Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Erronka gogor bezain erakargarriarekin itxiko du Athleticek lehen itzulia

Zuri-gorriek Bartzelonaren bisita hartuko dute larunbatean San Mamesen. «Mina egiteko aukerak izango» dituzte, Katedralean lehen aldiz jokatuko duen Leire Bañosen esanetan.

Leire Baños, Athleticek San Mamesen antolaturiko Media Day-an.
Leire Baños, Athleticek San Mamesen antolaturiko Media Day-an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Athleticek lehen itzulia itxiko du larunbatean jardunaldia Txapeldunen Ligan amaitzeko aukerekin. Ez da behar baldintza gehiagorik asteburua gorriz azpimarratzeko, baina egutegiak eta klubak are bereziagoa bilakatu dute hitzordua, zuri-gorriek Bartzelonaren kontra jokatuko baitute San Mamesen.

Aurkariak hirugarren postura igotzeko aukerak dezente, ia erabat, murrizten ditu baina dentista urtero bisitatzea sahieztezina denez, zer hoberik ahalik eta eszenatokirik onenean egitea baino. Bertan hitz egin dute asteazken honetan prentsarekin larunbatean berdegunean egongo diren futbolarietako askok. Besteak beste, Katedralean lehen aldiz jokatuko duen Leire Baños. «Oso berezia» izango dela onartu du. «Estadioetan jokatu dut, baina horrelako estadio batean ez eta ilusio handiarekin eta oso motibatuta nago», azaldu du.

Ilusioa ez da epeltzen aurrean «munduko talderik onena egongo dela» jakinda ere. Batez ere, «guk ere ziur mina egiteko aukerak izango ditugula badakigulako», esan du Bañosek.

Irundarrak badaki zer den gorri-urdinekin berdintzea, iaz lortu baitzuen Levanteren kamisetarekin. «Garaipen bat bezala ospatu genuen –gogoratu du–. Egia da partida zaila izan zela, eutsi behar izan genuela, baina azkenean puntu bat lortu genuen eta oso pozik amaitu genuen». Oraingoan emaitza on bat lortzeko, eta Bartzelonaren kontra partidak oso luzeak badira ere, neurketaren hasieran egon daiteke gakoa. «Nere ustez, lehen hogei minutuak aguantatu behar ditugu. Intentsitate handiarekin hasten dira beraiek eta golak sartzen dituzte eta nik uste dut hogei minutu horiek aguantatzen baditugu, gero gure aukerak izango ditugula, baloia hartzeko aukera izango dugu eta mina egin diezaiekegu».

Saria bikoitza izango litzateke punturen bat lortuz gero, Athletic bete-betean sartuta baitago Europarako txartela lortzeko borrokan. Agian, helburu handinahiegia zirudien denboraldi hasieran baina jokalari gipuzkoarrak ez du horrela ikusten. «Nik beti esan dut hona etorri naizela taldeari laguntzera, klubari laguntzera hor goian egotera. Athletic klub historikoa da emakumezkoen futbolean eta hori berreskuratzea, klub historiko hau berriro goian egoten laguntzea da nere helburua», esan du.

Neskatila bat besterik ez zen Daniela Agote Athleticek trofeo bat azkenengo aldiz ospatu zuenean. 18 urte besterik ez ditu, izan ere, eta lehen taldearen atea jotzen duen belaunaldi berri baten ordezkari nabarmena da. Aurten egin du debuta, gola sartzea ere badaki zer den eta, noski, larunbatekoa San Mamesen jokatuko duen lehen partida izango da.

Dena da berria aurrelari bizkaitarrarentzat, gaur antolatu den Media Daya ere, eta «denak sortarazten du zirrara», onartu du, irrifarretsu. «Baina zelaian, behin jokatzen hasita, nerbioak pasatzen dira».

«Gogoak» ditu Agotek, urduritasuna baino gehiago, Katedralaren soropila zapaltzeko. «Amets bat da. San Mamesen jokatzea, Bartzelonaren kontra, familia ere etorriko da… Ezin da gehiago eskatu». Edo agian bai, aurrelariak «ginga jartzearekin» ere egiten baitu amets, «oso partidu zaila, zailena seguruenik, izango» dela onartu arren. «Baina partida on bat egiteko prestatzen ari gara. Denok batera lan egin behar dugu, intentsitate eta konzentrazio handiak izan behar ditugu. Dena ondo egiten badugu, gure aukeran izan ditzakegu. Badakigu sufrituko dugula baina disfrutatzea ere espero dugu».

Zubietak ez du jokatuko

Harmailan sufritu eta disfrutatu beharko du Maite Zubietak, klubak jakinarazi duenez ezin izango baitu partida jokatu. Erdilariak ezin izan zuen Espanyolen kontrako norgehiagoka amaitu eta probetan ikusi denez, 1. mailako lesioa dauka ezker hankako muskulatura ikiosurialean.

Ez da arazo txikia David Aznarrentzat, Zubieta bere konfiantza osoko futbolaria izateaz gain, entrenatzaileak jarraipena ematen ari zaion defentsaren jokalari finkoa bihurtu baita.