«Urteek ematen dizkigute erremintak ondokoak, eta gure burua, barkatzeko»
Alberdaniarekin kaleratu du Hasier Larretxeak ‘Idaztea atzera zenbatzen ikastea da’ saiakera-poetiko autobiografikoa. Bertan, Madrilen bizi den idazle arraioztarrak egungo bizipenak eta haur eta gaztarokoak dotoreziaz eta sentikortasunez harilkatzen ditu, irakurlearen barrenak leuntasunez astinduz.
Memoriatik barrena idatzitakoak jaso dituzu ‘Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da’ liburuan. Ariketa hortaz literarioa, baina baita bitala ere.
Egia da urteak direla, Madrilen bizi naizen honetan, literatura dudala konexio bidea iragan horrekin, haurtzaroarekin, Baztango haranarekin, azken batean Euskal Herriarekin, hizkuntzarekin eta izan nintzenaren parte batekin. Etxeratze agindua jaso genuenean, 2020. urte horretan, guztion ordulariak geratu egin ziren eta hasi nintzen hausnartzen era sakoneko batean aitarekin izan dudan erlazioaz, edo liburuan agertzen diren bertze pertsonen inguruan gogoetak egiten. Eta hor hasi nintzen liburua atontzen, urte aunitz baitira testu autobiografikoak idatziak nituela, baina ez nuen aukerarik izan 2020 hartara arte testuak hartu eta berridazketa bat abiatzeko.
Beharbada distantziak ere, denborarenak zein geografikoak, errazten du izan zinen horretara bueltatzea.
Aunitz. Nik erraten dut ‘H’-rik gabeko Asier hark ez zituela liburu hauek argitaratuko distantzia tartean ez balego. Gainera, nire kasuan, pisu handia du memoriak, iraganak, haurtzaroko unibertso horrek, landa eremuko elementu horiek, orduan niri distantzia horrek izugarri laguntzen dit begirada ezberdin bat luzatzeko. Nituen korapilo eta kateamendu horiek bertze modu batean ikuskatzen dira adin honetatik eta Madril honetatik ere. Nire obrak, baina liburu honetan batik-bat, nire bizitzaren bidezidor edo elementu ezberdinak baliatzen ditut literatura egin eta egileekin partekatu ahal izateko, azkenean gai unibertsalak baitira liburu honetan planteatzen direnak ere.
«Nituen korapilo eta kateamendu horiek bertze modu batean ikuskatzen dira adin honetatik eta Madril honetatik»
Denboraren iragan horrek balio du iraganeko zauri horiek sendatzeko?
Izugarri. Egia da literatura niretzat espresio bide garrantzitsua izan zela nerabezaro urte haietan, zeintzuetan gizartefobia tartean zailtasunak nituen ahotsarekin nire baitako hitzak kausitzeko. Literatura edo idazkera naturala garai hartan hasi zen sortzen nire baitako ahots hori ateratzeko eta denborak ere bizipenak baretu egiten ditu, eta egiten dugun errebisionismoa ere antzaldatzen da. Hau da, nerabezaroko eta gaztaroko bizipenak indartsuak dira eta badute testuinguru zehatz bat, eta urteekin baditugu erramintak ondokoak, eta baita gure burua ere, barkatzeko. Bizi izandakoak bertze modu batez ikuskatzekoak baita ere, eta ariketa hori badago liburuan, tartean aitari dagokiona edo ingurune horri dagokiona. Leihoak irekitzen dira, ikusmira zabaltzen da eta iraganean erra eta zauria zegoen lekuan besarkada bat badago.
Alberdaniarekin argitaratu duzu lana, saiakera gisa. Baina hibridazio hitza ere aipatzen zen aurkezpen egunean, poesiatik ere asko duelako. Beti aipatzen den kezketariko bat da, zein da haurtzaroko hizkuntza, nola jo iraganera?
