Berdintasun politika publikoak eraginkortzeko: Euskal Herriko behatokia eta biltegia
Talaia Feminista Unea larunbat honetan egingo da, ehundaka emakume feminista eta subiranista bilduko direla Bilbon aurreikusten dute 2024ko dossierra lantzeko. Dossierrean atal berezi bat dute berdintasun politika publikoek, badago eta zer hausnartua.

Berdintasun politika publikoak esan eta hamaika galdera bururatu ohi dira: Noraino garatzen dira onartutako gomendioak eta legeak? Politika publikoen eragina praktikan noraino heltzen da? Zer behar da politika hauek benetako inpaktua izan dezaten?
Galderak beharrezkoak dira, baina erantzunak heldulekuak diren garaiotan Talaia Feministako kideak gutxitan ikusten den patxada hartu dute eta Euskal Herriko berdintasun politiken errepasoa egin dute irakurketa kritiko eta eraldatzaila egiteko baliatuz, aldarrikapen argi batekin: politika feministak garatzeko eskumen osoa izatea Euskal Herriak.
Azterketa hori egiteko, baina hainbat oztopo topatu dituzte bidean, Euskal Herriko berdintasun politika publikoak gauzatzeko egiturak aztertzen hasitakoan, adibidez, ezin izan dituzte datu guztiak batu, eta gainera, lurralde eta udal bakoitzaren egoera «oso ezberdina» dela mahaigaineratzen dute. Esate baterako, Gipuzkoa «erreferentzi interesgarria» dela aipatzen dute, eta aldiz, Ipar Euskal Herrira begiratzen badugu oraindik ez dagoela berariazko egiturarik.
1975ean abiatu ziren berdintasun politiken nazioarteko markoa eraikitzen, Hego Euskal Herrian, aldiz, 80 eta 90.hamarkadan hasi zire egiturak sortzen eta XXI.mendean sartzearekin bat onartu ziren berdintasuneko lehen legeak.
Politika hauek noiz eta nola abiatu ziren errepresentatzerakoan, beste galdera bat bururatu zitzaien emakume feminista eta subiranistei: «Berdintasun-politikak feminismoaren 3.olatuan hasi ziren, orduko ikuspegiei erantzunez; baina, gaur egun, 4. olatuan gaude, eta feminismotik egiten diren irakurketek bilakaera bat izan dute. Berdintasun-politikak familia patriarkal parekideagoak izateko nahi ote ditugun, ala familia bera desagerrarazteko; emakume eta gizonak parekoago izateko, ala bi kategoria horiek desagerrarazteko».
Ipar Euskal Herrian, gaur gaurkoz, ez dago berariaz berdintasun politikak lantzen dituen egiturarik
Era berean, uste dute berdintasun politiken existentziak berak, sentsibilizaziorako bitarteko gisa jokatzen duela, nahiz eta oraindik idatzita dagoena ez den gauzatzen. Zergatik ez, ordea? Talaia Feministako kideen ustez, batetik, jada badauden legeak eta plangintzak «muturreraino garatzeko konpromiso politikoa» falta delako, eta bigarrenik, berdintasun politiken prekarietatearengatik, prekarietate ekonomiko eta pertsonala. Gogoratzen dute, adibidez, hainbat udalerritan oraindik berdintasun teknikaria ere ez egotea.
Tokian tokiko egiturez gain, Berdintasun institutuen inguruan ere hausnartu dute, Emakunde eta NABI erakundu autonomoak dira esaterako, biak hala biak Lehendakaritzan kokatuak. Talaia Feministako kideen ustez Lehendakaritzan egoteak autonomia eta autoritatea eman beharko lieke, baina ez dute halakorik, ezta santzionatzeko edota salaketak bideratzeko ahalenik ere. Eta gogoetarako hipotesi bat planteatu dute: «Berdintasuna berezko deparmatendua bilakatzearena, gobenru-politikak egiteko eta gainontzeko departamenduetan eragiteko ahalmen gehiago eskuratuko litzatekeelakoan».
«Zeharkakotasuna»
1995ean Beijinen, Nazio Batuetako Emakumearen inguruko IV. Mundu konferentzian, zeharkakotasunaren edo mainstreamingaren estrategia proposatu zen, eta Talaiako kideen iritziz, berdintasun politika publikoak garatzeko «estrategia duala» da indartu beharrekoa. Hau da, berariazko politikak eta zeharkakotasunaren estrategia uztartzen dituena. Euskal Herrian garatutako politikak nagusiki berariazkoa izan dira, eta berdintasun sailen esku daude.
Beste zailtasunetako bat, administrazioa bera eta administrazioko dinamikak direla gaineratu dute: «Administrazioaren kultura eta egiteko moduek, dauden zatikatzeak alde batera utzi beharko lituzke, eta elkarlanean, ikuspegi integralarekin lan egiteko kultura sortu, zeharkakotasunak funtzionatu dezan».
