Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Guardianen itxierari ezetz esan diote Laudion, giza-kate eta manifestazio jendetsuaren bidez

«Multinazionalen interesen alde» Aiaraldea desindustrializatzen ari direla salatu du manifestazio jendetsu batek ostiral arratsalde honetan Laudion, Guardian lantegian labea itzaltzen hasi eta bi egunetara. Mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi dute.

Jende andana bildu du manifestazioak, Laudioko kaleak betez.
Jende andana bildu du manifestazioak, Laudioko kaleak betez. (Endika Portillo | Foku)

Ehunka pertsona elkartu dira ostiral arratsalde honetan Laudion Guardian lantegiaren itxieraren aurka eginez, labea itzaltzen hasi eta bi egun geroago. Erakundeen eta enpresa multinazionalaren jarrera salatzeaz gain, «multinazionalen interesen alde» Aiaraldeako industria-sarea ahultzen ari dela. Guardianen kasuan, 171 dira kaltetutako langileak.

Mobilizazioaren ordua, 18.00ak, iritsi baino lehenagotik nabarmena zen jende kopurua. Giza-katea egin dute Guardianen perimetroan zehar eta ondoren manifestazio batekin jarraitu dute, Herriko Plazara iritsi eta hau guztiz bete arte.

Giza-katea hasteko. (Endika Portillo | Foku)

Adin guztietakoak kalera atera dituen mobilizazioan «Guardian ez itxi» aldarriaz gain, «Aiaraldea defenda dezagun», «Labea ez dago hautsita, hondatu dute», «Guardian errudun, Gobernua arduradun» eta «Gora, gora, gora langileon borroka» bezalakoak entzun dira.

Beira fabrikatzen duen Guardian Glass multinazional estatubatuarrak Laudion duen lantegia ixtea erabaki zuen duela astebete pasatxo, 171 langile kalean utzita. Hasieran otsailaren 3an zuten aurreikusita labea itzaltzen hastea, baina urtarrilaren 29ra, joan den asteazkenera, aurreratu zuten. Hala egin zuten, Lakuako Gobernuaren eta Osalanen oniritziarekin.

Enpresa Batzordeak, bestalde, erakundeen partetik babes falta kritikatu zuen eta mobilizatzen jarraitzeko asmoa ziurtatu zuten. Ostegunerako deituta zegoen greba, baina, bertan behera utzi zuten. Langileen zein sindikatuen kezkarik handiena orain, plantari jarraikortasuna emateko asmoa balego, labea «erabilgaitza» geratu dela da, itzaltzeko erabili duten modua dela eta.

Egoeraren larritasuna horrela ikusarazi dute, lantegiaren aurrean. (LAB)

Arabako Foru Aldundiak ostegunean jakinarazi zuenez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat inbertsorek lantegiarekiko interesa agertu dute, baina airean dago dena, lotu eta adostu gabe. Gaur egun langileek ez dakite zer gertatuko den beraien lanpostuekin, baina litekeena da enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzea.

«Propaganda mediatikoa»

Honekin lotuta, manifestazioaren amaieran langileek Lakuako Gobernuari eskatu diote «propaganda mediatikoa» egiteari utz diezaiola. Salatu dutenez, enpresekin egiten ari diren negoziaketa horien berri ez dute izan langileek.

Ardura zehatzak seinalatu dituzte langileek. (Endika Portillo | Foku)

«Bat-batean, hedabideetan hainbat inbertitzailerekin bilerak egiten ari direla iragartzen da, langileek eta enpresa batzordeak horren inguruko informaziorik, existentziarik izan gabe eta interesik dagoen jakin gabe», deitoratu dute.

Horrekin batera, labea itzaltzeko prozesua «gauez eta ezkutuan» egin zela adierazi dute, fabrikakoak ez ziren langile talde batekin. Gainera, itxiera langileen jakinarazi zienean, labean matxura zegoela esan zuen enpresak, baina gero hori «aitzakia» zela onartu zuten.

Langile klasearen batasuna «giltzarri»

«Aiaraldean bizi eta lan egin nahi dugu», oihukatu dute langileek jendez gainezka zegoen plazan. Horren harira, SOS Aiaraldea plataformatik gogorarazi dute Guardianena beste kasu bat baino ez dela, eta horrek «kalera aterarazi gaituela gure eskualdearen biziraupenagatik.

Gogorarazi dutenez, Guardian multinazional estatubatuarra «aspaldi itsututa» dago «Aiaraldeko industriarik handienetako bat desegitearekin». 2012an 120 langile kaleratzeko saiakera eta iaz Autoglas Glavista «funts mafioso bati» saldu izana aipatu ditu. «Xake matea eman nahi dio enplegua suntsitzeko etengabeko mehatxupean denbora gehiegi daraman eskualde bati».

Aiaraldeako auzokideak, baturik. (Endika Portillo | Foku)

Beraz, «orain da unea gure etorkizuna kolektiboki defendatzeko», adierazi dute. «Aiaraldearen gainetik kosta ala kosta pasa nahi duen makineria kapitalistaren eta bere konplize instituzionalen aurrean borroka egiteari uko egingo ez dion euskualde osoa aurkituko dute parez pare», gaineratu dute. Hortaz, «borroka kolektiboa» dela gogorarazi dute eta horretarako langile klasearen batasuna «giltzarri» dela nabarmendu.