Aitor dut nire kasuan euskaraz libratu ezin ditudan hitzak edo testuak iragan batean gaztelaniaz egin izan ditudala, erran bezala, barne kateamendu batzuetan hizkuntz zehatz bat kokatua geratzen baita elementu batzuetara eta beharbada hizkuntz berria baliatu izan dut zail egiten zitzaizkidan elementu horiei buruz mintzatzeko. Liburu honetan ere badago horren inguruko kezka, sorkuntzari buruzko ideia ezberdinak baita ere, zer den elkarbanatu behar duguna, noraino, zer gertatzen den ideiak kausitzen ez baditugu... interesgarria da liburu honek egin duen ibilbidea, ze esan bezala testu autobiografikoak iragan batean idatzita zeuden eta ikusten nuen iragan hori biziki garrantzitsua zela eta pertsona bezala iragan ditudan langa eta bidezidor horiek hor egon behar zutela, landa eremuko unibertso hori, baina garrantzitsua zen niretzat ere Madril hau eta gaur egungo ikuskera hau, orduan azken finean etxeratze agindu horren ondotik hasi nintzen nire inguruko begirada anplifikatzen eta ere eguneroko gertaera horien inguruan testu dietalistikoak idazten. Orduan, liburu honek badu hibridazioaren josteta; nik ere maite ditut era honetako liburuak, testu bakoitzak autonomia badu, badu identitate pertsonala, baina badago hari bat eta kausitzen ahal ditugu jatorri ezberdinetako testuak ere, tartean poetikoagoak, luzeagoak iragan horren inguruan...
Eta horrek egiten du hain naturala aldi berean, gure pentsamendua ere neurri batean horrelakoa delako. Ez doaz lerro zuzenean.
Nire ariketa horixe zen. Testu dietalistikoetan, egunerokora hurbiltzen diren horietan, aitzin-gibel aritzen naiz, pentsamenduaren inguruan, bizitzaren inguruan, norberaren barne gogoeta, zalantza eta elementu horiek modu ahalik eta naturalenean adierazten. Itsasoko olatuen gisan, nolatan hondartzan uzten dituen elementu ezberdinak, saiatu naiz testu bakoitzak irakurle horretan begirada bat, argitasun bat, korapilo bat hortxe luzatzen.
Korapiloak sarri agertzen dira liburu honetan. Nagusiena, aitarekin izan duzuna urte askoan.
Bai. Larretxea abizena pisua izan da urteetan zehar. Bai aitak eta bai osabak herri kirolen esparruan ibilbide luzea egin dute eta niretzat erakusteko zuen ederra horixe zen, bere pausoei jarraipena ematea, eta hor aritu zen, saiatu zen ahalik eta hobekien edo bere modura semeari irakaspen haiek ematen, ilusio hori elkarbanatzen, baina hor lehendabiziko talka edo arrakala egon izan da gure artean.
Gogoan dut nolatan musika, kultura, liburuak niretzat biziki garrantzitsuak zirela bere deialdiei muzin egiteko, hau da, etxean irakurketa horiekin geratzeko, nik ez bainuen sobera maite testuinguru hori. Gainera, ttiki-ttikitandik maskulinitate eredu hura ere ez zitzaidan bereziki erakargarria eta ni hor geratzen nintzen eroso amarekin, amatxirekin, izebarekin, emakumezkoek osatutako testuinguru goxo horretan.
Urteek lagundu digute iragan hori atontzen eta gertaera ezberdinak izan dira tartean eta gogoan dut Euskal Herriko gazteen txapelketa batean nolatan, Doneztebeko plazan, oihu anitzen artean nola aritu ginen zurak mozten eta eskuak odoleztaturik akitu nuela azken enborrak moztu gabe, tentsioak jota. Gogoan ditut oihu haiek eta abizenaren pisua handiegia zela. Egia da belaunaldi berrian ere nabaritu dugula eta hor elkarbanatu izan dira esperientzia interesgarriak ere, bertsolaritza arloan ere, nolatan ama edo aita batek baduen pisua arlo batean eta gainera baduena sustraitze sakon bat elementu indartsuekin, identitatea, kultura, kirola, esfortzua eta nola belaunaldien arteko talka handia den, gu kalekumeak izan garelako.
