NAIZ

Bilboko mobilizazio handiari jarraipena eman diote azken ostiralean, 2025a oparoa izan dadin

Gatazkaren ondorioak gainditze aldera berebiziko garrantzia izan dezake abiatu berri den urteak. Hori nabarmendu zuten duela hiru urte aste Bilboko kaleetan eginiko manifestazio handian eta asmo hori berretsi dute urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan.

Azken ostiralez Bilbon egin duten mobilizazioaren irudia.
Azken ostiralez Bilbon egin duten mobilizazioaren irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Sarek eta Etxeratek eginiko deialdiari jarraiki, 3.000 lagun atera da kalera urtarrileko azken ostiral honetan 60 herritan. Urte berriari indarrez eman zaio hasiera presoak etxera ekartzeko asmoari dagokionez, baita gatazkak utzitako gainerako ondorioak gainditzeko ere. Helburu hau berretsia izan da dozenaka elkarretaratzetan.

«Bilboko kaleak betez hasi genuen urtea, aurrez 2024ari herrialdetako mobilizazioekin zein auzo eta herrietan egindako mobilizazioekin urteari amaiera eman geniolarik –aipatu dute azken ostiraleko mezuan–. Urtearen amaieran euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidean aurrerapauso handiak eman genituen urtea izan zela esan genuen 2024a, hala ere, urte berriari bide berean sakondu eta behin betiko gatazkaren ondorioen konponbidea bururaino gauza zedin eskatzen geniola aipatu genuen».

«Urtarrilaren 11an diskurtso berarekin jo genuen Bilbora, La Casillara, Autonomiara, Zabalburura… Milaka eta milaka euskal herritarrek Bilboko kaleak bete genituen behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskatzeko, behin betiko biolentzia ezberdinen biktimek merezi duten egia eta aitortza jaso dezaten eskatzeko, behin betiko euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten eskatzeko. Finean, urteetan zehar euskal gizartea kolpatu zuen gatazkaren ondorioak behin betiko amai daitezen eskatzeko», oroitarazi dute Etxeratek eta Sarek.

«Behin betiko etxera abestu dugu urte hasieran leku ezberdinetan, Oiartzungo bertso saioan edo Etxarriko Zama Doinuz Arinduzen adibidez», aipatu dute. Azken honetan sakonduz, bihotzez eskerrak helarazi dizkiete «euskal presoen etxeratzea doinuz arindu duzuenoi, horrenbeste urtetan isilpeko lanean aritu zaretenoi».

Ahalegin guzti hauek batuta, ortzimuga berretsi dute parte hartzaileek eta 2025. honetan bultzada handia emateko aukera dagoela ziurtatu dute. «Argi utzi nahi dugu behin betiko konponbidearen alde lanean jarraituko dugula, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen alde jarraituko dugula lanean eta hori eskatzen diogu euskal gizarteari ere, hori eskatzen diegu sindikatuei, alderdiei, eragile sozial eta politikoiei. Baita estamendu politiko eta judizialei ere, salbuespen legeak amaitzearen alde lanean jarrai dezatela eskatzen diegu, eta salbuespena amaitzeko eman diren lege aldaketak aplikatzen has daitezela eskatzen diegu».