Kopako atsekabea ahaztuta, indartsu jarraitzen du Athleticek Ligan (1-2)

Hamaikakoan aldaketa asko eginda, talde zuri-gorriak merezita menderatu du Celta Balaidosen. Berenguer eta Vivian izan dira goleatzaileak bigarren zatian, Hugo Alvarezek partidari emozio apur bat eman aurretik.

Berenguerrek aurreratu du Athletic 62. minutuan.
Berenguerrek aurreratu du Athletic 62. minutuan. (ATHLETIC)

Ostegunean Kopan kolpe gogorra jaso arren, Athleticek Ligan erakusten ari den sendotasunari jarraipena eman dio Balaidosen, Celta 1-2 menderatuz. Jada 39 puntu dituzte Ernesto Valverderen mutilek, Bartzelona harrapatu dute sailkapeneko hirugarren postuan, eta Txapeldunen Ligarekin amesteko aukera gero eta nabarmenagoa da.

Hiru egun lehenago Kopako partida gogorrak jokatuta –luzeagoa eta beranduago Celtarena, luzapen eta guzti Real Madrilen aurka Bernabeun–, bi entrenatzaileek aldaketa asko egin dituzte hamaikakoetan. Ernesto Valverdek Gorosabel eta Adama Boiro sartu ditu hegaletan, Prados eta Galarreta euskarri bikoitzean, eta aurrean Berenguer eta Unai Lopez jarri ditu; Claudio Giraldezek bost gizoneko defentsa lerroa osatu du, Yoel Lago gaztea sartuz, eta Starfelt, Moriba, Mingueza edota Hugo Alvarez bezalako jokalariei atsedena emanez.

Aldaketak nabaritu egin dira jokoan, eta bi taldeei asko kosta zaie jokaldiak jostea. Hala ere, Athletic nagusitzen joan da lehen zatiak aurrera egin ahala. Alex Berenguer nafarrak bi abisu eman ditu lehen ordu laurdenean, baloi arriskutsu bat moztuz lehenik eta atzetik iritsita egindako erremate on batekin ondoren.

Eta ondoren beste hiru aukera argi ere izan dituzte zuri-gorriek. 16. minutuan Nico Williamsen erdiraketa bat atera joan da eta Guaitak azken unean eragotzi du gola; 25. minutuan Berenguer izan da buruz Galarretaren erdiraketa on bat errematatu duena gutxigatik kanpora; eta 36. minutuan Beñat Pradosen jaurtiketa bikainari erantzun ikusgarria eman dio Vicente Guaitak.

Beste munduko jokorik erakutsi gabe Athletic askoz gehiago izan da lehen zati horretan, Celtak ez du ia arriskurik sortu Unai Simonen arean, eta zale bilbotarrek bazituzten baikor izateko arrazoiak bigarren zatiari begira.

Eskuin hegaletik

Bigarren zatian Mingueza eta Hugo Alvarez atera ditu zelaira Giraldezek, Cervi eta Williot kenduz eta ezker hegala erabat berrituz. Egia da lehen minutuetan hobeto aritu dela etxeko taldea, baina Celtak oso garesti ordaindu du gero bere entrenatzailearen apostua.

Izan ere, Athleticen eskuin hegaletik iritsi dira zuri-gorrien bi golak. Aurrenekoa Alex Berenguerrek sartu du 62. minutuan. Nico Williams izan da baloia eskuin hegalera ireki duena, Iñaki bere anaiak egin du erdiraketa, eta atzetik indartsu sartuz Berenguerrek baloia sareetara bidali du. Indarra eman dio golak talde bizkaitarrari, eta orduan iritsi dira bisitarien minuturik onenak.

Nicoren pare bat aukeraren ondoren, 71. minutuan bigarrena egin du Athleticek, berriz ere eskuin hegalean sortutako jokaldi bati esker. Iñaki Williamsek Gorosabelen sarrera ikusi du, arrasatearraren erdiraketa Unai Lopezek errematatu du lehenik, eta lehen saiakera hori Guaitak gelditu duen arren, Dani Vivianek aldaratzea baliatu du 0-2koa egiteko.

Emaitza horrek lasai jokatzeko aukera eman behar zion Athletici, Celtak ez duelako ia arriskurik sortu partida guztian, baina ia hurrengo jokaldian Adama Boirok huts handia egin du bere area barruan eta baloia aukera-aukeran utzi dio Hugo Alvarezi aldeak murrizteko.

Azken minutuetan Celta kale edo bale joan da erasora, eta Athletici apur bat sufritzea tokatu zaio. Valverdek Vesga, Guruzeta, Yuri eta De Marcos atera ditu taldea freskatzeko eta zuri-gorriak gai izan dira markagailuari eusteko.

Athleticek 11 partida daramatza Ligan galdu gabe –azken porrotak Superkopan eta Kopan iritsi dira–, 80ko hamarkadatik ezagutzen ez zen bolada ona da hori, eta Txapeldunen Liga jokatzeko txartela gero eta hurbilago dute bizkaitarrek. Hori bai, atsedenik ez dute izango, asteazkenean Europa Leagueko neurketa jokatu behar baitute Turkian, Besiktasen aurka (16.30).