Kazetaria / Periodista

Inor bizirik aurkitzeko itxaropenik ez dago Washingtoneko hegazkin istripuan

Hegazkin istripua izan du hegazkin komertzial batek helikoptero militar batekin. Hegazkina Potomac ibaira erori da eta, momentuz, 28 gorpu erreskatatu dituzte. Agintariek ez dute inor bizirik aurkitzeko itxaropenik.

Larrialdi zerbitzuak bidaiariak ibaitik erreskatatzeko lanetan.
Larrialdi zerbitzuak bidaiariak ibaitik erreskatatzeko lanetan. (Andrew CABALLERO-REYNOLD | AFP)

Hegazkin istripu larria gertatu da Washingtonen. Kansas estatuko Wichita hiriko hegazkin batek helikoptero baten aurka jo du Reagan National Airporten lur hartzear zela. Leherketa bat izan da eta Potomac ibaira erori da. 60 bidaiari eta tripulazioko lau kide zeramatzan American Airlineseko hegazkinak.

Ordu luzez lanean aritu ostean, 28 pertsonen gorpuak atera dituzte ibaitik, 27 hegazkinean zeudenak eta 1 helikopteroan, baina jada ez dago inor bizirik aurkitzeko itxaropenik, John Donnelly Columbia Barrutiko Suhiltzaileen Departamentuko buruak prentsaurreko batean azaldu duenez.

«Une honetan, ez dugu uste istripu honetatik inor bizirik atera denik», esan du. Donnellyk azken orduetan egindako ahaleginak azpimarratu ditu, baldintza klimatiko oso txarretan, eta egungo puntua «erreskate operazio bat izatetik errekuperazio operazio bat izatera» igaro izana deitoratu du.

«Erreskatatzaileek baldintza oso hotzak, haize bortitzak eta izotza aurkitu dituzte uretan, eta gau osoan baldintza horietan jardun dute», nabarmendu du.

Garraio Idazkaria den Sean Duffyk adierazi du helikopteroak egindako hegaldia arrunta zela. «Gau garbi bat izan da; helikopteroak ohiko hegaldi patroia egin du. DC inguruan bizi bazara, etengabe ikusiko dituzu helikopteroak ibaian gora eta behera», azpimarratu du.

Hala ere, Robert Isom American Airlineseko kontseilari delegatuak istripuaren arduraduna helikopteroa izango zela iradokitzeko: «Ez dakigu zergatik jarri zen aireontzi militarra hegazkinaren ibilbidean».

Hegazkinaren fuselajea hiru zatitan aurkitu zuten ibaian, eta hura aztertzen hasiak dira.

Eztanda handi bat

Gaueko bederatzietarako zazpi minutu falta zirela hasi ziren larrialdi-telefonoak joka goizaldeko 02.53 zirela Euskal Herrian. Washingtoneko polizia eta suhiltzaileak beste agentzia batzuekin ari dira lanean, Maryland eta Virginia estatuen muga ere baita Potomac ibaia. Hiru administrazioetako suhiltzaile eta urpekariak daude ibaian, baita Gobernu federalaren kostazainak ere. Hiri barruan ibai-ertzean dagoen Kennedy zentrotik leherketaren unea grabatu du bertako webcamak.

 

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

 

Hasiera batean Poliziaren helikopteroa zela esan den arren, Poliziak berak ukatu du, eta erreskate lanetan laguntzen ari dela jakinarazi du ohar batean. Pentagonoak onartu du bere Black Hawk bat izan dela. Potomac ibaiaren beste aldean, Marylandeko estatuan Andrews base militarra dago (bertatik aireratu ohi dira administrazioko goi-kargu ugari, presidentea tartean), eta zertxobait hegoalderago, Fort Belvoir basea.

Defentsa sailaren oharraren arabera, Fort Belvoiren egoten den helikopteroa izan da istripua izan duena, eta hiru soldadu zeramatzan barnean, baina ez dago argi nondik aireratu den istripuaren unean. Donald Trump egoera jarraitzen ari dela esan du Karoline Leavitt prentsa-idazkariak, eta presidentearen oharra atera du du gero Etxe Zuriak, «Jainkoak bedeinka ditzala haien arimak. Mila esker larrialdi zerbitzuak egiten ari diren lan itzelagatik».

Gertaeraren lekukoek diotenez, zarata handi bat entzun da, eta distira bat. National Airportean (ofizialki Ronald Reagan aireportua, DCA kodea) hiriaren kanpoaldean dago, eta Washingtonerako eraikitako lehen aireportua da, egun nazioarteko hegaldi gehienak hartzen dituen Dulles eraiki zuten arte. Nationalek ehunka operazio ditu egunero, hala ere, Estatu Batuetako barne-hegaldiak batez ere, baita Kanada, Bermuda eta Bahametatik ere. Hegaldien laurdenak American Airlinesenak dira.

Etengabeko mugimendua daukan aireportua da; hiru eta are lau hegazkin elkarren atzean gerturatzen ikusi ohi dira Potomac ibaian gora. Kongresuak 1.250 miliara arteko hegaldietarako erreserbatutak aireportua izan da, salbuespen batzuekin. Istrupuaren ostean, bertan behera utzi zituen operazio guztiak.

«Ekidin zitekeen»

Donald Trump presidenteak «ekidin zitekeen ezbeharra» izan dela adierazi du bere sare sozialaren bidez: «Hegazkina aireportura hurbiltzeko lerro perfektu eta ohikoa jarraitzen ari zen. Helikopteroa zuzen joan da hegazkinerantz denbora luzez. Gau argia da, hegazkineko argiak distiratsu zeuden». Hori dela eta, erantzun baino galdera gehiago jarri ditu mahaigainean presidenteak: «Zergatik ez da helikopteroa igo edo jaitsi, ezta biratu ere? Zergatik ez dio kontrol dorreak helikopteroari zer egin behar zuen esan, hegazkina ikusi duten galdetu beharrean?».