NAIZ

Araba eta Nafarroatik igaroko den goi-tentsioko linea gelditzeko eskatuko du EH Bilduk Senatuan

EH Bilduk Senatuan eskatuko du Araba eta Nafarroa zeharkatuko lukeen Forestaliaren goi-tentsioko linea geldiarazteko.

Forestaliaren goi-tentsioko lineak 165 kilometro hartuko lituzke.
Forestaliaren goi-tentsioko lineak 165 kilometro hartuko lituzke. (Gorka RUBIO | FOKU)

Forestalia enpresak Aragoitik Gasteizera eraman nahi duen goi-tentsioko linea geldiarazteko ekimen bat defendatuko du EH Bilduk espainiar Senatuan. Azpiegitura horrek Aragoin eraikitako hainbat energia berriztagarriren ekoizpen zentraletako energia Gasteizeraino eramango luke, Nafarroako lurraldearen zati handi bat eta Arabako hainbat udalerri zeharkatuz. 

EH Bilduk ebakuazio azpiegituren proiektuaren izapideak ez jarraitzeko eskatuko du Senatuan, «kalte konponezinak» eragingo dituelakoan. Horretaz gain, gogoratu du Euskal Herrian ez dagoen azpiegitura dela eta ebakuazio puntutik 165 kilometro baino gehiagora dagoela.

Koalizioak Senatuan defendatuko duen ekimen bera iazko urrian onartu zen Arabako Batzar Nagusietan aho betez; orduan proiektua baztertu zuten sortuko lukeen «inpaktuagatik eta eragin larriengatik». Nafarroako Gobernuak ere proiektua ez dela bideragarria uste du eta espainiar Gobernuaren baimena errekurritu du.

Josu Estarrona EH Bilduko senatariak adierazi duenez, ebakuazio lotuneetatik gertuen dauden energia sortzeko instalazioei eman behar zaie lehentasuna. «Ahalik eta energia burujabetza handiena lortzeko lan egin behar dugu, ahalik eta eremu geografikorik hurbilenean. Zentzugabekeria da ebakuazio lineak erabiltzea, garraio lineen ordez; horrek, besteak beste, azpiestazioek gertuagoko beste geltoki batzuetatik energia ebakuatzeko arazoak eragiten ditu», azaldu du Estarronak. 

Izan ere, erantsi du, Forestaliako linea errealitate bihurtuko balitz, Gasteizko azpiestazioek ezingo liekete erantzunik eman Arabako hiriburutik gertu dauden energia sortzeko beste proiektu batzuei.

Espainiar Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak argi berdea eman dio zortzi parke eoliko eta bi fotovoltaiko aurreikusten dituen proiektu honi, baita 165 kilometro inguruko ebakuazio lerroari ere. Gauzatuz gero, Nafarroako zati handi batetik eta Arabako udalerri hauetatik igaroko da: Asparrena, Donemiliaga, Agurain, Iruraiz-Gauna, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Gasteiz.