NAIZ

Arabako kontzejuen autonomia eta finantzazioa defendatu ditu EH Bilduk

Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ponentzia abiatu zen Batzar Nagusietan 2023an. Hainbat eragile eta norbanakoren ekarpenak entzun ondoren, 1995etik indarrean dagoen Foru Araua eguneratzea dagokio Arabako Foru Aldundiari. EH Bilduk 23 ekarpen egin ditu, eta testu artikulatu berri bat ere proposatu du.

Ruth Ibisate eta Javier Argote Arabako EH Bilduko batzarkideak, Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ekarpenak egiten.
Ruth Ibisate eta Javier Argote Arabako EH Bilduko batzarkideak, Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ekarpenak egiten. (EH BILDU)

Arabako Kontzejuen Foru Araua aldatzeko ponentzia abian da 2023ko azarotik. 1995etik indarrean dagoen araua gaurkotzea dagokio Arabako Foru Aldundiari, eta horretarako hainbat eragile eta norbanakok egin dituzte ekarpenak, tartean EH Bilduk.

Ruth Ibisate eta Javier Argote koalizio abertzaleko batzarkideek prentsa agerraldian azaldu dutenez, EH Bildurentzat berebiziko garrantzia dute kontzejuek: «Herritarren egitura instituzional hurbilenekoa izateaz gain, herritarrek modu zuzenean euren ingurunean eragiteko duten gaitasunaren isla ere badira». Horregatik defendatzen ditu kontzejuen «autonomia eta finantzazio nahikoa bermatuko dituzten ekimenak».

Ikuspegi horretatik, kontzejuen figura defendatzeko eta bultzatzeko 23 ekarpen erregistratu ditu ponentziaren ondorioen txostenean, eta ekarpen horien filosofia jaso eta zehazten duen testu artikulatu bat ere idatzi du.

Adingabe gisa tratatzeari uztea

Oinarri gisa, Kontzejua izendapena erabiltzea proposatu du EH Bilduk, Tokiko Entitate Txikia izena baztertuta. «Helburua argia da: kontzejuak adingabe gisa tratatzeari uztea eta Arabako erakunde sarearen parte direla onartzea, beren eskumenekin eta beste edozein erakunderen eskubide eta betebehar berberekin», argitu du Argotek.

Horrekin lotuta, kontzejuek euren egitura administratibo propioa izatea proposatu du, hainbat kontzejuren artean parteka daitekeena. Horrek ahalbidetuko luke, esaterako, kontzejuak administrazio elektronikora egokitzea edota gardentasun-atariak sortzea, hautetsiei eragiten dien zama burokratikoa arintzeko. Ildo horretan, hautetsien prestakuntza bermatzea eskatu du, baita kontzejuetako administrazioko langileen prestakuntza ere.

Hautaketa prozesua

Hautaketa prozesuari dagokion ekarpenetan, EH Bilduk gastuak konpentsatzeko sistema ezartzea planteatu du, baita kontzejuetako karguak udal hautetsiekin parekatzea ere, euren lana egiteko laneko baimenak eskuratzeari dagokionez.

Kontzejuko edozein herritar hautatua izatea ere proposatu dute, inolako hautagaitzatan egon beharrik gabe. Azkenik, EH Bilduk proposatu du ‘auzokide’ figura ezabatzea eta, horren ordez, «eskubideak eta betebeharrak dituzten biztanleen eta bizikidetza-unitateen kontzeptuak soilik jasotzea».

Eskumenak zabaltzea

Kontzejuen eskumenak zabaltzea proposatu dute, esaterako, euren lurretan eragin duten hirigintza prozesuetan parte hartu ahal izateko, edota kontzejuek udalerriko ogasunean parte hartzea, bere administrazio-sistema propioa kontratatzeko beharrezko finantzazioa izan dezaten.

Auzolana da kontzejuetako ikurretako bat, baina EH Bilduren ustez, zehaztasuna falta da horren araudian: «Auzolanen arautzeak tokiko autonomia errespetatu behar du, eta herritarren parte-hartzea hartu ardatz gisa». Gaineratu duenez, istripuek izan ditzaketen ondorioak eta sor daitezkeen erantzukizun penalak aztertu behar dira.

Kontzejuen Funtzionamenduaren Jarraipenerako Arbitraje Batzordea sortzea ere proposatu du. Batzorde hori arloko diputatuak, teknikariek eta Kontzejuen Elkarte adierazgarrieneko ordezkariek osatuko dute. Helburu nagusia izango da kontzejuren baten funtzionamenduarekin egon daitezkeen desadostasun edo kexen aurrean bitartekari lanak egitea.

«Orain tokatzen dena da lan egitea eta gainerako batzarkide taldeekin hitz egitea, ahalik eta Foru Arau onena lortzeko. Hori bai, beti kontuan izanda kontzejuak toki erakundeak direla eta balioan jarriz interes komuna defendatzeko duten eginkizuna», adierazi du Ibisatek.