
Donald Trump Estatu Batuetako presidentea da berriz ere, Joe Bidenen lekua hartuta. Kapitolioaren barruan hartu zuen kargua atzo, Washingtoneraino joandako milaka jarraitzaileak lagun. Errotonda dotorearen azpian, eta Joe Biden ordurako presidente ohia metro bakarrera atzean zeukala, bere ezkerretara. Eskuinean familia zeukan.
Bere aurrean ez zituen, ohi bezala, dozenaka mila lagun izan National Mall-eko lau kilometroetan, eguraldiagatik Kapitolio barrura ekarri baitzen ekitaldia. Aretoan zeukan entzule-talde hautatuan Trumpek izendatutako Gobernuko kideak eta beste gonbidatu batzuk zeuden, Txinako presidenteordea eta Indiako Atzerri ministroa esaterako, eta munduko eskuin muturraren ordezkari ugari tartean. Lehen lerroan, Exekutiboko kideak baino aurrerago eserita, Meta, Amazon eta X enpresa teknologikoetako buruak jesarri ziren, konpainia horiei eta sare sozialei eman dien garrantziaren adierazgarri. Elon Muskek besoak igo zituen garaile, Trumpek Marten AEBko bandera jarriko duela iragarri zuenean.
Uneak, lekuak eta karguak eskatzen duen solemnitatea eta protokoloa laster baztertuta, diskurtsoan bertan ekin zion Trumpek Joe Bidenen agintaldia egurtzeari. «Establishment ustel eta erradikalak» eragindako konfiantza krisiari aurre egin beharra zegoela azpimarratu zuen presidente berriak. Bidenen gobernuari legez kanpo iritsitako «gaizkile arriskutsuei babesa ematea leporatu zion, eta «atzerriko mugen defentsarako mugarik gabeko finantzaketa» zegoen bitartean, bertakoa ez defendatzea leporatu zion. Ez zen Trumpen gezur bakarra izan. Inoiz baino inflazio handiagoa izan zela esan zuen (%2,89an dago, eta 2022an %9ra iritsi bazen ere, errekorra 1920an dago: %23).
Duela zortzi urte, “America First” (AEB lehendabizi) leloak indar handiagoa izan zuen ziur aski, iritsi berriaren energiaz zetorrelako. Baina ordukoa baino ideia argiago eta plan zehatzagoekin sartu da Etxe Zurira Donald Trump orain; besteak beste, erabat esaneko zaion eta muturreko ideia bera partekatzen duen talde batez inguratuta. Inaugurazio-hitzaldian esandakoak lehen aldiz entzun balitu inork, zur eta lur legoke. Baina asteak eta are hilabeteak dira planok iragartzen diharduela, inor ezustean ez harrapatzeko moduan.
Hala, Kapitolioko diskurtsoan ere, berehala eman nahi dituen zenbait urrats azaltzean, immigrazioa izan zuen gai nagusi; hala, immigranteak mugara bidaltzea aipatu zuen, baita droga-kartel batzuk atzerriko erakunde «terrorista» deklaratzea ere. Mexikoko mugan larrialdi-egoera deklaratuko duela esatean errepublikano guztiek zutik egin zioten txalo, baita demokrataren batek ere.
Hitzaldiaren erdira iritsita, Etxe Zuriak, Trumpen izenaren ordurako, oharra atera zuen lehen agindu exekutiboak zehaztuz. Immigrazioaz gain, energiari buruzko neurriak ere badakartza: Parisko klimaren akordiotik irtetea, parke eolikoetarako lur gehiagorik ez, eta Bidenen «estremismo klimatikoko politikak» amaitzea, meatzaritzan eta erregai fosilen ekoizpenean erregulazioak biguntzeko. «AEB manufakturako nazio bat izango da berriz ere», dio, eta «lurrean petrolio eta gas natural gehien daukan nazioa da, eta erabiliko dugu».
«Estatubatuar balioen itzulera» ere badakar oharrak: zehazki, «gizonak eta emakumeak errealitate biologiko» ezartzea eta Estatu Batuetako «mugarriak gure nazioaren historia egoki ohoratzeko izendatuko dira». Zehazki, Mexikoko golkoari, «Amerikako golko» (hau da, AEBko) deitzea agindu zuen Trumpek, eta Alaskako Denali mendiari (Ipar Amerikako garaiena) izen indigena kendu eta McKinley presidentearena ezartzea berriz.
