Kopa bero-bero dator. Final-zortzirenek Athletic eta Osasunaren arteko derbia ekarri digute. Alderdi ona, ikuskizuna eta giro bikaina egongo dela beteta espero den San Mamesen (19.30ean); alderdi txarra, ordea, bitako batek bakarrik lortuko duela final-laurdenetarako txartela eta bestea kanporatuta geratuko dela. Gauzak ondo, hurrengo kanporaketan bi euskal talde aritu litezke, beti ere Realak Rayo kanporatzen badu.
Athleticek San Mames betetzeko deia egin zuen asteartean eta Bilboko estadioa derbirako goraino apaindu egingo dela dirudi. Zuri-gorriak egungo txapeldunak dira eta horrek agian presio puntu bat ekar lezake. Dena den, etxean jokatzen dute, zaleen aurrean. Partida bakarrera jokatzen da kanporaketa hau eta, beraz, edozer gerta liteke.
Osasunak inork baino hobeto daki zer den Athletic Kopatik kanporatzea, eta San Mamesen gainera. Duela bi denboraldi egin zuen, finalerdietako itzulerako luzapenean, 116. minutuan, Pablo Ibañezek boleaz sartutako gol bati esker. Horrek finalerako txartela eman zien gorritxoei. Partida horretan, Nico Williamsek aukera pare bat galdu zituen eta ostegun honetan arantza kendu nahiko du ziur aski.
Aukera bat ere ez jokatzeko ditu Oihan Sancet nafarrak. Duela hiru aste Sadarren lesionatu zenetik, ezin izan da osatu, eta duda handia bazen ere, Ernesto Valverdek gaur arratsaldean konfirmatu du ez dela deialdian sartuko. Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta ere antzeko aritu dira, baina bi hauek osaturik daude dagoeneko.
San Mamesen egongo ez dena Ander Herrera da. Erdilaria Buenos Airesera iritsi da Boca Juniorsekin fitxatzeko. Taldeak ez du asko nabarituko bere hutsunea, azken bi urte eta erdietan ez baititu minutu asko eduki.
️ Ernesto Valverde, antes del #AthleticOsasuna
— Athletic Club (@AthleticClub) January 15, 2025
"Ambos equipos nos la jugamos. El partido tiene muchos alicientes" #AthleticClub 女 pic.twitter.com/m2Nn1vHzSv
Gauzak hala, Valverdek errotazio gutxi egin ditzake. Hori bai, Julen Agirrezabalak atean jarraitzea espero da, bera baita Kopako atezaina. Atzean, Oscar de Marcos, Dani Vivian, Aitor Paredes eta Yuri Berchiche egongo lirateke –edo osaturik dagoen Yeray defentsa erdian, Ada Boiro ezker hegalean Yuri zaintzeko eta Gorosabel eskuinean–; zelai erdian Jauregizar eta Galarretak jokatuko lukete; aurrerago Iñaki eta Nico Williams anaiak eta Berenguer; eta aurrean, Gorka Guruzeta.
Valverdek duela bi urteko partidaren «antzekoa» espero du bihar. Horrez gain, azpimarratu du orain, Vicente Morenorekin, Osasunak «Osasunaren antza duela». «Eta, Osasunak jokatzen duenera ikusita, askoz ere hobea da originala imitazioa baino. Osasunak beti ematen du aurpegia, atzean sartzen zaitu Budimir bezalako erdiraketekin; beti egin dute eta oso ondo gainera», gaineratu du.
Iñigo Cabacas Herri Harmailaren adierazpena
Bien bitartean, Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) adierazpen bat kaleratu du sare sozialetan jakinarazteko ez duela, ez animazioa koordinatuko, ez animazioan parte hartuko jasaten ari diren «errepresioaren» aurka Zuzendaritza Batzordeak irtenbide «sinesgarriak» eskaini arte.