«Larretxea abizena pisua izan da urtetan. Aitak herri kiroletan ibilbide luzea egin du niretzat erakusteko zuen ederra horixe zen; hor egon da gure arteko lehen arrakala»
Gurasoak baserrian sortuak dira, maizterrak izanak dira eta familiak eratu dituzten heinean saiatu dira kausitzen etxebizitza bat. Eta hor bai, liburuaren ardatzetako bat bada aitarekin izan dudan erlazioa eta batik-bat iraganean kausitzen ez nituen maitasun keinu horiek ere denborarekin nolatan kausitu ditudan, heldutasunaren begiradarekin. Ulertuz zeintzuk diren nire aitaren erramintak eta gabeziak, gure gurasoen belaunaldi horrek ez zuelako izan alderdi afektibo zein sexualean heziketarik ere, eta badago halako talka bat familia aunitzean Euskal Herrian. Zortea izan dugu, batzuk bederen, nahiz eta erraztasun guztiak ez izan, ahal dugun neurrian ikasteko eta sorterria ere gibelean uzteko, eta horri esker ere gogoeta hauek egin eta beste erlazio batzuk eratzeko.
Zaren hori onartzeko garrantzitsua da nondik zatozen onartzea. Edo ulertzea.
Aunitz. Gainera, itzulerako bidea ez da errazena, errazena ihesa izan daiteke, ezta? Zenbat pertsona ez diren bizi Euskal Herriko eremu ezberdinetan eta ez LGTBI kolektiboko kide direlako, baizik eta ikasteko aukera izan dutelako edo lan bat kausitu dutelako eta gibelean geratzen da iragan bat eta gertakari batzuk, familia dinamika batzuk ere tartean. Niri distantziak, denborak eta literaturak lagundu izan dit sorterri eta familia horrekiko konexio indartsuak egiteko. Literaturaz gaindik ere, nolatan eragin dezakeen familia sistema bat ere egituratzen. Gure kasuan gainera familia bezala lagundu izan digu guzti honek, aitzineko liburuetako aurkezpenek, egin ditugun emanaldiek ere, lagundu digute solastu gabeko gauza guzti horien inguruan solastatzeko furgoneta batean, emanaldi batetik bertzera adibidez. Galdegin nion aitari, nola ez nuen azkeneko zur hura moztu, ea lotsarik sentitu zuen edo, eta erran zidan bere azkeneko aukera hura izan zela eta ikusi zuela argi eta garbi semeak ez zuela bere bidea jarraituko, eta egia da ordutik bakean utzi ninduela zentzu horretan.
Batzuetan bat ez baita ohartzen korapiloa sentitzen duenean, korapilatutako hariak bi mutur dituela. Bakoitzak bere muturretik ikusten du korapiloa.
Ulertzen dut ere bere errefusa, seme hark nerabetasunean iluntasuna kausitu zuen, musika iluna entzuten zuen, beltzez janzten zen, elkarbanatzen zuen unibertsoa biziki urruna zen harekiko. Bere kezkak handiak ziren gainera, homosexualitatearen ingurua nik familian aditzen nituen erreferentziak ez ziren batere positiboak, orduan gurasoek egin dute izugarrizko prozesua eta nik uste badela elementu biziki interesgarri bat adierazteko nolatan egurketaria, herri kirolaria, basoko gizona den horrek nolatan besarkatzen duan aniztasuna, besarkatzen duen seme bat eta horretandik eraiki dugun guzti hau biziki ederra da guretzat, dugun elkarbizitza honetan, baina nik uste adibide biziki ederra dela jende anitzendako Euskal Herrian nire aita, eta horretaz ere gogoeta egin dut berarekin. Espero ez ditugun erantzunak batzutan jasotzen ahal ditugu zuk zeuk ere hori ereiten baduzu.