Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Dinamo Sassari, final-laurdenetarako oztopoa IDK Euskotren eta Bilbao Basketentzat

Emakumeen Eurocupeko joanekoan 60-50 nagusitu ziren italiarrak eta emaitza horri buelta eman beharko diote Azu Muguruzarenek. FIBA Europe Cupean, berriz, Sardiniako taldearen aurka Omar Silverio Dominikar Errepublikako eskoltak debuta egingo du Jaume Ponsarnauren aginduetara.

Roso Buch eta beste antolatzaileen jokorik onenak beharko du IDK Euskotrenek Dinamo Sassariren aurka.
Roso Buch eta beste antolatzaileen jokorik onenak beharko du IDK Euskotrenek Dinamo Sassariren aurka. (Endika PORTILLO | FOKU)

Ez da sarritan gertatuko asteazken honetan euskal saskibaloiak biziko duen kasualitatea. IDK Euskotrenek Gaska pabiloian eta Surne Bilbao Basketek Bilbao Arenan, biek ala biek 20.00etan jokatuko dute Dinamo Sassari Sardiniako taldearen aurka. Eta neurketa biak helburu berberarekin jokatuko dituzte euskal taldeek: txapelketako final-laurdenetara urratsa ematea.

Emakumeen Eurocupeko partida kanporaketa zuzena da eta irabazte hutsa ez da nahikoa izango IDK Euskotrenentzat. Sardinian 60-50 Dinamo Sassari nagusitu zen eta hamar puntuko alde horri buelta eman beharko dio talde donostiarrak. Ez dirudi egin ezinezko balentria denik, joaneko partidan ikusitakoa aintzat hartuz gero bederen. Azu Muguruzarenek markagailua parean mantendu zuten aurreneko hiru laurdenetan, baina saskia erabat itxi zitzaien azken minutuetan. Sassari bera ere ez zen finegi aritu, baina 11-4ko partziala lortu zuen talde italiarrak eta aldetxo horri esker final-laurdenetarako bidea errazago izango du.

Ikusteko dago asteazken gau honetan Adut Bulgak Kanadako pibotak debuta egingo ote duen ala ez IDK Euskotrenen elastikoarekin. Lola Pendande eta Lou Halvarssonen uztaipeko lana ez da txarra izaten ari, baina gipuzkoarrek Adut Bulgak jokalari beteranoa fitxatu berri dute, Donostian bere bigarren aroa bete dezan. Izan ere, 2016/17 denboraldian ere 16 partida jokatu zituen eta 12 puntu eta 9 errebote pilatu batez beste. Ikusi egin behar Bulgakek jokatuz gero, bestelako zer mugimendu egin beharko duen Azu Muguruzak jokalariak egokitzen joateko.

Sardiniako partidan ikusi zenari so, kanpoko jaurtiketan arazo larriak izan zituzten donostiarrek, 12 saiakera egin eta bakarra sartuta. Egia da, halaber, joan den igandean Zaragozaren aurka Roso Buch eta Laura Cornelius antolatzaileek taldeak Sardinian izan ez zuen oreka eman ziotela donostiarren jokoari. Bada, kanpoko eta barruko joko horren orekan izango da final-laurdenetarako gakoa.

Bide batez, esan behar IDK Euskotrenek emakumeen euskal saskibaloiak inork lortu ez duena lor lezakeela baldin eta Dinamo Sassari atzean utziz gero. Alegia, final-zortzirenetako kanporaketa gainditzea. Bere garaian Hondarribia-Irunek eta Lointek Gernika Bizkaiak oso gertu izan zuten Eurocupeko zortzi onenen artean sartu ahal izatea, baina ezinean geratu ziren.

«Arriskuren bat» hartzeko moduan

Esan bezala, Josean Gaska pabiloiko partida hasten delarik, Miribillako Bilbao Arenan ere baloia airera botako dute epaileek Surne Bilbao Basket eta Dinamo Sassariren arteko lehia jokatzeko.

FIBA Europe Cupeko bigarren faseko ligaxka ere porrotik ezagutu gabe darama talde bilbotarrak eta asteazken gauean garaipena lortuko balu, beltzezko gizonak final-laurdenetara sailkatuko lirateke. Galduko balute, berriz, Cholet eta Le Portel taldeen aurka –etxetik kanpo, ordea– beste aukera bana izango lukete hurrengo asteetan. Hala ere, italiarren aurkako dema erabakigarri izatea nahiko lukete bizkaitarrek Europako txangoa ahalik eta luzeena eta erosoena izaten jarraitzeko. Alabaina, ez da ahaztu behar Sardinian jokaturiko dema estu asko atera zutela: 89-91, aurrez 18 puntuko abantaila 49-67, pasatzen utzi eta gero.

«Galduta ere, gure etorkizuna oraindik ere gure eskuetan legokeenez, apur bat arriskatzeko erabili dezakegu Sassariren aurkako dema», azaldu du Jaume Ponsarnauk astearte goizeko prentsaurrekoan.

Badu zerekin «arriskaturik» Tarregako entrenatzaileak. Esaterako, Omar Silveriori bere aurreneko minutuak emanez. «Taldearen sistemetan sar dadin nahi dugu, eta ikusi dugun apurrarekin bistan da ikasteko gogoa eta talentua badituela, bai saskira begira eta baita paseak emateko garaien ere. Horrez gain, egoki defenditu lezake fisiko horrekin», iritzi dio beltzezko gizonen entrenatzaileak.

Kristian Kullamae izan liteke bilbotarrek har dezaketen beste «arriskuetako» bat. Orkatila bihurritu ostean, ia hilabetez jokatu ezinik dago eskolta estoniarra. Joan zen larunbatean Unicajaren aurka aulkian eserita, jokatzeko prest, izan zuen Ponsarnauk, baina ez arriskatzea erabaki zuen orduan, are gutxiago Bilbao Basketek partidari ia buelta eman zionean, 50-70 galtzen izatetik 78-79raino hurbildu ostean.

Bestalde, ez du oraindik jokatzerik izango Bassala Bagayoko 18 urteko jokalari gazteak. Fuenlabradarekin 14 urte, 7 hilabete eta 15 egun zituela ACB Ligan debuta egin zuen jokalari afrikarrak, ACB Ligaren historiako jokalaririk gazteena, baina 2022az geroztik jokatu ezinik dago belauneko lesio larri bat dela-eta. Horrez gain, Fuenlabradak formakuntza eskubideak eskatzen ditu eta nondik edo handik milioi bat euro atera arte ez dauka onik.

Uneotan Bagayoko nonbaiten utzita jokatzen ipintzea da Bilbao Basketek helburua, taldeko entrenamenduetan parte hartzen hasi berri den honetan. «Oraindik ezin diezaguke kantxan lagundu, baina gogotsu eta ilusioz gainezka dagoela bistan da, eta guk ere berari laguntzea nahi dugu», azpimarratu du Ponsarnauk 18 urteko jokalariari buruz.