Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
Elkarrizketa
Iker Araguas eta Ixone Fernandez
Euskal Herriko Torturatuen Sarearen talde sustatzaileko kideak

«Itzaletik argira pasatu behar dugu torturatuok, aitortzarako garaia da»

Iker Araguas eta Ixone Fernandez larunbatean Kursaal Jauregian modu ofizialean aurkeztuko den Euskal Herriko Torturatuen Sarearen talde sustatzaileko kideak dira. «Azken urte honetan egindako lanaren helmuga da, baita prozesu oso baten abiapuntua ere», adierazi dute NAIZekin eginiko elkarrizketan.

Ixone Fernandez eta Iker Araguas, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen talde sustatzaileko kideak, Bilbon.
Ixone Fernandez eta Iker Araguas, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen talde sustatzaileko kideak, Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | Foku)

Hamarkada desberdinetan atxiloketa eta inkomunikazio garaian torturak pairatu zituzten 700 bat pertsona elkartuko dira Donostiako Kursaal Jauregian, datorren larunbatean, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aurkezpenean. Ate irekiera 10.15ean izango da.

«Gai honetan gu gara adituak. Lehen lerrora pasatu nahi dugu. Orain arte ukatu eta kriminalizatu gaituzte, gezurretan ari ginela esanez. Ukazio horrek suposatzen du ez zarela existitzen, eta horrek zaildu egiten du sendatu ahal izatea. Euskal Herri mailako saretze kolektibo honek protagonismoa torturatuei ematea ahalbidetuko du», adierazi dute Iker Araguasek eta Ixone Fernandezek, talde sustatzaileko kideak.

«Itzaletik argira pasatu behar dugu, aitortzarako garaia da. Gu ere errelatoaren parte gara. Ezinbesteko pieza bat gara Euskal Herriko historiaren puzzlea benetan osatzeko», nabarmendu dute. Horregatik dei egiten diete torturak sufritu dituzten pertsona guztiei bertaratzera.

Zeren abiapuntua izan nahi du Kursaaleko ekitaldiak?

Iker ARAGUAS.: Nafarroan egindako ibilbidea oinarri hartuta, torturatu ahalik gehien batu eta saretu nahi ditugu. Errolda ahalik zabalena eta osatuena izateko, torturatu gehienengana iritsi nahi dugu.

Saretzearen helburua torturatuak protagonistak izatea eta eragile aktibo bat bilakatzea da. Aitortzaren eta errekonozimenduaren bidean ere sakondu nahi dugu.

Ixone FERNANDEZ: Gai honetan gu gara adituak. Lehen lerrora pasatu nahi dugu. Orain arte ukatu eta kriminalizatu gaituzte, gezurretan ari ginela esanez. Ukazio horrek suposatzen du ez zarela existitzen eta horrek zaildu egiten du sendatu ahal izatea.

Euskal Herri mailako saretze kolektibo honek protagonismoa torturatuei ematea ahalbidetuko du. Torturatu guztiei dei egiten diegu, Kursaalera bertaratzeko. Jakitun gara agian ez garela guztiengana iritsi; eta deialdi honen berri beste bideren batetik jasotzen badute ere, ongi etorriak dira larunbat honetako hitzordura.

Emakumeei bereziki dei egiten diegu, askotan pauso hori ematea gehiago kostatzen zaigulako. Mundu guztiak izango du lekua.

Garai batean «manual» bat jarraitzen zenutela esaten zen. Adierazpen horretatik gaur egun arte zer nolako eboluzioa ikusi duzue?

I.A.: Gure datuen arabera, azken tortura salaketa gatazka politikoaren testuinguruan 2014. urtekoa da. Hamar urte besterik ez dira igaro. Kriminalizazioak, ditxosozko «manualak», ukazioak… markatu zuten ordura arteko ibilbidea.

Torturan ez dute soilik Estatuko segurtasun indarrek parte hartu; auzi medikuek, politikariek, epaileek… sare oso batek ere parte hartu du. Hori guztia desmuntatzea, itzaletik argira pasatzea, sekulako lana da.

