Sortuk otsailaren 22an egingo du, Andoainen, aurtengo Plaza Hutsa, «herrigintzan lanean ari diren ezkertiar eta independentisten urteroko topagunea». Euskal Herrian zabaltzen ari den ziklo politiko berria herrigintzatik nola indartu landuko dute bertan, jatorri eta kultur aniztasuna gai nagusitzat hartuta. Horretan sakontzeko, ‘Bidaide. Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan’ solasaldi nagusia izango da lehenik.
Ondoren, beste bost azpi-solasaldi izango dira, «jatorri eta kultur aniztasunari hainbat ertzetatik heltzeko»: euskara, hezkuntza, inklusioa, sozioekonomia, eta erreakzio autoritarioa.
Xabi Iraola eta Oihana San Vicente Sorturen Nazio Idazkaritzako kideek eman dute Plaza Hutsaren berri, Andoainen egin duten agerraldian. Lehenak testuinguru politikoa izan du hizpide eta Euskal Herrian ziklo politiko berri bat zabaltzen ari dela nabarmendu du. Hiru zehaztapen egin ditu: «Hegemoniaren lehian fase berri bat ireki da, besteak beste, ezker independentismoaren hazkunde eta errotzearen ondorioz; nazio auziaren eztabaida eta estatus politikoak eguneratzeko aukera irekita dago; eta euskal preso politikoen egoera behin betiko bideratzeko aukera erreala da».
Ziklo politiko berri hori sustatzeko herrigintzaren papera «funtsezkoa» dela nabarmendu du, baina «etengabeko azkartzearen garaiotan susperraldi baten beharra» duela ere aitortu du. «Mugarri baten beharra dugu euskal naziogintza eraldatzailearen prozesuan, inertziak hautsiko dituen arnasberritzea». Horretarako, gutxieneko osagai komunak izango dituen herri proiektua imajinatzera dei egin du, «ardurei helduz, eta modu bateratuan erantzunez».
Sortuko kidearen arabera, Euskal Herriak herri gisa dituen erronka nagusienetako bat jatorri eta kultur aniztasuna da eta datozen urteetan «immigrazioaren fenomenoari eta horren ondoriozko jatorri eta kultur aniztasunari emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa», migrazioa «Euskal Herriaren garapenerako eta eraikuntzarako erronka eta aukera gisa kokatuz».
Berrikuntzak
Aurtengo Plaza Hutsak, hortaz, gai hori izango du ardatz, eta «berrituta» iritsiko da. «Ezker independentismoak estrategikotzat jo dituen eremuen bueltan irismen luzeko gogoetak egin ditu. Hori izan da jaiotzetik Plaza Hutsaren funtsa. Zentzu horretan, fase bat bete duelakoan gaude. Eta, aldi berean, fase berri bati ekiteko beste oinarri badu», adierazi du Oihana San Vicentek.
Bere esanetan, Plaza Hutsaren fase berriak eta ezker independentismoak ziklo politiko berri baterako ateak zabaldu izanak bat egiten dute, eta horregatik «aurtengoan ziklo politiko berri hori herrigintzatik nola indartu pentsatuko dugu».
Hala, bi berrikuntza nagusirekin dator Andoaingo topagunea: herrigintzako hainbat eremu presente izan arren, jatorri eta kultur aniztasuna izango da gai nagusia. Batetik, «hainbat eremutan lanean ari garen kideok nor bere arlotik erronka beraren bueltan arituko gara», eta bestetik, adituak eta arituak diren hainbat hizlari izango dira.
Guztien topagunea Bastero kulturgunea izango da; bertan izango da solasaldi orokorra. Xabi Iraola eta Olatz Egiguren Sortuko herrigintza taldeko kideek ‘Bidaide’ proposamenean jasotakoa xehatuko dute.
Ondorengo solasaldietan Euskal Herri kulturaniztun eta eleaniztunean euskarak dituen erronkak, hezkuntza, erreakzio autoritarioak, eskuineko narratibak, ezker ikuspegi erreakzionarioak eta arrazakeriaren auzia landuko dituzte, «nazio askapen mugimendu bezala pentsatu beharreko korapiloak mahaigaineratuz».
Plaza Hutsan parte hartzeko izen-ematea martxan dago jadanik.