Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Kazetaritza zineman

Zinemak betidanik izan du kazetaritzarekiko interesa; Charles Chaplin, Katherine Hepburn, Orson Welles, Marcello Mastroianni, Meryl Streep, Nicole Kidman, Robert Downey Jr, Lea Seydoux... asko izan dira hedabideetako kazetariak edo komunikabideetako-handikiak antzeztu dituzten aktoreak.

Kazetaritzaren mundua zineman nola irudikatzen den gai liluragarria iruditzen zait, modu oso desberdinetan arakatu dutelako.

Zazpigarren artean, sarritan, kazetariak eta kazetaritzaren mundua, egiaren, justiziaren eta adierazpen askatasunaren aldeko borrokaren ikur gisa irudikatu ditu. ‘Citizen Kane’ (1941), ‘Spotlight’ (2015), ‘All the President's Men’ (1976) edota ‘The Post’ (2017), esaterako, gaiari lotutako adibide interesgarriak dira.

Hedabideen boterea, ustelkeria, zentsura eta informazioaren eragin soziala bezalako gaietan zentratzen dira bereziki, baina ‘Zodiac’ (2007) edota ‘Nightcrawler’ (2014) erako thriller ilunen kodeez ere baliatu dira hainbat gizarte kritika plazaratzeko; azken honetan muturreko sentsazionalismoa eta audientzia bilatzeko helburuz informazioa nola manipulatzen den aztertzen da.

Ostiralean  ‘September 5’ film alemaniarra estreinatzen da. 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan girotua, ABC kateko kirol-kazetari estatubatuarrak ditu protagonista; talde armatu batek atleta israeldar batzuk bahitu zituen eta kazetariek albiste horren jarraipena egin behar izan zuten bat-batean.

Film honek gertakari horiek ardatz hartzen dituen arren, kazetaritza ikuspegia da gailentzen dena; ABC Sports-eko prentsa aretoaren ikuspuntutik azaldua dago guztia. Kontakizunaren muina kazetari talde horien korridoreetan, bulegoetan, platoetan eta kontrol-gelan topatuko dugu.