Kaliforniako suteen egoera zertxobait baretu da, eztabaida politikoa ez
Los Angelesen egoerak hobera egin du, azken hamarkadetako sute larrienetan, oraindik zati handi bat kontrolatu gabe egon arren. Gainera, gaurko haize-boladez ohartarazi dute. Presidente izendatu aurreko egunotan, Kaliforniako agintari demokratei erasotzeko baliatu du Trumpek hondamendia.
Estatu Batuetako bigarren hiri handienean ia 100.000 lagun ebakuarazi dituzten suteetan hiru foku zeuden oraindik aktibo atzo. Handiena hiriaren mendebaldean zegoen, Pazifikoko kostaldean bertan. Palisades-eko sutean, Malibu inguruan, ia 10.000 hektarea erre dira. Sute horretan bakarrik 5.000 suhiltzailek ziharduten lanean. Beste bi sutetan 6.000 hektarea kiskali dira; Eaton inguruan gertatu dira orain arteko txikizio handienak: ehunka etxe erre dira eta 16 lagun hil dira auzune horretan bakarrik.
Los Angeleseko eskola barrutiko ikastetxe gehienetara itzuli ziren atzo ikasleak, betiere patiora irten gabe. Ebakuazioak gertatu diren inguruneetakoak itxita daude, eta Palisadesen erre diren ikastetxeetako ikasleentzat ikasgela berriak prestatzen ari dira.
Kontuak kontu, airearen kalitateaz abisua argitaratu zuten, osasunerako kaltegarria izan zitekeela ohartarazteko. Gaurtik aurrera 110 kilometrotik gorako haize-boladak espero dira. «Erretako eraikinetatik haizeak eramandako errautsek maila toxiko handiagoa izan dezakete. Haizeak eramandako errautsa ikusiz gero, hartu neurriak, eta murriztu esposizioa». NWS meteorologia zerbitzuak etxe barruan leihoak itxita egoteko eskatu die herritarrei, eta kanpora joanez gero, maskara janzteko. Haizeagatik izendatu ohi den bandera gorri ohartarazpena ezarri dute asteazkenera arte; horrek esan nahi du suaren konbustiorako eta hedapenerako baldintzak egongo direla; are gehiago, landaredia oso lehor dagoela kontuan hartuta. Edozelan ere, ez dirudi joan den astean bezain haizete bortitzik egongo denik. Orduko hartan, sua itzaltzen laguntzeko hegazkinak aireratzea eragotzi zuen haizeak. Oraingo honetan, ufada gogorrenak suteen guneetatik urrun samar iragarri dituzte, Venturako mendietan. Horregatik suhiltzaileak zuhur baina itxaropentsu daude.
Orain arte 24 lagun hil dira guztira Los Angeleseko suteetan, baina litekeena da azken kopurua handiagoa izatea, beste 23 lagun gutxienez baitaude desagertuta. Bai Palisadesen, bai Eastonen debekatuta dago kalean ibiltzea arratsaldeko seietatik goizeko seietara bitartean.
Kritikak eta irainak
50.000 milioi dolarreko kalteak izan dira baina, zenbait kalkuluren arabera, 135.000 milioi baino gehiagokoak izango dira, azken 40 urteotan egondako sute larrienetan. 92.000 lagun aterarazi dituzte etxetik, eta ia beste horrenbesteri jakinarazi diete etxetik joateko prest egoteko. Hondamendiek triskantzaren larrian izan ohi duten alde positiboetako bat da komunitatea sendotzen laguntzen dutela. Elkartasuna da ziurrenik horrelakoetan gehien zabaltzen den sentipenetako bat. Estatu Batuetako giro politiko polarizatuan, baina, zatiketan gehiago sakontzea ekarri du. Errepublikanoak oso harrotuta dabiltza, Kongresuko ganbera bietan gehiengoa lortu berri dute, eta Etxe Zurira sartzear da Donald Trump. Kalifornia, berriz, herrialdeko estatu populatuena izateaz gain, hauteskundez hauteskunde demokrata bozkatzen duen estatua da. Bertakoa da Kamala Harris presidenteorde eta hautagai demokrata izandakoa, eta Gavin Newsom Kaliforniako gobernadorea hurrengo presidentegai izateko kiniela guztietan ageri da.
2018an, Paradise inguruan izandako suteen ostean, elkarren ondoan bisitatu zuten ingurunea Newsomek eta Trump orduko presidenteak. Berez, arrunta beharko luke, hondamendi baten aurrean, maila guztietako agintariak bat etortzea, kolore politikoez haratago tragediaren aurrean beharrezko erantzuna emateko. Arrunta eta normala beharko lukeena Donald Trumpen hiztegitik kanpo dago, eta oraingo honetan ere hala izan da. Newsom gobernadoreari Newscum (zabor berri) aldatu dio sarritan abizena burlaizez; suteek ez dute bigundu: «Estatu Batuetako alde eder eta onenetako bat sutan kiskaltzen ari da. Kedarra baino ez dago, eta Gavin Newscum-ek (sic) dimititu egin beharko luke. Berea da erru guztia!», idatzi zuen Trumpek duela astebete.