Ggoraratzen dutenez, Ertzaintzak San Mamesen egindako karga «indiskriminatuak» zirela eta, animazioa bertan behera uztea erabaki zuten, «partida guztietan jasaten dugun errepresioa salatzeko eta Klubaren aldetik pairatzen dugun babes falta agerian uzteko».
Azken hilabete honetan partidarik ez zegoela ikusia, zenbait bilera eskatu zioten Athletici, aipatzen du ICHH taldeak, baina honen hilabete oso bateko «paralisia» eman ondoren, egindako lehen bileran «Klubeko kideek onartu dute azken partidetan Herri Harmailaren aurkako hainbat ekintza ez zirela zuzenak izan», jakinarazi dute oharrean.
Gertakari horiekin batera, ICHHk salatu du animazioaren dinamizatzaileek Ertzaintzaren zigor-espediente berriak jaso dituztela.
Osasuna, kanporaketarako prest
Talde gorritxoak, aldiz, Ligan daraman bolada txarrari amaiera eman nahi dio Kopan aurrera eginda. Duela aste batzuk Athleticen aurkako derbia galdu zuten eta horrek ilusio eta motibazio beste puntu bat emango die Vicente Morenoren jokalariei.
Denboradi honetan Atleticok bakarrik lortu du irabaztea San Mamesen, baina biharkoa partida bakarrera jokatzen den kanporaketa izanda, gauzak ezberdinak izango dira eta Osasunak ezingo du ezer utzi aulkian. Horregatik astearteko entrenamenduan ez zuten pistarik eman nahi izan eta asteazken honetan Sadarren egindako entrenamenduan ere gauza gutxi ikusi ahal izan ziren.
Argi dagoen bakarra da Bryan Zaragoza ez dela Bilbora joango. Bere lesioa gaindituta taldearekin normaltasunez entrenatzen hasi bada ere, prestatzaile gorritxoak ez du presarik eta nahiago du %100ean egotea datozen konpromiso garrantzitsuetarako; Rayoren aurka igandean eta Las Palmasen kontra ondoren.
«Bryan ez dago behar bezala deialdian sartzeko. Egia da oso ondo eboluzionatzen ari dela eta oso azkar doala, baina mundu guztia ados jarri behar da: jokalaria, medikua eta entrenatzailea», adierazi du Vicente Morenok atariko prentsaurrekoan.
✅ Listos para el #AthleticOsasuna#CopaDelRey pic.twitter.com/hUgAV4DcOh
— C. A. OSASUNA (@Osasuna) January 15, 2025
Osasunak bidaia luzeak izan ditu aurreko kanporaketetan: Chiclana, Ceuta eta Tenerife, eta denetan garaile atera da, hamar gol sartuz eta beste hiru jasoz. Kopa begi onez ikusten da urtero Iruñean, are gehiago duela bi urte finalera iritsi ostean –Real Madrilen aurka galdu zuten–.
Arantza hori kentzeko beste pauso bat eman nahi dute bihar Bilbon. Duela bi denboraldi luzapena behar izan zuten bi taldeek Pablo Ibañezek gola sartu arte. Biharkoan beste lehia orekatua espero da.
Hori bai, Vicente Morenok «90 minutuen barruan irabaztea» nahi du. Hori bai, garrantzia eman dio San Mamesen, etxetik kanpo, jokatzeari; izan ere, «kanporaketa Sadarren jokatzea gustatuko litzaidake», onartu du, «kanporaketa gainditzeko aukera gehiago daudelako. Etxean oso indartsuak gara. Zorionekoak gara honelako partida bat bizitzeagatik».
Eta estatistikak onak dira Osasunarentzat. Bilbora egin dituzten azken zazpi bisitetan, lehia bakarra galdu dute. «Beti begiratzen dituzu estatistikak, are gehiago zure onurako direnean edo positiboak direla uste duzunean. Ea betetzen den, baina partida bakarrera jokatzen den kanporaketa bat da eta irabazi beharra duzu», azpimarratu du Morenok.
Azkenik, estrategia jokaldiei eta Athleticen partida «hasiera agresiboari» garrantzia eman zion prestatzaileak.