NAIZ
Donostia

Inauteriak gertu daudela iragarriz, Kaldereroak hiru asteburutan ibiliko dira Donostian barrena

Donostian Kaldereroen Konpartsa Tradizionala otsailaren 8an aterako den arren, beste konpartsa batzuk ibiliko dira auzoetatik otsailaren 1, 7, 14 eta 15ean. Inudeak eta Artzainak-en desfilea, berriz, Kandelaria eguneko hurrengo igandean, otsailak 9an, egingo dute.

Donostiako udaletxean aurkeztu dute aurtengo Kaldereroen eta Inudeak eta Artzainen programa.
Donostiako udaletxean aurkeztu dute aurtengo Kaldereroen eta Inudeak eta Artzainen programa. (DONOSTIAKO UDALA)

Inauteriak gertu daudela iragartzen dute Donostiako mozorro festa tipikoek. Hungariako Kaldereroek otsailaren 8an hartuko dituzte kaleak, eta hurrengo egunean aterako dira Inudeak eta Artzainak.

Kaldereroen Konpartsa Tradizionala 19 tribuk osatuko dute, 410 parte-hartzailerekin –%60a emakumeak–, zartagi eta mailuekin Raimundo Sarriegiren piezak edo Victoriano Iraolaren 'Begi urdin bat' abestia joko dutenak. Tribuekin batera Gauerdi txaranga eta Kresala Dantza Taldea arituko dira Parte Zaharrean, otsailaren 8an, 21.30etatik aurrera.

Konpartsa honek Konstituzio plazan jarriko du kanpamentua, ohi bezala, 22.00etatik aurrera, eta Jon Lopez 'Erreginak', bere 'Damez' lagundurik –Ander Gomez de Segura eta Paul San Sebastian– agurtzeko hitzaldia eskainiko dio Donostiari, Udaleko Musika eta Dantza Eskolako bandak errepertorio tradizionala eskaintzen duen bitartean. Ondoren, kaldereroak Parte Zaharreko kaleetan zehar desfilatzen jarraituko dute 01.00ean Gaztelubide elkartearen aurrean amaitu arte.

Auzoz auzo

Konpartsa Tradizionala nagusiena den arren, badaude beste konpartsa batzuk ospakizunarekin bat egingo dutenak. Hala, Amara Berri eta Egia auzoetan otsailaren 1ean iragarriko dituzte inauteriak, 17.30etatik aurrera, Amarakaldek eta Arrano Kaldereroak Elkartearen eskutik.

Otsailaren 7an, ostirala, Herrera Ikastetxea (Herrera, 11.30), Aldapeta Maria Ikastetxeko Kaldereroak (Amara, 14.45), Zurriola Ikastola IKE Kaldereroak (Gros, 15.00), Ikasbide Kaldereroak (Loiolako Erriberak, 15.15) eta Aieteko Kaldereroak (Aiete, 18.00) izango dira.

Hilaren 8an, arratsaldean, Kai Harripe Alde Zaharreko Euskara Batzordea Kaldereroak (Alde Zaharra, 17.00), Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa (Gros, 18.00), Amarako Kaldereroak Mamur Donosti-Berri (Amara, 18.00) eta Herrera Kirol Elkartea Kaldereroak (Herrera, 18.00) konpartsak iritsiko dira.

Eta hurrengo astean azken bi konpartsen txanda izango da: Jakintza Kaldereroak (Antigua, 15.00) hilak 14 ostiralean aterako da, eta Club Deportivo Loiolatarra Kaldereroak (Loiola, 18.30) eta Antiguako Kaldereroak (Antiguo, 20.30) otsailaren 15ean, larunbata.

Amarakaldek taldeak, 25 urte

Amarakaldek Amarako Kaldereroen Konpartsak, duela 25 urte sortu zen, San Sebastian egunaren ospakizunaren ondoren, Amara Berrin ateratzen ziren 7 danborraden eskutik. Urteurrena dela eta, programazio berezia izango dute aurten.

Hasiera batean 130 pertsonek osatzen zuten konpartsa (egun 160 heldu eta 40 haur dira), eta garai hartako bik besterik ez dute parte hartzen jarraitzen, Jesus Ausejok –hartzaren papera du– eta Iñigo Olasagastik. Horiek omenduko dituzte, hasierako urteetan parte hartu zuten beste 11 kiderekin batera, eta medailoi bat emango zaie soinean jar dezaten.

Bestalde, kanpamentuan tarta bat dastatuko dute eta Tolosako Kaldereroen Konpartsako bi musika pieza dantzatuko dituzte.

Horrez gain, otsailaren 1ean auzoan ospatzeaz gain, otsailaren 8an ere aterako dira Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalarekin batera, Parte Zaharretik.

Inudeak eta Artzainak

Kaldereroen ostean, Inudeak eta Artzainak konpartsaren txanda izango da. Kandelaria eguna otsailaren 2an izanik, hurrengo igandean, otsailaren 9an ospatuko da aurten, 12.00etatik aurrera. Kresala Elkartearen konpartsan 200 pertsonek desfilatuko dute, eta The Joselontxo's txarangaz lagunduta joango dira.

Inude eta artzain 30 bikote eta 60 danbor-jolez gain, garaiko pertsonaiez jantzitako jendeak hartuko du parte (alkatea eta bere emaztea, idazkaria, gotzaina, apaiza, eliz-mutilak, mikeleteak, ontzi-garbitzaileak eta zapata-garbitzailea).  Donostiako kaleak zeharkatu ostean, 13.00etan Konstituzio plazara sartuko dira, bertan antzezpena egingo dute, eta amaitzean berriro kaletatik joango dira.

Astebete lehenago eta astebete geroago gainontzeko konpartsak aterako dira. Artaiñu konpartsa Grosen aterako da otsailaren 2an 11.15etatik aurrera, eta otsailaren 16an Ikasbide Ikastolako konpartsak gauza bera egingo du Loiolako Erriberetako eta Amarako kaleetan 11.30etatik aurrera.