ingeniaria ofizioz, Hazparneko kolegioan matematika irakasle izan zen eta euskara batuaren oinarriak ezarri zituen beste hainbat kiderekin batera. ETAko lehen ekintzaileetakoa izan zen eta ekintza armaturik egin ez bazuten ere, Estatu frantsesetik alde egin beharrean izan ziren, Txilera, Algeriara eta Belgikara. Azken hau izan zen Jose Luis Alvarezi eta familiari babesa eman zien lurraldea.
1970eko hamarkadan iparraldera itzultzea baimendu zioten eta Hendaian kokatu zen sendiarekin, sei zakurrarekin eta, noski, bere pianoarekin, musika gogoko baitzuen. Beti lanean aritu zen euskararen alde. Matematika zalea izaki, zorroztasun zientifikoz aurkezten zituen bere lanak.
«Euskarak egiten du Euskal Herria»
Hendaian bizi zelarik, 1974 eta 1975ean Txillardegi hurbilagotik ezagutzeko aukera ukan zuen Laffitek, ia egunero ikusten baitzuen. Urte haietan euskara batuari buruzko ikasgaiak ematen zituen Baionako euskal museoan, asteazken gauero. Ostean, solas mamitsuak eginez biltzen ziren.
Franco hil ondoren, hegoaldera bueltatu zen eta hizkuntzalaritzan eta politikan lan egin zuen.
«Beti ados izan naiz berekin: Euskarak egiten du Euskal Herria», baieztatu du. «Euskararen aldeko borroka ez da bukatua, euskara ez da oraindik osoki kaleratu eta egunerokoak ditugu euskararen aurkako erasoak», azpimarratu du.
Bere bizi osoan kezka horiek eduki zituen Alvarezek eta euskararen aldeko lanean grina hori gogoan edukitzeko dei egin du Laffitek.
Ekitaldiaren bukaeran, Txillardegik lagun izan zuen Telesforo Monzonek idatzitako ‘Txikia’ abestia kantatu dute (Txikia ezagutu eta aunitz estimatu zuen donostiarrak), baita ‘Euskal Herrian euskaraz’ ere. Hain zuzen, Kote Camachoren ‘Txillardegi eta Monzon’ komikia jarri dute salgai. Talde argazkia atera, eta Zazpi Jauziak dantzatuz agurtu dira.
Talde argazkia atera eta Zazpi Jauziak dantzatuz amaitu da #Txillardegiren omenaldia. Datorren larunbatean, 11.30ean Donostiako udal liburutegian jarri dute hitzordua, bere izena jar diezaioten. pic.twitter.com/1YNlY1yuvO
— Maider Iantzi Goienetxe (@gara_miantzi) January 12, 2025
Hitzordu bat jarri dute: datorren larunbatean, urtarrilak 18, 11.30ean Donostiako Udal Liburutegian elkartuko dira, kantuz Udalari Txillardegi izena jar diezaioten eskatzeko.