NAIZ

Guardianek labea asteazken honetan itzaliko duela berretsi du eta auzitegiak ez du eragotzi

Asteazken honetan itzaliko dira Laudioko Guardianeko labeak; hala izango dela berretsi du enpresak, behintzat. Langileek greba mugagabea deitu duten arren, enpresak jakinarazi du «premiazkoa» dela labeak itzaltzea, ondorio «onartezinak» eragingo direlako bestela. Auzitegiak ez du neurririk hartu.

Guardian Glass enpresa, asteazken honetan labea itzaliko dute.
Guardian Glass enpresa, asteazken honetan labea itzaliko dute. (Endika Portillo)

Laudioko Guardian Glass enpresak berretsi du labeak itzaltzeko prozesua asteazken honetan abiatuko duela. «Premiazkotzat» jotzen dute labeak itzaltzea, «bestelako edozein maniobra legalek segurtasuna arriskuan jarriko lukete, eta instalazioetan kalte materialak eragingo lituzke», argudiatu du, eta horiek onartzeko ez dagoela «prest» gaineratu.

Hori ekiditeko aukera epaitegien esku ere bazegoen, ELAk kautelazko neurriak eskatu zituelako. Baina astearte honetan jakin denez, EAEko Auzitegi Nagusiak ez ditu ontzat hartu. Eta erabaki honen aurkako helegitea aurkezterik ez dela erantsi du, gainera.

EAEko Auzitegi Nagusiaren aburuz, «teknikoki epaitegiak ez du probarik labea itzaltzea itzulezineko neurria dela ondorioztatzeko. Enpresak jakingo du zein ondorio dakarren».

Osasun aldetik ere, ez dagoela itzaltze horren arriskurik frogatzen duen probarik esan du Auzitegi Nagusiak.

Labea itzali ondoren, multinazional estatubatuarrak lantegia itxiko du sei hilabeteko epean, eta, ondorioz, 171 langile kaleratuko ditu. ELAk eta LABek osatutako langile batzordeak atzo jakinarazi zuen ostegun honetan greba mugagabea abiatuko dutela.

Ohar baten bidez, enpresako zuzendaritzak labea itzali izana justifikatzeko arrazoiak azpimarratu ditu, eta langileen zein Lakuaren protesta eta kexen aurrean beraien «kezkak ulertzen» dituela gaineratu du.

Labea berehala hozteko arrazoia labearen egoera da konpainiaren arabera, kezka kritikoa labearen atzeko hormarekin lotuta dago, bertan erregogorraren goiko aldeko zati bat erori egin baitzen, eta eskuineko aldeko bloke gehienak nabarmen pitzatuta daudela azaldu du enpresak.

Gaur egungo egoerarekin, oso litekeena izango litzateke atzeko hormaren eremuan aldaketa termiko bat gertatzea, edo planifikatu gabeko gertaera batek labe barruko beira-fluxuak aldatzea, eta, ondorioz, euste-zulo bat sortzea, kontrolatzen zaila den beira-ihesa eta labearen egituran kalteak eragitea, «aurreikusi ezin den magnitude eta emaitza batekin, eta horrek segurtasun-arrisku handia dakar langileentzat».

Labearen egoera horren aurrean, konpainiak uste du hoztea urgentziaz egin behar dela, eta, beraz, urtarrilaren 29rako hozten hasteko data berretsi du. Azaldu duenez, planifikatutako hoztea «kontrolatutako prozesu bat» da, labearen baldintza kritikoen araberako irismen egokiarekin, segurtasun-neurri zorrotzekin eta prebentzio-protokoloekin egiten dena.

Lakua, langileei laguntzeko eske

Lakuako ordezkariekin bilera egin dute astearte honetan Guardian enpresako agintariek, Mikel Jauregi Industria sailburua barne. Eta bilkura horretan hau da Pradales Gobernuak lortu duen bakarra: labeari kalterik ez eragiteko konpromisoa enpresaren aldetik. Itzaltze prozesua «tentuz» egingo dutela esan omen diete, eta honela gailua etorkizunean berrerabil liteke.

Hau entzunda, langileei enplazamendua egin die Jauregi sailburuak, operazio honetan «lagundu dezaten. Ezinbestekoa da. Etorkizuneko inbertsioei aukera emateko modua da», esan du.

