
Argia Sarien 36. edizioa izan da aurtengoa eta Usurbilgo Atxega Jauregian egin da ekitaldia, ostiral honetan. Ehun pertsona inguru bildu dira bazkariaren bueltan.
Sei sari banatu dira aurten: ikus-entzunezko saria ‘EITB Kultura’ telebista saioari eman zaio, prentsako saria ‘Irutxuloko Hitza’ Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa Burua ekimenari. Merezimenduzko saria Ene Kantak egitasmoak eskuratu du.
«Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik» eskuratu du ‘EITB Kultura’ ikus-entzunezko alorreko saria. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde produkzioak ekoiztetxearen izenean.
Prentsako saria ‘Irutxuloko Hitza’rentzat izan da, «eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik». Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch, Beñat Parra eta Xalba Ramirezek jaso dute Antton Mendizabalen garaikurra.
Entzunezko saria ‘BaDA!bil’, Durangoko Azokan kulturaz egindako podcastak jaso du. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzi eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatua da. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Amets Aranguren aurkezleak eta EITBko irrati eta audio zuzendari Maite Goñik jaso dute garaikurra gaurko ekitaldian.
«Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean», Interneteko Argia Saria Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak sustaturiko Oroibidea bilatzaileak jaso du. Saria Cesar Layana eta Josemi Gastonek jaso dute Nafarroako Memoriaren Institutuaren izenean.
«Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lana» txalotu dute sariek eta «lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik», kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da. Ekimeneko kide diren Miren Ros eta Izaskun de Miguelek jaso dute Argia Saria.
Merezimenduzko saria Ene Kantak egitasmoak eskuratu du, gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik. «Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik», nabarmendu dute sarien antolatzaileek. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

1978tik 2011ra Estatu indarkeria pairatutako zazpi lagun gehiago biktima gisa onartu dituzte

El PP de Donostia escenifica su repulsa a que la torturada Sandra Barrenetxea sea concejala

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA
