NAIZ

Haurreskolak Partzuergoko grebak %85etik gorako jarraipena izan duela esan dute deitzaileek

Haur eskoletako langileen baldintzak hobetzeko greban dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Astearte honetan Eibarren mobilizatu dira, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean, eta asteazkenean martxak egingo dituzte hiriburuetan, 11.30ean Lakuaren Hezkuntzako ordezkaritzetatik abiatuta.

Haurreskolak Partzuergoaren protesta, Eibarren.
Haurreskolak Partzuergoaren protesta, Eibarren. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eskoletan deitutako grebak jarraipen zabala, %85etik gorakoa, izan duela jakinarazi dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. 1.500 haur hezitzaile eta kudeaketa alorreko langile daude lanuztera deituak. Hala ere, beste behin ere, Lakuak ezarritako «gehiegizko gutxieneko zerbitzuak» direla eta dozenaka langileri greba eskubidea ukatu zaiela salatu dute, batez ere haur eskola txikietako hezitzaileei. Ondorioz, protesta bera «baldintzatua» geratu da.

Aipatu dute astelehen arratsaldean greba zikloa bertan behera uzteko saiakera egin zuela Hezkuntza Sailak, «orain arte mahai gainean egon diren edukiak txertatuta zituen aurreakordio proposamena ekarriaz bat-batean deitutako mahai negoziatzaile batera».

%100eko babesa

Nabarmendu dutenez hainbat haur eskolak %100ean babestu dute greba, esaterako: Araban Gurutzmendi, Landaberde, Mariturri, Katagorri eta Bernedok; Bizkaian Mungia, Portugalete, Zaldibar, Bilboko Deustu eta Sanchez Marcosek; eta Gipuzkoan Urretxu Zumarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Deba eta Donostiako Bidebieta eta Ategorritxok.

Grebaren arrakastaren adibide garbitzat jotzen dute Eibarren ‘Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita!’ lelopean deitutako manifestazioan ehunka langile elkartu izana.

Sail berria, jokamolde zaharra

«Hezkuntza Sail berria dugu, eta honekin batera, Zuzendaritza Batzorde berritua. Azken urteetako jokamolde berbera dute, Haurreskolak Partzuergoaren langileon lan baldintzak arautzen dituen 2009ko lan hitzarmena berritzeko eduki nahikorik gabeko mahaiak deitu eta etengabe luzatzen dituztelarik», salatu dute.

Greba hauetako aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak mahai gainean jartzeko eskatu diete sindikatuek, besteak beste: «Lan zamak arintzea, gazteberritze plana negoziatzea eta adostea, erosahalmena berreskuratzea, enplegua egonkortu eta bermatzea,, ordezkoen lan baldintzak eta langile guztien lizentziak eta baimenak hobetzea eta lan osasuna, berdintasun eta euskara planak garatzea».

Asteazken honetan ere greba eguna izango dute Haurreskolak Partzuergoan eta elkarretaratzeak egingo dituzte Lakuaren Hezkuntza ordezkaritzetan, 11.30ean, Bilbon (Kale Nagusia, 85), Donostian (Andia, 13) eta Gasteizen (San Prudentzio, 18).