NAIZ

Donibane Garazin ospatuko du Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak

Donibane Garazin ospatuko du aurten Aberri Eguna Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, gaur Nafarroa Behereko hiriburuan egin duten agerraldian jakitera eman dutenez. ‘Elgarrekin, herria, burujabetza’ izango da egunaren leloa.

Donibane Garazi hautatu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak aurtengo Aberri Eguna ospatzeko.
Donibane Garazi hautatu du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak aurtengo Aberri Eguna ospatzeko. (Patxi BELTZAIZ | MEDIABASK)

Azken bi urteetan Itsasun eta Uztaritzen egin bezala, aurtengo Aberri Eguna Donibane Garazin ospatuko du Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, gaur Nafarroa Behereko hiruburuan egin duten agerraldian Mattin Etcheverry eta Ainize Butronek jakitera eman dutenez.

Bertan gogoratu dutenez, 2022 eta 2024 urteen artean, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak gogoeta partekatua egin zuen Bagira prozesuaren baitan. «Ariketa kolektibo hartatik heldu den hamarkadarako ‘Herri bidea’ izeneko bide-orri amankomuna eraiki genuen. Geroztik, proiektu hartan buru-belarri inplikatu ginen eragileak eta sektore ezberdinetako pertsonak elkargune batean biltzen hasi gara bide-orri horren garapena lantzen segitzeko», adierazi dute.

Bi urte horietan elkarrekin antolaturiko ekimen mobilizatzaile nagusia Aberri Eguna izan da eta izpiritu berari jarraituz aurten ere molde bateratuan antolatuko dute.

Testuinguru konplexua

«Aberri Eguna mundu mailako testuinguru konplexu batean heldu da. Krisi anizkoitza bizi dugu, hots, klimatikoa, kulturala, soziala, politikoa eta demokratikoa. Gisa berean, eskuin muturraren eta bere ideien emendatze kezkagarria mundu osoan ezagutzen ari gara. Euskal Herriak ere egoera horren ondorioak zuzenean pairatzen ditu eta, beraz, adi egon behar dugu. Euskal eskalatik, erantzun sendo eta ausartak eman behar ditugu jendarte justu, solidario, jasangarri, euskaldun eta demokratiko baterantz joateko», erran dute.

«Egun, Ipar Euskal Herriak ez du aski tresnarik aitzinean ditugun desafio handiei buru egiteko eta bere nortasuna behar beste garatzeko. Euskal Elkargoaren sorrerarekin batera, urrats garrantzitsua egitea lortu zen, baina aitzinamendu berriak egin behar ditugu burujabetza gehiago ukaiteko, gure identitate kolektiboa azkartzeko eta gai orotan erabakiak hemen hartu ahal izateko», gaineratu dute.

Itxaropenerako arrazoiak

Hala ere, itxaropenerako arrazoiak ere badirela aipatu dute. Horien artean, «jendarte zibil azkar, engaiatu eta mobilizatua» izatea eta arlo ezberdinetan lorpen berriak kausitzen dituena. Etxebizitzaren arloa, klimaren aldeko borroka, sindikalgintza, laborantza herrikoiaren defentsa, euskaragintza, feminismoa edo elkartasun dinamikak aipatu zituzten.

Honekin batera, ezkerreko ideia abertzaleak jendartean hedatzen ari direla eta hori hauteskundeetan ikusten dela gaineratu dute. Horrela, lehen aldikoz Parisen diputatu abertzalea izatea edo Ahetzen herriko bozkak ezkerreko abertzaleak irabaztea lortu dute. «Elkarlanerako bokazioa duen lurraldea garela erakusten ari gara, jendarte zibila eta hautetsien artean sinergia anitz lortzen delarik gai garrantzitsuetan», gaineratu dute.

«Bagira prozesuan finkatu erronka nagusi batean mugimenduak gertatzen ari dira. Hala, Batera berpizteko azken hilabeteetan egiten ari den bidea biziki baikorki baloratzen dugu, lurraldeak behar duen instituzio berri baterantz joateko fase berri bat ideki behar delako eta gehiengo berri bat osatzen hastea beharrezkoa delako frantses Estatuaren aitzinean», erantsi dute.

«Elgarrekin, herria, burujabetza»

‘Elgarrekin, herria, burujabetza’ izanen da aurtengo Aberri Egunaren leloa Ipar Euskal Herrian. «Elgarrekin diogu, mugimendu abertzalea osatzen dugun eragile, sektore eta pertsonek indarrak baturik eta norabide berean aritu behar dugulako gure proiektu eraldatzaile, euskaltzale eta abertzalea gehiago zabal dadin. Elgarrekin ere, abertzaleez haratago, aniztasunean, lurraldeko aktore ezberdinen arteko elkarlanaren bidetik, indartsuagoak garelako Euskal Herriak dituen desafioei buru egiteko», azaldu dute.

«Herria diogu, Euskal Herria garelako, zazpi herrialdez osaturiko nazioa, eta libre bizi nahi dugulako, gainerateko herriekiko berdintasunean. Herria diogu ere, hemen bizi diren herritar guziez ari garelako eta interes orokorra nagusitu behar delako, ororen gainetik. Eta herria diogu ere, herriarekin egin behar dugulako borroka, manera kolektiboan, parte hartzailean eta demokratikoan», gaineratu dute.

«Burujabetza da mugimendu abertzaleak gure herriarentzat proposatzen duen helmuga eta bidea. Burujabetza, Euskal Herriari botere politikoa bermatuko dion koadro instituzionalari dagokienez. Eta burujabetza, egunez egun, arlo ezberdinetan eraikitzen diren alternatiba eta proiektu konkretuen bidez. Bi erronka horietan eskala aldaketa bat beharrezkoa da, jauzi bat maila politiko-instituzionalean eta zabalkunde bat burujabetza espazioen garapenean», osatu dute.

Donibane Garaziko hitzordurako egun osoko eta belaunaldi guztientzatko proposamena lantzen ari dira: elkarteen eta dinamiken herrixka, mobilizazioa, ekitaldia, bazkaria eta kontzertuak. Lan txandetarako izena emateko bideak ondoko asteetan zabalduko dituzte.