
«Kalerik kale, danborra joaz, umore ona zabaltzen hor dihoaz». Neskak eta mutilak, aitak eta amak, amonak eta aitonak... guztira 22.736 laguneko tropa baketsua kalera ateratzen hasi da gauerdi honetan Donostia. Inoizko jende multzo handiena, 167 konpainiatan banatuta. Danborrak, barrilak eta txarangak ez dira isilduko hurrengo gauerdian bandera jeitsi ondoren ere, oraindik pare bat orduz ibiliko baitira kalez kale, jo ta fuego.
Konstituzio Plaza mukuru beteta zela hasi da Donostia Eguna, azken prestaketekin eta motorrak berotzen Donostian oso girotuta egon den asteburu bati segida emanez. Aurpegi berri baten eskutik piztu da festa: osasun arazoak tarteko Gaztelubideren Danbor Nagusia ez da aurten Jose Ramon Mendizabal ‘Mendi’ izan, Gonzalo Aldanondo baizik.
Ohi bezala, aldarrikapen askotxo ageri da plazan. ‘Independentzia’, ‘Euskal Herria askatu’, ‘Nazioa gara’... 12etako kanpaiak jo baino segundu batzuk lehenago, argi guztiak itzali dira plazan, eta isilune motz batean ostean dena sutu da: argiak, hotsa, dantza, jaia bera.
Hortik aurrera, isiltasunerako tarterik ez da izan Donostia osoan, goizaldeko ordu pare bat kenduta. Lotarako aukera handirik ere ez, jakina.
Gaua epel samar joan da, aurreko egunetako hotzaldia gaindituta, tarteka euri pixkat bat bota duelarik. Baina garrantzitsuagoa dena, ez da euri tantarik espero eguerdian, Haurren Danborradarako: aurten lasai igaro daiteke itxaronaldia, beraz, zerura begiratzeko beharrik gabe.
Helduen danborrada inoizko jendetsuena izango bada, ezin da honetaz gauza bera esan. Bilakaera demografikoak agintzen du. Duela sei urte 5.000 umetik gora atera ziren kalera, baina aurtengoan 4.625 izango dira. Hiru ikastetxe gutxiago ere bai, batek ateak itxi baitu, eta beste bi, hirugarren batekin elkartu.
Haurren festa hasi bezain pronto, Udaletxe barruan Urrezko Danborra banatzeko ekitaldi ofiziala abiatuko da: zinemagintzan lorpen handiak eskuratzen ari den Moriartiri egokitu zaio aurten.
«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

EH Bildu postula a Euskal Herria como «nación de libertad» y ve factible un nuevo «campo base»

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón
