Astelehen gaueko Vila-realen aurkako partida aitzakia hartuta, Bultzada Txuri Urdinak neurketan zehar grabatutako bideo bat kaleratu du ordutegiengatik kexatzeko eta, honekin batera, LaLiga futbola «hiltzen» ari dela salatzeko.
Ez da arazo berria. Duela urte batzuetatik hona, ostiral eta astelehenetan ere futbol partidak ezarri zirenetik, klub asko ari dira honengatik kexatzen. 20.855 ikusle bildu ziren astelehen gauean Reala eta Vila-realen aurkako Liga partida ikusteko. Astelehena, gaua eta, gainera, hotza. Horiek izan ziren urak gainezka egiteko falta ziren tantak. Hala, Bultzadak partidako lehen bost minutuak hutsik utzi zituen Aitor Zabaletako harmailak eta, horrez gain, ez zuen animatu.
FUTBOLA HILTZEN ARI ZARETE
— Bultzada TxuriUrdina (@BultzadaTX) January 14, 2025
ORDUTEGI DUINAK ORAIN! pic.twitter.com/8ibSQirKAR
Horren ordez, 'Tebas vete ya' oihukatu eta 'Astean zehar futbolik ez' irakur zitekeen pankarta bat atera zuen, denek ikusteko. Gainera, LaLigako presidente den Javier Tebasen maskara bat jantzita zutela, LaLigaren logoa zuen diruz betetako maletinarekin paseatu ziren bi zale harmailetatik.
Bideoan hori dena agerrarazi nahi izan dute astearte honetan. Bertan, «Ordutegi duinak orain» eskatu dute. Hau aurreko astean Realak kaleratutako oharrarekin nolabait bat dator. Klub txuri-urdinak oso gogor jo zuen neurketa batetik bestera zituen ordu eta egun gutxirengatik.