Osalan eta Industria eta Ingurugiro Sailaren teknikariak Laudiora bidaliko ditu Lakuak, prozesua «berma guztiekin» burutuko dela egiaztatzeko.

Labe hotza berreraiki liteke

Konpainiak berreraikuntzarako inbertsiorik aurreikusten ez badu ere, labe hotza ondorengo etapa batean berreraiki daitekeela aurreratu du. Guardianek Osalani (Laneko Segurtasun Institutua) eta Lakuako Lan Ikuskaritzari hozteko dataren berri eman die, hozte-prozesuari buruzko dokumentazio guztiarekin batera. Atzo, enpresa-batzordeko prebentzio-ordezkariak salatu zuen ez ziola planaren berri eman Osalani.

Zuzendaritzaren arabera, edozein alderdik aktibatu dezakeen legezko edozein maniobra, hoztea urtarrilaren 29an gerta ez dadin eta labea beroan mantentzera behartzeko edo data horretatik aurrera lan egiten jarraitzeko, «langileen segurtasunerako arriskua eta Guardianek onartu ezin dituen instalazioetako kalte materialak ekarriko lituzke», adierazi du. Guardianek «interesa duten alderdi guztien kezkak ulertzen eta kontuan hartzen ditu, baita Eusko Jaurlaritzarenak ere».

Administrazioen «borondate partekatua» 

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ziurtatu duenez, Guardian Glasseko zuzendaritzarekin astearte honetan izango duten bileran erakundeetako ordezkariak Laudioko lantegiko labea itzaltzeak dakarren «akatsaz» enpresa «konbentzitzen» saiatuko dira.

Gonzalezek, Foru Gobernu Kontseiluaren bileraren ondoren egindako agerraldian, konpainiak bihar, asteazkena, labea itzaltzeko prozesua hasteko hartutako erabakia izan du hizpide. Ahaldun nagusiak bere «harridura» onartu du Guardianek lantegia ixteko erabakia iragarri duen moduagatik, aurretik Foru Aldundiarekin edo Lakuarekin hitz egin gabe, eta gaineratu du hori ez dela «lurraldeko enpresek izan ohi duten jokabidea».

Administrazio guztien «borondate partekatua» berretsi du, Laudioko Udaletik hasi eta Lakuaraino, lantegia «erabat itxi ez dadin lan egiteko», eta horretarako bere esku dauden «neurri guztiak» hartuko direla.

Gonzalezek gogorarazi du «oso garrantzitsua» dela «enpresa historiko baten jarduerari eustea» lurraldean, baina enpresaren borondatea «funtsezkoa» litzatekela.

Lakuako ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak Guardian Glassi eskatu dio laneko arriskuen prebentzioaren arloan indarrean dagoen legedia bete dezala «une zail honetan, eta beharrezkoak diren segurtasun- eta osasun-neurriak ezar ditzala».

Mobilizazioak asteazken honetatik hasita

Bestalde, LAB sindikatuak Lan-ikuskaritzan salaketa jartzeaz gain, Osalanen eta Lan-delegaritzan ere eskaerak martxan jarri dituela azaldu du. Sindikatuaren ustez hainbat arrazoi daude labeak ez itzaltzeko, baina bi nabarmendu ditu: «Segurtasun irizpideak daude alde batetik, ez baita segurua ez langile, ez instalazio ezta agian herri eta ingurumenaretzat ere, presaka eta korrika horrelako labe eta instalazio bat amatatzea, inolako aurreikuspen eta protokolo argirik gabe. Eta bigarrenik, langileen oinarrizko eskubideak errespetatzen ez direla uste du LABek, ez baitira negoziatzeko oinarrizko irizpideak eta eskudideak errespetatzen».

ELA sindikatuak  ere Auzitegi Nagusiak labearen itzalaldia geldiarazteari uko egin izana deitoratu du. Eta salatu du asteazken honetan labea itzaltzeak «atzera bueltarik gabe» geldiaraztea dakarrela, Laudioko langileak «etorkizunik gabe utzita».

Ostegun honetan abiatuko duten greba mugagabeaz gain, egingo dituzten mobilizazioen berri ere eman dute sindikatuek, asteazken honetan goizeko 7.00etatik 10.00etara Guardianeko sarrera aurrean labea gelditu ez dadin elkarretaratzea egingo dute, eta ostiral honetan, urtarrilak 31, 18.00etan egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egin du sindikatuak.