Trumpen jarraitzaileek liderraren ildoari eutsi diote, sare sozialetan erasoan. Are gehiago, Elon Musk X-en jabeak eta Trumpen hurko bihurtuak etengabe gezurrak hauspotu ditu bere sare sozialean. Hala, sua eragin duten faktore nagusien ordez (lehortea hezeguneetan, haizeteak eta, oro har, klima-aldaketa eta berotze globala), Kaliforniako agintariei ardura egozten dieten motibo bila ibili da Musk: suhiltzaileei ura falta zela esanarazten saiatu zen, haiek milioidunari gezurretan aritzea gaztigatu zioten arte.
Newsom gobernadoreak lapurretak sustatzea egotzi dio Muski. Izan ere, Kalifornian delituen aurrean hartutako neurri ez-punitibistak manipulatuz, arpilatzea libre zela eta ez zela zigortzen zabaldu zuen Muskek X-en. «Utzi arpilatzeak sustatzeari gezurretan ibiliz eta jendeari esanez despenalizatuta dagoela. Legez kanpo dago eta beti izan da hala». 30 lagun inguru atxilotu dituzte egunotan, bizilagunak irtenarazi zituzten etxeetan lapurretan ibiltzeagatik.
Joko zikin horretan, Trumpek, Muskek eta beste buruzagi errepublikano batzuek Kaliforniako neurri progresistei egotzi dizkiete suteak, herritarren segurtasunaren aurretik haien agenda jarri dutela eta klima-aldaketari aurre egiteko neurriak hartu dituztela argudiatuta. Sare sozialetan zein Fox telebista kate eskuindarrean, esaterako, Los Angeleseko suhiltzaileen buruaren argazkia bolo-bolo ibili da. Kristin Crowley emakumezko lehen suhiltzaile-burua da. Lesbiana da Crowley, eta hori aski aitzakia da errepublikanoentzat suhiltzaile-zerbitzuei burla egiteko, arazoak konpontzeaz baino gehiago dibertsitatea eta berdintasuna sustatzeaz arduratzen direla egotzita.
Laguntzekin mehatxu
Kaliforniari irain egitea aski ez, eta xantaia ere erabili izan du Trumpek. Hauteskunde-kanpainan egin zuen, aurretik agintean egon zenean egin zuen bezalaxe: 2018an laguntza federalak helaraztea atzeratu zuen, azkenean erakutsi zioten arte Kalifornian boto-emaile errepublikanoak ere badaudela. «Zuen zorua garbitu behar duzue, zuen basoak garbitu behar dituzue, agian honengatik gertatutakoa ordainarazi beharko diegu». Kanpainakoa are xantaia argiagoa izan zen: «Ez diogu emango Newsomi suak itzaltzeko dirurik. Eta dirurik ez ematean, arazoak izango ditu». Zoruaren eta basoen tratamenduaz eta diru federalaz haurren ikuspegia ematen du, baina Trumpek egiten duen edozerk lurrikara baten antzeko uhinak ditu segidan.
Konspirazio teoriak zabaldu dira suteei buruz, eta Muskek eta Trumpek hedatutako ur eskasiaren ingurukoa da horietako bat. Hala, ura biltzeko dirua paperik gabeko etorkinei eman dietela leporatu diete, edo euria artifizialki eragiteko sistemetan xahutu dutela. Kaliforniako agintariek salaketa gehienei entzungor egitea erabaki dute, egoera aski larria delako arreta beste nonbait galtzeko. Datuak publikoak dira, horratik, eta horixe nabarmendu dute: urtegiak beteta daude, eta ez dago ur eskasiarik sua itzaltzeko. Edonork ikus dezakeen arren, gezurrak hanka luze-luzeak ditu sasoiotan.
Bill Lee Tennesseeko gobernadore errepublikanoak, esaterako, Kaliforniako hondamendia ura bere errotara ekartzeko baliatu zuen, irailean izandako urakana gogoan. «Kaliforniak berehalako erantzun federala behar du. Appalachiak tratu bera behar zuen, baina Bidenen administrazioak 42 egun behar izan zituen ‘Helene’ urakanaren ostean. Estatu guztiei tratu bera ematen dien presidente bat izango dugu laster», idatzi zuen. ‘Helene’-k erasandako estatuen artean Tennessee laguntza eskatzen azkena izan zen; «beste estatuek egin zutenean eskatzea zenuen, baina herritarrak ospitaleko teilatuan erreskate beharrean egon ziren arte itxaron zenuen», leporatu zion Gloria Johnson Tennesseeko kongresukide demokratak. Leek irailaren 27an eskatu zuen hondamendietarako laguntza, eta Etxe Zuriak biharamunean bertan onartu zion.
Hondamendietarako laguntza federala interesen arabera ematea Trumpen politika izan zen aurreko legealdian. ‘Maria’ urakanak Puerto Ricon 4.000 lagun hil ostean kritikatu zutenean (errepublikano bozkatzen duten Floridari eta Alabamari askoz laguntza handiagoa eman zien), esker txarrekoak izatea leporatu zien, eta kameren aurreko laguntza-banaketa bat antzeztu zuen, komuneko paperak airera botaz. Datozen lau urteetan Trumpekin otzan ez direnentzat oharra argi dago.