Tafallako Monte Planoko tuneleko AHTren lanetatik kanporatutako langile bat

«Obra mota bat da AHT, non diruak bakarrik axola duen»

Abiadura Handiko Trenaren lanetan ari diren langileek jasaten duten prekarietatea ezagutzera eman da egun hauetan. Manifestazioa ere deitu dute hori salatzeko, otsailaren 15ean. Testigantza hau ere zabaldu dute: Tafallako Monte Planoko tuneleko lanetatik kanporatutako langile batena da.

Egoera salatzeko agerraldia, aurreko ostiralean Iruñean.
Egoera salatzeko agerraldia, aurreko ostiralean Iruñean. (Iñigo Uriz | Foku)

«Tafallako tunelean gertatzen dena kontatuko dizuet, iparraldeko ahotik hegoaldekora. Obra horretako langile bat izan nintzen eta ikusten nituen gauzen lekuko izan nintzen. Gauza horietako bat, hasteko, lan egiten nuen enpresak segurtasun arloan zuen seriotasun falta zen. Inor ez zen babes horniduraz arduratzen. Ez zidaten eskularrurik eman, ezta musukorik eta betaurrekorik ere.

Sei eta zazpi asteko gaueko txanda luzeak egin nituen, ez ninduten goizeko txandara aldatu nahi eta horrek asko kaltetu ninduen, nire loa nahasi zuen, baita jokaera ere, baina horrek ez zien axola izan, hor inporta duena lan egitea baita, langilearen baldintzei erreparatu gabe.

Abusuak etengabekoak ziren: errespetu faltak eta umiliazioak. Enkargatuak nahi zuena egiten zuen. Tunelaren barnean etengabe erabiltzen ziren substantziak, eta horrek langileburuaren eta langile askoren arteko tentsioa izugarri handitzen zuen. Zergatik azpimarratzen dut hau? Pertsona bat ez denean egiten duenaz erabat kontziente, sen alai eta indartsuago bat ateratzen baita, berea ez dena, eta horren ondorioz, arriskuak mila aldiz handiagoak ziren.

Lau edo bost metroko altuerara arnesik gabe igotzen ziren batzuk, drogatuta. Besteak lo gelditzen ziren makinetan eta istripuak izaten zituzten tunel barruan. Gauza horietako asko ez dira argitara ateratzen, batzuek isiltzea erabakitzen dutelako enpresa eta enkargatua ez kaltetzeko, baina urteekin agerian geldituko dira.

Lanaldi amaiezinak bete ditut, beste askok bezala. Gaztelania ulertzen ez zuten langileak negu gorrian ezerezaren erdian lur bat garbitzen jartzen zituzten, nahiz eta tunelaren barnean egon behar zuten. Etengabeko irain eta abusuen lekuko izan nintzen.

«Makinek gasolio eta olio isuri handiak zituzten. Hilabetetan egoten ziren makina horiek hor, eta guk, maskararik gabe, etengabe sortzen zuten kutsadura jasan behar izaten genuen»

 

Ez zen sekula segurtasun arduradunik etortzen. Makinek gasolio eta olio isuri handiak zituzten. Gainera, horretan inolako ezagutzarik ez zuten langileek maneiatzen zituzten. Hilabetetan egoten ziren makina horiek hor, eta guk, maskararik gabe, etengabe sortzen zuten kutsadura jasan behar izaten genuen.

Droga ugari dago tuneletan. Kokaina asko dago, nola eutsi bestela 16 edo 18 orduz lanari... Bada hiru egunez lanean etengabe iraun duenik. Hori ezin du jasan ezein gizakik. Bada errezeta bat lanaldi luzeak betetzeko egiten dutena, haxixa, kokaina, marihuana eta azidoak nahasita. Esklabo gisa tratatzen gintuzten, esklabo moderno gisa, ez gintuztelako latigoz jotzen, baina bai psikologikoki, eta horrek beste ezerk baino gehiago eragiten du. Nagusiek bazekiten arren, ezikusiarena egiten zuten. Botere gehien dutenek badakite nor jarri hor zigortzaile rolean.

Fitxatzeko modua bilatu nuen, asistentzia orrietan sinatuz, 12, 14, 16, 18 ordu egiten bainituen lan eta aparteko ordu guztiak ordaindu gabe gelditzen zirelako. Langileburuak orri horiek galtzen zituen, ez zaielako komeni egiten ditugun orduen lorratzik inon uzterik. Nire orduak kalkulatu nituen: hilabetean 290 eta 360 ordu artean lan egin nuen. Hitzarmenaren arabera, hilabetean gehienez 100 ordu egin ditzaket.

«Bi lan istripu izan nituen (...) Tunelean ez dago ez anbulantziarik ez medikurik, edozein larrialdi izanez gero»

 

Hori dena badakite agintariek, badakite obrako buruek, den-dena, baina inork ez du ezer ere egiten.

Bisita instituzionala egin zenean, garbiketa taldean ibili nintzen, gauza guztiak makillatu behar genituen itxura bikaina emateko. Anbulantziak zeuden, denetarik, baina egunerokoan deus ez. Bi lan istripu izan nituen, eta ez zituzten hala kontsideratu, ohiko ezbehar gisa hartu zituzten. Lankide batek ere ez ninduen osasun etxera eraman nahi izan, eta nire autoan joan nintzen. Tunelean ez dago ez anbulantziarik ez medikurik, edozein larrialdi izanez gero.

Obra mota bat da, non diruak bakarrik axola duen; ez dute inporta ez langileek ez ekosistemak. Milaka litroko kutsadura dago lurpean, eta prozesu bat egin behar da ingurua garbitzeko».