Maider Castillo Realeko eliteko emakumezkoen futbolaren arduradun berria da. Klubak «emakumeen futbolaren aldeko apostua berresten jarraitzeko» fitxatu du Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera lan egingo duen futbolari-ohia.
Ez zaio eskarmenturik falta Castillori (Eibar, 1976), gaztetan Eibartarrak-en jokatzen hasi eta futboleko estamentu guztietan lan egin baitu azken hiru hamarkadatan. Herriko taldearekin Superkopa irabazi ondoren, Torrejon talde indartsuan eman zituen bi denboraldi, handik Levantera joateko. 2002an heldu zen klub gorri-urdinera, ibilbide luzea gauzatzeko. Jokalari hamar urtez, ondoren aulkietara pasa zen eta handik bulegoetara, emakumezkoen ataleko Kirol zuzendaria bilakatu arte. Udan eman zion amaiera Levanten izandako ibilbide luze eta oparoari etxera itzultzeko eta, urte erdi geroago, Realarekin sinatu du.
«Ilusio handiarekin» heldu da Castillo «eta Reala barrutik ezagutzeko gogoekin. Garbiñe, jokalariak, talde teknikoa, barruko jendea… ezagutzen ditut eta danekin lan egiteko eta hazteko gogoekin nago».
«Hazkunde» hitza azpimarratu du eibartarrak, «kluba eta ni neu haziko garela uste baitut, Garbiñerekin eta egitura osoarekin batera egingo dugun lanari esker. Lan hori egunetik egunera hobetzeko izango da, hazteko eta proiektu on bat egiteko». Hazteko eta «hasteko gogoekin» ere dago, «Reala benetan barrutik dena ezagutzeko. Trasmititu didatenari jarraituz, pasada bata iruditzen zait dagoen guztia, maila metodologikoan, emakumezkoen atala klubaren egituran zein integratua dagoen..».
Jokalariekin hitzegiteko aukera izan du dagoeneko txuriurdin berriak eta «egunero zer edo zer ikasteko aukera dagoela» esan die «eta eskenatoki ezinhobean gaudela ere. Reala klub egonkorra da, baliabideak, bitartekoak, instalazio berriak, profesionalak, talde tekniko ona..., dituena. Testuinguru ezinhobea hobetzeko, lan egiteko eta profesionala sentitzeko. Baloratu behar da eta probilegiatua sentitu. Izan ere, emakumezkoen futbola oraindik hazten ari da eta ez da erraza horrelako testuinguru bat aurkitzea».
Baliabide guzti horiei etekina ateratzea izango da Castilloren lana eta «oso ilusionatuta» ekingo dio. «23 urte eman ditut Valentzian baina ‘giputxia’ naiz, eibartarra, eta superiusionatuta eta superpozik nago proiektu gipuzkoar honetan egoteagatik. Proiektu polita da eta nire aletxoa, nire kronpromisoa eta egokitzeko gaitasuna eman nahi ditut. Levantetik nator, klub handi batetik, bertan alderdi lan guztietatik pasatu naiz eta horrek begirada desberdina izatea eragin dit, zabalagoa, eta talde-lanerako garrantzitsua den egokitzeko gaitasun hori izatea. Hemen Garbiñerekin batera egingo dut lan eta ez daukat zalantzarik lan-talde handi bat egingo dugula».