Azken hamar urte hauetan lortu dugu baldintza objektibo batzuk sortzea; ikerketa zientifiko, independente eta profesional bat egon da; bost milatik gora kasu argitara atera ditu.

 

«Torturari buruz hitz egiten duzunean, meloi bat irekitzen ari zara; jendearen barrenak mugitzen dira eta iraganeko mamuak berpiztu daitezke. Bide hau zabaltzen dugunean, ez dugu inor bazterrean utzi nahi»

Bai Nafarroan bai EAEn esparru legal bat sortu da Estatuko biktimak aitortzeko, eta dagoeneko lehenengo aitortza ofizialak egin dira. Hala ere, izugarrizko lana dago egiteko, torturatuen benetako dimentsio politikoa eta soziala azalarazteko.

Lehenengo hormatzar hori botatzea lortu dugu, baina oraindik beste asko ditugu botatzeko. Adibidez, non daude erantzuleak? Eta aitortzarako ekitaldi publikoak?

I.F.: Egiten ari garen honek guztiak berebiziko garrantzia du justu horregatik. Belaunaldi berriek ez dute gatazka politikoa bizi eta tortura urrun gelditzen zaie.

Gatazka bizi izan duten belaunaldiei begira, badaude tortura inoiz zalantzan jarri ez dutenak, kriminalizatu gaituztenak edo beste aldera begiratu dutenak.

Tortura Estatuaren estoldaren parte izan da. Egia eta aitortza asko jarri behar dira oraindik mahai gainean. Baina egia da gero eta zailagoa egiten zaiela tortura modu sistematikoan existitu dela ukatzea.

Tortura ez da gutxi batzuen jarrera isolatua izan, oso ondo diseinatuta egon den sistema bat izan da eta babes osoa izan du; horregatik izan da hain arrakastatsua sei hamarkada hauetan.

Kursaalen 700 torturatu inguru elkartuko zarete. Nola izan da horiek guztiak bildu ahal izateko prozesua?

I.A.: Ia urtebeteko lana izan da. Duela urtebete, otsailaren 13aren testuinguruan aurkeztu genuen Bilbon talde sustatzailea.

Nafarroan egindako moduan, Euskal Herria mailan sare bat sortzeko baldintzak zeudela ikusi genuen.

Torturatuak izandako pertsonekin biltzen eman genuen udazkena. Osotara, 25 bat batzar egin ditugu eskualdez eskualde, Nafarroa kanpo utzita. Horietan jendearen kezkak, zalantzak... partekatu ditugu.

I.F.: Inurri lana izan da. Eskualdeka banatu ginen, eta herriz herri, ahoz aho, bilerak egin ditugu, sarearen nondik norakoak azaltzen, parte hartzeko gonbitak egiten.

 

«Egia eta aitortza asko jarri behar dira oraindik mahai gainean. Baina egia da gero eta zailagoa egiten zaiela tortura modu sistematikoan existitu dela ukatzea»

Kafe asko partekatu ditugu, gaia mingarria baita eta jende askori oraindik beldurra ematen baitio, edo psikologikoki ez da gai sentitzen torturaz hitz egiteko. Hala ere, 700 pertsona baino gehiagok parte hartu dute.

Nafarroako esperientziak zer irakaspen utzi ditu?

I.A.: Sare bezala eratzean ez gaudela bakarrik sentitu dugu. Horixe izan da lehenengo irakaspena, askotan, tortura modu bakartian edo pertsonalean bizi izan den zerbait izan baita.

Ahalduntze kolektibo bat egon da; norberak bere burua kolektibo baten barruan errekonozitzea ahalbidetu du.

Batzarretan beti esaten dugu, torturaz hitz egiten denean meloi bat irekitzen duzula; jendea mugitzen da eta iraganeko mamuak berpizten dira.

Bide hau zabaltzen dugunean, ez dugu inor bazterrean utzi nahi; horregatik, zaintzari garrantzi handia ematen diogu.

