Ikama ikasle antolakundeak martxoaren 20an, ostegunarekin, greba egin eta mobilizatzeko deia egin du. «Faxismoaren eta balore erreakzionarioen gorakadaren aurrean, euskal hezkuntza sistema propio baten beharra» adieraztea izango du helburu. Agertoki zail honetan, «euskal ikasleriari hau borrokatzea dagokigu, borroka feminista, euskararen aldeko borroka eta balore independentistak aldarrikatuz», aurreatu dute.
Unibertsitatean, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan zabaldu dute grebarako deia, «faxismoa borrokatuko duen ikasle olatua osatzeko asmotan». Hurrengo asteetan zehaztuko dira mobilizazioak.
Ultraeskuineko joera horien aurrerapausoa frogatzen dituen zenbait gertaera zerrendatu ditu Ikamak: Egiako afari solidarioen aurkako oldarraldia, Leioako «irakasle faxista»ren kasua, «gizon gazteek feminismoarekiko duten erreakzioa», «euskal nortasuna duen faxismoa», «eraso LGTBI-fobiko, arrazista, xenofobo, euskarafoboak»... «Honek ezin du hezkuntza sisteman kabidarik izan», berretsi dute.
«Testuinguruaren analisi honi tiraka aurkezten dugu dinamika hau: Eredu propioaren eraikuntzarako eta gure proiektu politikoaren gauzapenerako, ezinbestekoa dugu borroka independentista. Hezkuntza sistema propioaren eskutik etorriko da hezkuntza euskaldun, feminista eta antikapitalista. Beraz, ozen diogu, behar dugun hezkuntzarako independentzia ezinbestekoa dugu!», aipatu du Ikamak.
«Borroka antifaxista independentziarekin uztartu behar dugu»
«Guk borroka antifaxistari ekingo diogu, euskararen aldeko borrokatik, borroka feministatik eta nola ez, borroka
independentistatik ulertuta. Izan ere, hizkuntza, kultura eta historia propia bat izateak, Estaturik ez duen nazio izaerarekin batera, bestelako mundu ikuskera bat ematen digu, eta zapaltzen gaituzten estatuengatik bereizten gaitu. Horregatik, Euskal Herrian borroka antifaxista independentziarekin uztartu behar dugula ulertzen dugu», erantsi dute.
«Hau lortzeko bidean, ikas baldintza duinak, hezkuntza feminista, hezkuntza euskalduna eta borroka antifaxista aldarrituko ditugu, beti hezkuntza sistema propioaren eta beraz, independentziarekin lotuta. Guzti honengatik martxoaren 20an kaleak hartuko ditugu. Ikasleok ezkerretik eta independentismotik harrotuko den olatua sortuko dugu. Etorkizuneko hezkuntza sistemaren diseinurako balio eraldatzaileak transmititu eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dugu», laburbildu dute.