Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Pietro Vidi gazteak ezustekoa eman du trad-eko ‘Tribe’ bidean

Nahiz eta estilo horretan eskarmenturik ez duen, 22 urteko italiarrak Cadaresen (Italia) dagoen eskalada tradizionaleko marra horren hirugarren igoera sinatu berri du. Antza denez, trad-eko munduko ibilbide gogorrena da.

Eskalada tradizionaleko ‘Tribe’ bidearekin egoera oso bitxiak gertatzen ari dira. Duela bost urte, Jacopo Larcher italiarrak Cadareseko bide horri puntu gorria jarri zion. Lehen bitxikeria da eskalatzaileak ez zuela zailtasunaren inguruan proposamenik egin. Halere, aditu ia guztiak bat etorri ziren: ‘Tribe’ trad-eko munduko marrarik gogorrena da.

Izan ala ez izan, kontua da Larcherrek egundoko lana egin zuela proiektu hori biribildu ahal izateko. Borroka handia egiteaz gain, bikain kudeatu behar izan zuen arriskua: ‘Tribe’-n tresneria egokia kokatu eta bere burua ondo babestu. Azkenean, lehena izan zen ibilbide hori erorikorik gabe igotzen. Denen ahotan 9a maila du; hots, trad-eko munduko lehen ibilbidea litzateke.

Italiarrak ez zuen proposamenik egin; ezta lehen errepikatzaileak ere. Urte eta erdira, eskalada tradizionaleko espezialista handi batek, James Pearson britainiarrak, lehen errepikapena egin zuen. Honek ere ez zizkion zenbaki eta letra bana ipini ‘Tribe’-ri; alegia, ez zuen proposamenik egin. Alabaina, Pearsonek onartu zuen estilo horretan eskalatu duen biderik gogorrena izan dela. Bideo horretan, eskaladaren irudiez gain, Larcherrek zein Pearsonek ‘Tribe’-ren inguruan luze eta zabal hitz egiten dute.

Bigarren bitxikeria Pietro Vidiren eskutik heldu berri da. 22 urteko eskalatzaile italiarrak bigarren errepikapena egin du. Gaztea da eta oso sasoiko dago, baina, aipatu ditugun beste bi protagonistek ez bezala, Vidik ez du eskarmenturik eskalada tradizionalean. ‘Tribe’-ren hirugarren protagonistak ere ez du ezer aipatu marraren zailtasunaren inguruan.

Helburu hori sinatu bezain pronto honakoa esan zuen bere sare sozialetan: «Azken hilabetean erabat itsututa egon naiz ‘Tribe’-rekin. Arrokazko zati horrek guztiz suntsitu nau. Azken mugimendu gogorra gainditu ondoren, egundoko lasaitua hartu nuen. Bide batez, pena handia hartu dut bidaia ero hori amaitu delako».

Ustekabea

Aurreratu dugunez, Vidik ez zuen orain arte trad-ean eskarmenturik. Bere ibilbidea boulderrarekin lotuta dago; arrokan zein lehiaketetan. Harkaitzari dagokionez, makina bat 8c igo ditu. Maila bat gorago, azpimarratzekoak dira ‘Flow state’-ren lehen igoera eta ‘Fuck the sistem’, Biak al biak 8c+ zailtasunekoak.

Duela urtebete, Val Baonan eskalada tradizionala ezagutu zuen. Eta han bertan bere lehen bide luzea egin zuen. Iazko maiatzean, berriz, Cadarese lehen aldiz bisitatu zuen. ‘Tribe’-ren inguruan hitz egin zioten, eta ibilbide hori ezagutzera hurbildu zen: «Lehen mugimenduak probatu bezain laster, harrapatu ninduen. Neure buruari esan nion ahalik eta azkarren itzuli behar nintzela. Irailean baldintza onak zeuden, eta aurrerapen oso interesgarriak egin nituen. Bizpahiru eguneko ekinaldietan, adibidez, bidea bi zatitan egiteko aukera izan nuen».

Aipatu duen progresioak lurretik hasita lehen saioak egitera bultzatu zuen. Baina ilusio hori oso azkar zapuztu zen; izan ere, espero zuen baino askoz ere gogorragoa iruditu zitzaion. Batetik, jarri behar zuen tresneriarekin ez zegoen ohituta. Eta bestetik, zati batzuk oso-oso teknikoak direnez, kosta egin zitzaion behar bezalako jarrera hartzea. Ondoren, ‘Tribe’ busti egin zen; ia hilabete oso bat. Horrek guztiak zeraman erritmoa mantsotu zuen, eta ekinaldiak erdizka geratu ziren.

Bidearen lehen zatiari dagokionez, Vidik dio 7a mailako plaka bat dela eta babesteko ez dela batere egokia. Sekzio horretan, lurretik bost metrora, bi blokeatzaile jarri zituen: «Ez dira fidagarriak; uste dut eroriko batek askatuko lituzkeela. Hiru metro gorago mugimendu gogor batzuk gainditu behar dira. Zortzi metrora zaude, eta buruak esaten dizu hobe dela erorikorik ez izatea. Ondorengo metroak, aldiz, ondo babesten dira, baina bidearen giltza duzu aurretik. Oso-oso teknikoa da, eta heldulekuak kamutsak dira. Bi eguneko lana behar izan nuen giltza hori ondo ulertzeko eta gainditzeko; erabat fresko heldu behar zara! Tarte horren azken bi mugimenduetan hamar aldiz erori nintzen».

Hamar eguneko saioak egin ostean, gazte horrek, ezustean, ‘Tribe’-ren bigarren errepikapena egin zuen. Vidik onartu du eskalada tradizionalak harrapatu duela. Baina momentuz muturreko zailtasuna duten boulderreko helburuetan murgilduko omen da: «Hori da une honetan gehien motibatzen nauena. Hala eta guztiz ere, aurreratu behar dut trad-eko ‘Bon Voyage’ (9a, Annot) ikusi eta nire zerrendan jarri dudala. Eta, agian, heldu den udazkenean Yosemitera joango naiz ‘Meltdown’ (8c+) probatzera».