Ikusgarria, lehiatua, borrokatua... Partida oso fisikoa aurreikusten zen Laduche-Manci eta Urrutia-Basque bikoteen artekoa. Aurreikuspenek ez zuten hutsik egin eta xehetasun txikiena erabakigarria izan zen. Bikote urdin ilunak funtsezkoa zuen garaipena txapelketan aukerekin jarraitzeko eta indartsu hasi zuten dema; bigarrenean, baina, balantza urdin argien alde jausi zen eta hirugarren jokoan, Basque-n xisteran pilotak egindako bote batengatik batu zituzten hiru puntuak Laduche eta Mancik.
Garaipen oso garrantzitsua izan zen. Multzoen faseko azken neurketa jokatu zutela kasik hilabete igarota, zalantzak zeuden beraien berragerpenean eta Urrutia-Basque A multzoko liderrak izaki, dema zail zein fisikoa izango zela argi zegoen. Joko guztiak xehetasun hutsalengatik erabaki ziren baina lehendabiziko jokoan, tarteka, erosoago ibili zen Iparraldeko bikotea. Batez ere errematean, Urrutia zital batekin, Laduchen frustraziorako. Mancik ere ohi baino huts gehiago egin zituen.
Modu horretan, Urrutia-Basquek apurtu zuten markagailua, 2-5eko partzialarekin. Getarikoa eta Mutrikukoa, baina, berotzen joan ziren eta tantoz tanto, partida berdindu ez ezik, markagailua ere irauli zuten (10-7). Hurrengo takada urdin ilunena izan zen, Urrutia inspiratu bati esker. Azken txanpan ere bere bizkortasuna eta oldarkortasuna nagusitu ziren, Laduchek, argitasunez erantzuten zion bitartean. Hala, berdinduta iritsi dira lehen setaren bukaerara (14-14) baina Getarikoak ez du asmatu sakean, baxenafarrak ongi erantzun dio eta sekulako errematearekin errematatu zuen jokoa.
Lehen seta irabazita, konfiantzaz beteta abiatu zuten bigarrengoa Donibane-Garazi eta Bidartekoak. Getarikoa eta mutrikuarra, ordea, deseroso sentitzen ziren, hutsak pilatuta (2-6). Lehen jokoan gertatu bezala, partida berdintzea lortu zuten baina zalantzak guztiz uxatu gabe. 10-12 ere atzetik joan ziren baina azken erreakzioarekin, Mancik segurtasuna berreskuratuta eta Laduchek argitasuna –nahiz eta errematean kosta egin zitzaion–, markagailuari buelta eman eta partida berdintzea lortu zuten.
Tentsioa nagusi izan zen desenpatean, berdinketak nagusitu ziren (1-1, 2-2, 3-3 eta 4-4). Tanto piloteatuak jokatu ziren, bi bikoteen erresistentzia gaitasuna agerian utzita. Azken tantoan Basque-n hutsegite batek eman zien garaipena Laduche eta Manciri. Bidartekoak ongi bukatu zuen tantoa, 12tik bi paretak eginda, baina lehenago xisteran botea egin ziola kexatu zen Getariko aurrelaria, bideoarbitrajeak arrazoia emanda.
Hiru puntu batu zituzten Laduche eta Mancik eta batekin geratzen dira Urrutia eta Basque. Azken hauek bi partida jokatu dituzte jada eta beraz, finalerako sailkapena ez dago beraien eskuetan. Hurrengo astelehenean, Danian aritu diren (eta jarraituko duten) Urreisti eta Gorka itzultzen dira Gernikara, B multzoko sentsazioa izan zen bikotea. Erkiaga-Ibarluzea izango dute arerio, jadanik lau puntu poltsikoratu eta finalerako hautagaia den bikotea.
Finalerdietako ligaxkako sailkapena
1. Erkiaga-Ibarluzea 4 puntu (partida bat jokatuta)
2. Laduche-Manci 3 puntu (partida bat jokatuta)
3. Urrutia-Basque 1 puntu (bi partida jokatuta)
4. Urreisti-Gorka 0 puntu (partidarik jokatu gabe)