Izan ere, etengabeak izan ziren Trumpen diskurtsoan AEBko cowboy mito anti-indigena eta inperialistaz betetako printzak. «Lurraldea handitzea» agindu zuen, Manifest Destiny sinbolo kolonialista aipatu, eta Panamako kanala hartuko zuela iragarri zuen, «egun Txinak kudeatzen duelako» (gezurra da hori ere). Groenlandia, behingoagatik, bakean utzi zuen.
Jarraitzaileak kalean
Washingtonen eguerdia eta Euskal Herrian arratsaldeko seiak zirenerako zegoen jarrita hitzordua. Une zehatz horretan gauzatzen da aginte-aldaketa, Konstituzioaren arabera. Baina ospakizun trumpistak lehenago hasi ziren, asteburu osoan Donald Trumpen 200.000 jarraitzaile zenbatu baitituzte egunotan AEBko hiriburuan. Horietatik 20.000k lortu zuten Capitol One Arenan sartzea. Bezperan «garaipenaren ospakizuna» izan zen legez, atzo ere hantxe jarri zuen Trumpek Washingtoneraino joandako dozenaka mila ultren topagunea. MAGA mugimenduko txano gorriekin asko, baina baita Trumpen inguruan eratutako merchandising izugarriarekin ere beste asko: «Jainkoa da nire salbatzailea, Trump nire presidentea» zioena, esaterako. Ez ziren falta milizia supremazisten ikurrak, ez eta Hegoaldeko konfederatuenak ere.
Goizaldetik, ilara luzeak egon ziren Capitol One-ra zihoazen kaleetan. Barruti federala dozenaka kilometro hesirekin itxita egonik, jarraitzaileak gidatzea ere errazago izan zitzaien segurtasun-indarrei. Etxegabeei (gehienak beltzak, etorkin latinoak ere ez gutxi) jana eta babesa ematen dien St Patrick eliza katolikoaren aldamenetik zihoan ultraeskuindarren ilaran Jesus salbatzailearen afixak eta migratzaileak deportatzearen aldeko mezuak tartekatzen ziren. «Mugan ordena behar dugu, kanpora hemengoak ez direnak», zioen Missouritik etorritako Johnek. Caroline Texastik iritsi zen, antzeko mezuarekin, «ilegalak deportatu ditzala berehala».
«Gure herrialdea berreskuratzeko ordua da, eta hirietan ordena jartzeko. Gaiztoak hartu eta kanpora bota», zioen Kaliforniatik etorritako Mikek. Ipar Carolinatik etorritako neska-talde batean, Jennifer ikasleak «Trump maite dugu», zioen, «eta hori adieraztera etorri naiz. Lider gogorra, hori da behar duguna». Gehienek aipatzen dute muga ixtea eta deportazioak. Washingtonen aurka ere mintzo dira batzuk, «jendearengandik aparte bizi dira hemengo politikariak, etxera joateko ordua dute».
Roberto, «gay-a eta etorkina» berak espainieraz azaldu zuenez, Trumpen kargu-hartzea ospatzera Floridatik etorritako venezuelarra da. «Badakit batzuek dena zaku berean sartuko dutela, baina ziur naiz jakingo duela bereizten lanera etorri direnak eta muga delituak egiteko pasa dutenak», adierazi zuen.
Kapitolioaren inguruan ere ageri ziren txano gorri batzuk, eta National Mallen bertan dozenaka lagun elkartu ziren. Batzuk kexu ziren zeremonia-aldaketagatik, hotza ez zelakoan hainbesterako. Egun eguzkitsu eta hotzean une horretan jausi ziren maluta gutxi batzuk. Mugikorretatik jarraitu zuten ekitaldia, pantaila handiak erretiratuta baitzeuden, eta kanoikadek Trumpen kargu hartzeko zinari jarraitu ziotenean, txaloz lehertu ziren, “U-S-A” oihukatzen zutela.
«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako 'kokoak' topatzen joango gara udaran»

Si el futuro es China, ¿qué hacer hoy?

EH Bildu postula a Euskal Herria como «nación de libertad» y ve factible un nuevo «campo base»

Un fallecido y una herida grave, vecinos de Zornotza, en un accidente en Aragón