I.F.: Tortura ez da amaitzen komisariatik irteten zarenean. Zure motxilaren parte bilakatu daiteke bizitza osoan.

Batzuetan, tortura bizi izan ez duen norbaiti azaltzen diozunean, ez zaitu ulertzen, baina torturatuen artean errekonozitzen gara, hizkuntza bera hitz egiten dugulako; ez gara epaituak sentitzen, bidea egiten asko laguntzen duen elkar ulertze bat dago.

Nolako «feedbacka» jaso duzue saretze prozesuan eragile eta erakundeen aldetik?

I.A.: Lehen torturatu gisa alderdi politikoengana joaten ginenean, askok ateak ixten zizkiguten.

Gaur egun Nafarroan harreman esparru bat irekitzea lortu dugu. Legebiltzarreko indar politikoekin eta sindikatu guztiekin bildu gara, eta inork ez du gure errealitatea ukatu.

Torturatua izan zarela aurpegira ez ukatzea oso garrantzitsua da. Asko kostatu da honaino iristea.

 

«Bakarkako aitortza ofizial batek ez du ezertarako balio, baina bakarkako ehunka aitortza ofizialen baturak potentzialtasun handia izan dezakeen argazkia erakusten du»

Hedabide askok ere orain arte ezkutatu duten errealitate bat izan da, baina entzutera etortzea eta errealitate honen berri ematen hastea garrantzitsua da.


I.F.: Testuinguru politikoa aldatu da eta piezak mugitu egin dira. Atzerapausorik ez dagoen abiapuntu batean gaude. Gure prozesu honetan protagonistak izan nahi dugu.

Errekonozimendu ofiziala lortzeko tramitazio burokratikoan ere bidelagun izan nahi du Torturatuen Sareak.

I.A.: Norberaren esku uzten dugu ibilbidea nola egin nahi duen erabakitzea.

Batzuek nahikoa izango dute sareko kide izatearekin, beste batzuek haien lekukotasuna ematearekin, eta beste batzuek aitortza ofiziala lortzeko zabaldutako marko legal horietan aurrerapausoak eman nahiko dituzte.

Batzordearen aurrean testigantza ematera joaten direnerako, aurretik informazioa jasota joatea da gure helburua.

I.F.: Baliteke norbaitek aitortza ofiziala tramitatzeko bidean atzera egitea, galduta sentitzen delako edo mamuak berpizten zaizkiolako. Sarea horretarako dago.

Bakoitzak erabakiko du zein urrats egin nahi dituen, jakinik gu beti izango garela bidelagunak.

I.A.: Erakundeekiko logikoa den mesfidantza ere badago. Gertatu izan da Eusko Jaurlaritzaren dei bat jaso eta telefonoa eskegitzea, ez delako fidatzen, agian bide horren berri ere ez duelako. Jendeari informazioa, konfiantza eta denbora eman behar zaizkio.

Zer garrantzi du errekonozimendu ofiziala lortzeko prozesua egiteak?

I.A.: Bakarkako aitortza ofizial batek ez du ezertarako balio, baina bakarkako ehunka aitortza ofizialen baturak potentzialtasun handia izan dezakeen argazkia erakusten du, aitortza ofizialak direlako.

Eta aitortza horietatik etor daitezke erreparaziorako bideak, berriro ez gertatzeko bermeak, justiziarako eta egiarako bideak.

Baliabide horiek aprobetxatu behar ditugula uste dut, torturari dagokionez aitortzaren bidean aurrerapauso garrantzitsuak emateko.

Inor behartu gabe baina garrantzitsua izan daiteke hori egitea.

I.F.: Itzaletik argira pasatu behar dugu, aitortzarako garaia dela aldarrikatu behar dugu. Ezin daiteke zerbait itxi edo erreparatu, existitzen ez bada.

Gu ere errelatoaren parte gara. Ezinbesteko pieza bat gara, Euskal Herriko historiaren puzzlea benetan osatzeko.