Kirol eskaladaren maila gorena (9c) helburu dutenen artean, Alex Megosen izena ezin dugu aipatu gabe utzi. Nahiz eta oso gertu ibili den, eskalatzaile alemanak, momentuz, ez du xede hori lortu. Ceuseko (Frantziar Estatua) ‘Bibliographie’-rentzat 9c proposatu zuen, baina hurrengo errepikatzaileek adierazi zuten hobe zela 9b+ zailtasuna zehaztea. Azkenean, Megosek bat egin zuen iritzi horiekin.
Bide batez aipatu behar dugu 9c zailtasuna soilik hiru eskalatzaileren eskuetan dagoela: Adam Ondra, Seb Bouin eta Jakob Schubert dira protagonistak. Diogun bezala, alemana maila horren inguruan dabil, eta Margalafera (Tarragona) egin berri duen azken bidaian beste behin erakutsi du kirol eskaladan protagonista nagusietako bat dela. Kateatu dituen ibilbideen artean azpimarratzekoa da ‘Tuareg blanco’-ren lehen igoera (9b/+). Hori gutxi ez, eta biharamunean ‘Mr Big’ (9a) flash eran sinatu zuen.
‘Tuareg blanco’-ri dagokionez, Megosek berak argitaratutako bideoan ikusten denez, bi bidaia behar izan ditu xede hori biribildu ahal izateko. Adrien Boulon frantziarrak ekipatu zuen, eta Ramon Julian katalana izan zen probatu zuen lehena. Gogor borrokatu zuen, baina ez zuen arrakastarik lortu. Will Bossi eskoziarra ere egon da muturreko mugimendu eta sekuentzia horiek probatzen, baina Julianek baino denbora gutxiago igaro zuen.
Alemana izan da azken bisitaria. Margalefera egin berri duen bidaian lau egun behar ditu katera erorikorik gabe heltzeko. Marraren inguruan dio hasieratik oso zaila dela: «Lehen hogei mugimenduak gogorrak dira oso. Ondoren, mugimendu luzeak egin behar dira; sekzioaren amaieran helduleku txikiak daude. Bigarren zatia, zorionez, errazagoa da; gutxi gorabehera, 7a mailakoa».
‘Tuareg blanco’-ren lehen igoera egin eta gero, bideak duen mailaren inguruan Megosek iritzia eman du. Onartu du zaila egin zaiola proposamen zehatz bat egitea: «Margalafeko muturreko beste bide batzuekin alderatuta, azken honek estilo ezberdina du. Uste dut ‘FRFM’, ‘The Full Journey’ eta egin ditudan 9b mailako beste bide batzuk baino zailagoa dela. Aldiz, ‘Perfecto Mundo’ (9b+) gogorragoa iruditzen zait. Hortaz gain, ‘Tuareg blanco’-ri eguzkia jotzen dio, eta proposamen bat egiterakoan klima horrek pixka bat nahastu egin nau».
Flash eran
Arrakasta horrekin bazirudien Megosek aitzakia zuela Margalefeko bidaia amaitzeko. Baina atseden hartu ordez, biharamunean Espadelles izeneko sektorea joan zen, eta ‘Mr Big’ bidea (9a) flash eran kateatu zuen. Hots, lehen ekinaldian izan zen, baina aldez aurretik ibilbidearen inguruan informazioa zuen.
Tom Bolger izan zen ‘Mr Big’ ekipatu eta lehen igoera egin zuena. Ezaugarriei dagokienez, hogeita bost metro horietan erresistentziak indar handia du. Heldulekuen artean distantzia handia dago, eta horrek mugimendu dinamikoak egitera behartzen du.
Erronka hori sinatu bezain laster, Megosek honakoa esan du bere sare sozialetan: «Esan zidaten 9a maila duela, baina soilik behin probatu dut eta ez nago ziur zailtasuna hori duenik. Onartu behar dut nire estiloarekin bat datorrela eta une honetan oso sasoiko nagoela. Hurrengo errepikatzaileek baieztatuko dute maila hori duen ala ez. Garrantzitsuena da bide hori oso-oso atsegina dela eta primeran pasa nuela. Ziur aski Margalefek dituen bide gogorrenen artean ‘Mr Big’ onenetarikoa da. Tom Bolgerri eskerrak eman dizkiot marra bikain hori ekipatzeagatik. Chevy Crespo eta Vojtech Trojan eskertu nahi ditut ere bide horrek dituen metodoen inguruan xehetasunak emateagatik».
Gogora dezagun 9a maila flash lortzea oso zaila dela. Hori lortu dutenak hiru eskalatzaile dira: Ondra, Schubert eta Megos bera. Alemanak beste bi ditu flash eran: ‘Underground’ eta ‘Intermezzo’. Ondrak, adibidez, estilo horretan 9a+ zailtasuna lortu du; hori egiten bakarra da.

El tramo del Metro entre Miraconcha y Easo alcanza ya un sobrecoste del 162,7%

Dimite el portavoz del PSN en Lizarra, Fran Moleón, por irregularidades con una tarjeta

El gasteiztarra Jon Etxeberria Oiarbide, libre tras trece años de cárcel

1978tik 2011ra Estatu indarkeria pairatutako zazpi lagun gehiago biktima gisa onartu dituzte
