NAIZ

Gasteizko Udalak «gehien behar dutenei» errolda ukatzen diela salatu dute

Gasteizko hainbat eragilek bertako Udalaren bi barne dokumentu gaitzetsi dituzte, «gehien behar dutenenei errolda ukatzeko erreminta» direlako, «klaseen arteko arrakala areagotuz eta oinarrizko eskubideak urratuz». ‘Erroldarik gabe, izaterik ez’ kanpainaren baitan egin dituzte publiko bi artikuluak.

‘Erroldarik gabe, izaterik ez’ kanpainaren baitan, Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu plazaratu dituzte.
‘Erroldarik gabe, izaterik ez’ kanpainaren baitan, Gasteizko Udalaren bi barne dokumentu plazaratu dituzte. (NAIZ)

Azken bi urteetan Arabako hiriburuan hainbat eragilek aurrera eramandako ‘Erroldarik gabe, izaterik ez’ kanpainaren baitan Udalaren bi barne dokumentu argitaratu dituzte, «bertan bizi den edonork errolda bermatua» izateko helburuarekin.

Errolda herritar guztion eskubide eta betebeharra dela azpimarratu dute agerraldian. «Egun errolda administrazioaren erregistro bat baino askoz gehiago da. Hainbat oinarrizko eskubidetarako sarbidea da: hezkuntza, osasungintza, zerbitzu publikoak eta gizarte laguntzak, besteak beste. Hortaz, errolda oztopatzea Gasteizen ehunka pertsonaren existentzia ukatzea bezala da», esan dute.

Eragileek oroitu dutenez, estatu legedia argia da honetan: «Edozein pertsonak dauka eskubidea eta betebeharra bizi den udalerrian erroldatzeko, etxebizitzarekiko duen egoera bata zein bestea izan. Horrela dago jasota 7/1985 legean, baita Estatistika Institutu Nazionalaren (INE) jarraibideetan ere», azaldu dute.

Arau horiek ezartzen dute errolda gertakarien erregistro bat dela, eta ez eskubideena. Ez dio axola pertsona okupatutako etxe batean, etxola batean, karabana batean edota teilaturik gabe bizi den. Bakoitzaren bizitokiak erroldan egon behar du islatua.

«Sistematikoki» urratutako eskubidea

Gasteizen, ordea, eskubide hori «sistematikoki» urratzen ari direla salatu dute. «Udalak errolda politizatu eta merkantilizatzea erabaki du, errolda etxejabeen esku uzten duten irizpideak ezarriz. Irizpide horiek, legea ez errespetatzeaz gain, argi erakusten dute erabaki politiko baten ondorio direla, zeinak etxejabeen klase interesak pertsonen gainetik jartzen dituen», azaldu dute.

Jarrera horrek erroldaren merkantilizazioa ekarri duela erantsi dute eta, beraz, «honen beharra duten pertsonen egoera prekarioago bat».

Aholkularitza Juridikoaren 2019ko txostena

Honakoak dira eragile gasteiztarrek argitara atera dituzten Udalaren dokumentuak. Alde batetik, Aholkularitza Juridikoaren 2019ko txostena. Urte hartan Udalaren Aholkularitza Juridikoak barne txosten bat igorri zuen. Bertan agintzen zuten errolda ukatzeko Udalaren edota Ensanche XXI-en etxebizitzetan titulu legalik gabe bizi den edonori.

«Probintzia Auzitegiaren epai batean oinarrituz, errolda ukatzen die ustez okupatuz bizi direnei, edota jabetza publikoa daukan etxebizitzetan alokairuan kontraturik gabe daudenei. Baina aipatutako sententziak ez du horrelakorik esaten inolaz ere, besteren artean Auzitegi Penala izanik ez baitu erroldaren kudeaketa arautzeko eskumenik», argitu dute. Are gehiago, «urrunago joan da Udala eta jabetza titulurik gabeko edonori ukatzen ari zaio errolda», baieztatu dutenez.

Udalaren barne protokoloa

Publiko egindako bigarren dokumentua Udalaren barne protokoloa da. Bertan Udalak derrigorrezko jarraibideak ezartzen dizkie erroldaren kudeaketan diharduten langileei. Txostenak ezartzen du soilik errolda daitezkeela etxejabeak, eta alokairu kontratua eta jabearen baimena duten maizterrak, etxebizitzaren «erabilera eskubidea» frogatu ezin dutenak baztertuz. Hori «Gasteizko ehunka auzokideren oinarrizko eskubideak ukatzea da», kritikatu dutenez.

«Gehiegikeria larriak» salatu dituzte kanpaina honen baitan. Hasteko, legez kanpoko dokumentuak, beharrezkoak ez direnak exijitzea: urtebete baino gutxiago indarrean daramaten alokairu kontratuak, jabetza erregistroko oharrak, ordainagiriak eta etxejabearen presentzia sinadura balioztatzeko.

Bestalde, erregularizatu gabeko etxeetan edo infraetxeetan erroldatzeko debekua, alde batera utziz erroldak egiazko bizitokia adierazi behar duela, eta ez etxebizitzaren hirigintzako legaltasuna. Etxean erroldatzeko gehienezko pertsona kopuru bidegabea ere gaitzetsi dute: zazpi pertsona, salbuespenak salbuespen, kanpoan utziz etxebizitza partekartzen duten pertsonak.

Informazioa ezkutatzea ere salatu dute, «itxitzat» ematen diren etxebizitzak kasu, ez baitiote informazio hori jakin behar duten pertsonei zabaltzen.

Kontratu pribatuen kontrol bidegabea ere kritikatu dute, «Udalaren konpetentzietatik guztiz at dagoen praktika bat baita, eta eginkizun hori epaitegiek eta Jabetza Erregistroak egin beharko luketelako».

Udalari deia

«Gasteizko Udalak berehala egin behar du atzera», egin dute dei hiriko eragileek. «Protokoloan erabiltzen dituen baldintza eta eskakizun bidegabe eta ilegalak bertan behera uztea exijitzen dugu». Halaber, erroldaren merkantilizazioa amaitzeko neurriak hartzeko eskatu dute, pertsona bat etxebizitza batean erroldatzeko etxejabeek duten gehiegizko eskumena kenduz.

Udalak «sustatzen duen bazterkeriak prekaritatea eta klase arrakala handitzea besterik ez du sortzen. Antolatzea da gure erantzuna, bermatu dezagun Gasteizen bizi den edonor aitortua izan dadin, eta gutxienez dagozkion eskubideak eduki ditzan», aldarrikatu dute, «erroldarik gabe, ez baitago izaterik».