Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen astelehenean Galdakaon, giza hilketaren saiakera delitu baten ustezko egilea izatea leporatuta, aizkora batekin bi petsonari erasotzeagatik eta bere txakurra haien aurka xaxatzeagatik, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Errege Gauean gertatu zen guztia Bizkaiko Zaratamo herrian. Biktimen bertsioaren arabera, bezperan Ugaoko ostalaritza establezimendu batean eztabaida izan ondoren, gizon bati azalpenak eskatzera joan ziren; gizonak aizkora bat hartu eta bien kontra jo zuen, eta bere txakurra xaxatu zuen haiei eraso egin ziezaien.
Txakurraren hozkadek eta aizkorak eragindako lesioen ondorioz, bi zaurituak erietxera joan behar izan zuten, batek zauri larriak zituelalko gorputzeko hainbat ataletan, eta ebakuntza egin behar izan zioten.
Gertatutakoaren berri izan zutenean, eta biktimek emandako datuetan oinarrituta, ertzainek Galdakaoko polizia egoitzan zitatu zuten ustezko erasotzailea, eta bertan atxilotu zuten astelehenean, giza hilketaren saiakera delitua leporatuta.
Bestalde, bere etxean aizkora eta hasiera batean biktimak mehatxatzeko erabili zuen urpeko arrantzarako fusil bat konfiskatu zizkioten. Gainera, txakurra udal txakurtegira eraman zuten, eginbideak amaitu bitartean.
Antzeko egintzengatik aurrekariak dituen atxilotua astelehen gauean utzi zuten epailearen eskuetan, eta guardiako epaileak aske utzi zuen biktimekiko kautelazko neurriak ezarrita.