Baztango Ernaik agerraldia egin du larunbat honetan Lekarozen, 2021ean Aroztegiko lurretan obrak geldiarazteagatik otsailaren hasieran zazpi lagunen aurka hasiko den epaiketaren harira. Epaiketa bera salatu eta auzipetuei babesa adierazteko manifestazioa egingo da hilaren 1ean Iruñean, eta bertara joateko dei egin diote Euskal Herriko gazteriari, 15.50ean Intsumisioaren parketik aterako den Gazte Blokean.
Azaldu dutenez, epaituko dituzten zazpi baztandar horietatik lau gazte antolakundeko militanteak dira. Ernairen ustez, «ez da kasualitatea» zazpi pertsona horiek auzipetuak izatea; «herri zein gazte mugimenduetan duten inplikazio politikoa da epaitu nahi dutena».
Agerraldian nabarmendu dutenez, auzi hau «ez da kasu isolatua. Sistema kapitalista, ekozida eta zisheteropatriarkatuari mesede egiten dion aurrekari bat sortu nahian dabiltza eta herri mugimendua kriminalizatzera joko dute hemendik aitzinera». Horren adibidetzat aipatu dituzte beste kasu batzuk, isunak jaso dituzten Ernaiko 133 kideak kasu, edota Marieniako auzia (otsailaren 11n epaituko dituzte).
Ernairen iritziz, auzi hau «ez da ausazkoa izan; ehunka lagunek parte hartu zuten kanpaldi batean 7 pertsona soilik auzipetu izanak, militantzia politikoan aritzeagatik eta herri mugimenduan parte hartzeagatik epaituak izanen direla argiki adierazten du. Agerikoa da militantzia politikoa kriminalizatzea dutela helburu, herria beldurtu eta kikildu nahian».
Ohartarazi dute, hala ere, «ez gaituzuela isilduko, gero eta gehiago gara, eta Euskal Herri hobe bat gazte borrokaz eraikitzeko prest gaude».
Horrekin batera, argi utzi nahi izan dute Baztan «ez dagoela salgai. Gure lurra eta komunitatea babesteagatik jasandako errepresioa ezin dugu ulertu ez bada sistema kapitalista-ekozida honen baitan etekin ekonomiko mugagabeak lortzea helburu duelarik».
Ernairen aburuz, «argi dago handik eta hemendik sos bila dabilela Palacio de Arozteguia S.L. enpresa, lehen proiektuarekin, eta orain Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatu dizkieten 43 milioi euroko indemnizazioarekin».
«Bi gobernu hauek kantitate hori ordaindu ezean, Aroztegiko auziperatuen gain eror daiteke diru multzo hori ordaintzearen ardura, eta lurra eta herri borondatea babesteagatik hau ordaintzea onartezina dela adierazi nahi dugu», nabarmendu dute.
Agerraldian bildutakoek «ozen» aldarrikatu dutenez, «natura, herriak eta bizitza duinak erdigunean dituen Baztan bat eraiki nahi dugu», eta Euskal Herrian «proiektu txikitzaileen aurkako borrokan jarraituko dugu».
«Baztanek ez du Aroztegia bezalako proiekturik behar, Baztanek herritarrak erdigunean kokatuko dituen trantsizio ekosoziala behar du. Norabide horren kontra doan obra gelditu genuen, eta behar bada, berriro geldituko dugu», ziurtatu dute.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

54 urteko mendizale bat hilik aurkitu dute Aiako Harrian; Iban Apaolaza presoa da

Xabi Iraola 32 urteko igeldoarra proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokorra izateko
