
Talaia Feminista Unea egin dute gaur EHUko Sarrikoko Enpresa eta Ekonomia Fakultatean, Bilbon. Bertan, 2024. urtea aztertzeko plazaratutako dosierra landu dute eta, besteak beste, molde desberdinetako indarkerien haziera izan dute mintzagai. Guztira. 180 emakume feminista subiranistak hartu dute parte ariketa kolektiboan.
Duela aste gutxi argitaratu zuten dosierra eta haren aurkezpenean azpimarratu zuten egiaztatu ahal izan dutela «indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz». Hala, Talaia Feminista Uneko lehenengo mahai inguruan berretsi dutenez, indarkeria ez ezik inpunitatea ere areagotu egin da, eta horrek segurtasun faltaren sentsazioa eragin dezakeela azpimarratu dute.
Indarkeriez hitz egiterakoan, biolentzia matxistaz gaindiko irakurketa egin dute Talaiakoek. Gerraz eta emakumeengan duen eraginari heldu diote, nabarmenduz gatazka armatuen hazkunde globala, baita gastu militarra areagotzea, eta diskurtso militaristen normalizazioa ere. Ildo horretatik, beharrezkoa deritzote Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa berrartzea.
Lurraldea da azterlanak jasotako beste gaietako bat. Bertan, gogora ekarri dituzte iaz izandako nekazaritza sektoreko mobilizazioak eta kezkarako arrazoi lez aurkeztu dute krisi ekologikoari aurre egiteko modua megaproiektuetan oinarritu izana.
Eskuin muturrak Europan izan duen goraldi orokorrak sortzen duen kezka agerikoa izan da Bilbon egindako hausnarketa kolektiboan. Horren aurrean, Euskal Herrian dagoen «arkitektura soziopolitikoa» zaintzearen garrantzia azpimarratu dute.
Zentzu honetan, azpimarratu dute indarkeria matxistaren aurkako borroka instituzionalizatu egin dela eta horrek aukerak beste arrisku dakartzala. Alde onik ere aipatu dute, mugimendu feministak mobilizatzeko erakutsi duen ahalmena, adibidez. Hortik erantzun behar dela iritzi dute: «Biolentziak izandako gorakada horren aurrean, baitezpadakoa da egon badiren erantzun eta erresistentziak indartzea eta metatzea, besteak beste, zigorgabetasuna salatu eta segurtasun ezaren sentsazioa erauzteko, eta indarkeria politizatzeko».
«Itxaropena elikatu»
Bigarren mahainguru batean, Euskal Herriko berdintasun politikez eta egitura publikoez eta osasun mentalaz aritu dira. Talaia Feministaren arabera, mugimendu feministak izan du nahikoa gaitasun berdintasun politiken gaia agenda politikoan kokatzeko, baina eragiteko gaitasuna galdu duela antzematen du. «Hala, 90eko hamarkadatik aurrera, feminista asko [berdintasun] teknikari bihurtu ziren. Baina, aldi berean, mugimendu feministan, oro har, mesfidantza zabaldu zen», oroitu dute. Horren aurrean, harremanak indartu behar direla iritzi diote, eta baieztatu dute erakundeen erantzukizuna dela feminismoa eta mugimendu feminista entzun eta parte egitea.
Buruko osasun orokortuez hitz egiterakoan, sistemaren porrotarekin lotutako hainbat faktore identifikatu dituzte, hala nola prekarietate materiala eta segurtasun eza, eraikitako espektatiben eta errealitatearen arteko tentsioa, komunitate sentimendua ahultzen duen isolamendua, eta isiltasunak ezkutatutako indarkeria matxista.
Auzi honi erantzutea beharrezkoa dela agertu dute. Horretarako, hasteko, osasun mentalari buruzko ezagutza falta borrokatzera dei egin dute eta, horrekin, «modu kolektiboan itxaropena elikatzea».

Así eran los 318 muertos a manos policiales o ultras en la alabada «Transición española»

La alcaldesa de Castejón, de UPN, prohíbe usar el carbunclo pomelado tras vincularlo con ETA

3 de Marzo: El recuerdo y la reivindicación obrera vuelven a acabar con carga de la Ertzaintza

Denuncian como «paripé» de la GC la intervención contra La Tienda Comprometida
