Nafarroako hezkuntza publikoan urtarrilaren 30eko greba deialdia erregistratu dute Steilas, LAB, CCOO eta ELA sindikatuek Hezkuntza Departamentuan astearte honetan. Departamentuak «jarrera guztiz itxiarekin» jarraitzen duela salatu eta horren aurrean «egiazko negoziazioa» egon dadin beren «indar osoa mahai gainean jartzeko prest» daudela ohartarazi dute.
Sektorean gehiengoa duten sindikatuok gogoratu dutenez, 2024-2025 ikasturtearen hasiera «oso ezohikoa» izan da, «konfrontazioz betea», eta beren aldarrikapenei erantzun ezean, «hala izaten jarraituko du».
«Egoerak eraman gaitu horretara, baina Nafarroa Garaiko arlo publikoko irakasleok, hezkuntza komunitatearen gainerako kideen laguntzaz, indar erakustaldi itzelak eman ditugu erantzun modura», nabarmendu dute.
Steilas, LAB, CCOO eta ELAk deitoratu dute joan den iraileko eta urriko grebek ez dizkiotela «begiak irekiarazi» Hezkuntza Departamentuari. «Antza denez ez du ulertu zeintzuk diren Nafarroako hezkuntzaren benetako beharrak. Izan ere, sindikatu guztiok egiten ari ginen negoziazioa (hala deitzerik badago) alde bakarrez utzi baitzuen bertan behera. Zertarako eta soilik hiru sindikatuekin langileen gehiengoaren beharrei erantzuten ez dien akordio eskas bat sinatzeko».
Hori dela eta, erantsi dute, beste greba egun bat deitzea erabaki zuten, urtarrilaren 30erako.
Sindikatuon iritziz, Nafarroako hezkuntza sistemaren «gaur egungo baldintzak eta kalitatea hobetzea lortuko badugu, mobilizazioa da bide bakarra, indar erakustaldien bidez soilik lor baitaiteke Departamentuak bere jarrera aldatzea eragingo duten baldintzak sortzea».
Nabarmendu dute «egiazko negoziazio bati ekiteko prest» daudela, «bai eta horretarako behar diren baldintzak sorrarazteko ere». Horretarako, ordea, «irakasle guztion laguntza» eskatu dute.