Izan ere, gaur egungo egiturek feminismoarentzat estrategikoak diren arloetan eragiteko gaitasun gutxi dute, hala nola zaintzan, hezkuntzan, osasunean edo indarkeria matxistaren arretaren auzietan. Horren aurrean galdera bat pausatzen du Talaia Feministak: Feminismoarentzat estrategikoak diren gaiak berdintasun-politika espezifikoen poltsara pasatu beharko lirateke berdintasun-arloek horien lidergoa izan dezaten? Horretarako zer behar da? Propio sortutako egitura/figurak eskatzen ditu? Interesgarria izan liteke kabinete nagusietan eta alkatetzetan horretaz arduratuko liratekeen figura(k) sortzea? Horren aurrean, administrazioa bera aldatzea apustu politikotzat hartu dute.
Estrategia duala indartzeko beharra: zeharkakotasunaren estrategia eta berariazko politika publikoak
Gatazka horrekin zuzenki loturik dago landu duten bigarren gakoa: mugimendu feministaren papera eta hartu emana. Txostenean aitortzen dute 90.hamarkadatik aurrera aldarrikapen feminista batzuk politika publikoetan gorpuzten hasi zirela eta feminista asko teknikari bihurtu zirela erakunde ezberdinetan. Baina aldi berean, mugimendu feministan, oro har, «mesfidantza» zabaldu zela. Gaur egun, aldiz, zer nolako harremana dago? Indartu beharrekoa, beraien ustez.
Lorpenetan berdintasun kontseiluak aipatzen dituzte, erakunde ezberdinetan berdintasun politika publikoak mugimendu feministarekin pentsatu, garatu eta ebaluatzeko asmoz sortutakoak. Eta kontseilu hauen artean ezberdintasunak badaude ere, egun zalantzan jartzen dute beraien «eraginkortasuna» eta birpentsatzeko talaia bat eskaintzen dute.
Talaia Feministaren ustez erakundeen erantzukizuna da feminismoa eta mugimendu feminista entzun eta parte egitea. Berdintasun egiturek posizio indartsuagoa behar dutela jasotzen du dossierrak, eta horretarako «borondate politikoa eta itsas argi feminista gisa arituko den proiektu eraldatzailea behar dute atzean», ondorioztatzen dute.
Behatokia eta biltegia
Balantzeen eta ikaspenen ostean, Jauzi bat harago joateko tenorea heldu da, ordea. Eta badituzte proposamen zehatzak, hain zuzen ere hiru: politika publikoen estrategia duala indartzeko proposamenak, Euskal Herriko egiturak indartzeko estrategiak eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea, eta hirugarrenik, mugimendu feministaren papera eta interlokuzioa indartzeko Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki autonomoa.
Estrategia dualari dagokionean, zeharkakotasunaren «esanahi politikoa» berreskuratu beharra azpimarratzen dute, politika publiko guztien norabidean eragiteko. Horretarako, indarkeria matxista, zaintzak, pedagogia eta hezkidetza feministaren gaietan eragiteko gaitasuna handitzea eta administrazioaren beraren funtzionamendua eraldatu beharra gaineratzen dute.
«Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki bat sortzea proposatzen dugu. Organismo autonomo bat, diru publikoarekin finantzatua»
Euskal Herrian berdintasun politika publikoak bultzatu eta garatzeko, gertuko egiturak indartzea ezinbestekoa dela azaltzen dute. Horretarako, estrategia eta bitarteko publikoen biltegia eraikitzea proposatzen dute, «lurraldeen artean bitartekoak partekatu eta erantzunkidetasuna bultzatzea helburu». Bestalde, bereziki berdintasun teknikarien rolaz, eta oro har, esparru horretan aritzen diren langileen formazioaz hitz egin behar dela hausnartu dute, saretuz eta harremanduz.
Hirugarren proposamen bat ere jaso dute 2024ko dossierrean: «Euskal Herri osoko ikuspegia izango duen behatoki bat sortzea proposatzen dugu. Organismo autonomo bat, diru publikoarekin finantzatua, maila tekniko nahikoarekin, erakundeen berdintasun-politikei benetako segimendua egiteko».
Erakunde eta mugimendu sozial ezberdinen lankidetza-eremu izatea nahi dute behatokia. EHUko eta NUPeko berdintasuneko masterren eta unibertsitatean berdintasun-politika publikoen inguruan ikertzen ari direnen lankidetzarekin. «Politiken inpaktua neurtu beharra dago. Erakundeei ikuskaritza eta kontrola exijitu, esandakotik zer eta nola egin duten esan dezaten», azaltzen dute.
Berdintasun politika publikoetan ere trantsizio bat eman behar dela sinetsita, talaia eta une bat da Talaia Feministak eskaintzen duena. Otsailaren 1ean izango da hurrengo hitzordua, Bilbon, hausnartu eta eraikitzen jarraitzeko.

‘El Inhumano’ de ‘La infiltrada’, señalado por torturas en Via Laietana y en Gipuzkoa
Fermin Muguruza pone Madrid en ebullición con su akelarre antifascista

Operación «preventiva» de la Ertzaintza contra un torneo de fútbol de calle en Gasteiz

Elkarrekin y Elorza unen fuerzas para convertir San Bartolomé en «el Waterloo» de Eneko Goia
