NAIZ

Asuncion Klinikako langileek egindako elkarretaratzean «gardentasuna» eskatu dute

Elkarretaratzea egin dute Tolosako Asuncion Klinikako langileek. Lakuako Osasun sailak 2019an jakinarazi zuen Tolosaldean ospitale publiko bat egingo zuela, eta orduz geroztik kudeaketa pribatuan lan egiten duten Asuncioneko langileek beren etorkizunarekin zer gertatuko den galdegin dute.

Asuncion klinikako LABeko eta ELAko langile ordezkariak.
Asuncion klinikako LABeko eta ELAko langile ordezkariak. (LAB)

Tolosako Asuncion Klinikako Enpresa- Batzordeko LAB ea ELAko ordezkariek elkarretaratzea egin dute astearte honetan, beste behin ere beraien aldarriak mahai gainean jartzeko, hilabeteak daramatzate aterabide baten eske. «Asuncion Klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzaen gabiltzan heinean, garbi dugu langile publikoak izan beharko genukeela», adierazi dute.

Ohar batean azaldu dutenez lanbide askotarikoak dituzten langileen ordezkariak bildu dira astearte honetan; besteak beste, erizainak, laguntzaileak, teknikariak, zeladoreak, sukaldariak edota garbiketakoak.

«Langile eta erabiltzaile garenez, bat egiten dugu osasun zerbitzu publikoak izatearen helburuarekin», adierazi dute. Eta gogoratu Tolosako ospitale honen kudeaketa pribatua denez, ez dituztela langile publikoen lan-baldinak berak: «Gure ratioak okerragoak dira, eskakizunak gero eta handiagoak eta gure soldatak ez daude erreferentziazko gainerako ospitaleetakoen baldintza berberetan».

Zerbitzu eta langile publikoak

Bestalde, gogoratu dute 2019an EAJk jakinarazi zuela ospitale berri eta publiko bat eraikiko zela Tolosaldean, baina, inoiz ez dutela «aipatu ere egin» orain artean Asuncionen lanean ibili diren langileekin zer gertatuko den: «Hori da gure kezka nagusia, inork ez (omen) dakiela gure etorkizuna zein izango den».

Klinikaren «etorkizuna jokoan» dagoela ikusirik, hiru aldarrikapen egin dituzte. Batetik, «zerbitzu guztiak» izango dituen klinika publikoaren beharra, «Tolosalderako kalitatezko osasun-arreta bermatzeko». Bigarrenik, %100ean publikoan izango den osasun arreta izango duen klinika izatea; eta hirugarrenik, Asuncion klinikan lan egiten duten langileak «subrogatuak» izatea.

«Tolosaldean eskualdeko herritarren zerbitzura egongo den kalitatezko osasun arreta behar dugu. Eta Asuncion Klinikan dihardugun langileok, zerbitzu publiko bat eskaintzaen gabiltzan heinean, garbi dugu langile publikoak izan beharko genukeela», aldarrikatu dute.