NAIZ

40 Minutu Rockek bertan behera utzi du La Inquisicion taldearen kontzertua

40 Minutu Rockek La Inquisicionek jaialdian eman behar zuen kontzertua bertan behera uztea erabaki du, azken egunotan taldeko zenbait musikarik talde naziekin harremanak dituztela argitaratu ostean. La Inquisicionek, bere aldetik, «presoekiko eta injustiziekiko» duen konpromisoa berretsi du.

La Inquisicion talde kataluniarrak ez du 40 Minutu Rocken joko.
La Inquisicion talde kataluniarrak ez du 40 Minutu Rocken joko. (HFMN)

40 Minutu Rock musika eta elkartasun jaialdiko antolakuntzak La Inquisicion talde kataluniarrak larunbat honetan jaialdi durangarrean eman behar zuen kontzertua bertan behera uztea erabaki du, sare sozialetan zabaldutako mezu batean azaldu dutenez. Azken egunetan zenbat militante antifaxistak musika taldeko zenbait partaidek talde naziekin harremanak dituztela zabaldu dute.

«Talde honi buruz zabaldu diren berriak jaso bezain laster egoerak eskatzen dituen pausoak eman ditu 40'Rock jaialdiaren antolakuntza taldeak: La Inquisicion taldearekin harremanetan jarri ginen, iritsi zitzaizkigun iruzkinak zirela-eta, informazioa kontrastatzeko asmoz. Horrez gainera, iruzkinak helarazi eta testua idatzi zuten norbanakoekin harremanetan jarri gara», adierazi dute.

Egoera aztertuta, La Inquisicion taldearen kontzertua bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.

«Argi utzi nahi dugu ez dugula gure jaialdiaren aurkako inolako akusaziorik onartuko, gure ibilbide, militantzia eta borrokak soberan erakusten baitute nondik gatozen eta nora goazen», nabarmendu dute jaialditik, eta gogorarazi dute 40 Minutu Rock «euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko jaialdia» dela, eta «denak etxeratzeko borrokan jarraitzeko deia» luzatu nahi izan diote euskal jendarteari, larunbat honetan Durangoko Landakon «jaialdia babestu eta indarrak batuz askatasunaren aldarria zabaltzeko».

Kontzertua bertan behera utzi dela iragarri ostean, La Inquisicion taldeak ere komunikatu bat zabaldu du sare sozialen bidez. Bertan, «preso politikoekin eta ahula zigortu eta errepresiogilea saritzen duen sistema honen injustiziekin» duten konpromisoa berretsi dute.

«Hau ez da nobleak eta bidezkoak kontsideratzen ditugun kausen alde gure hondar alea jartzen dugun lehenengo ez azkenengo aldia ere, arrazismoaren eta faxismoaren aurka», aipatu du Bartzelonako taldeak, eta «nor garen jakin nahi baduzu» beren musika eta letrak entzutera gonbidatu dute jendartea.

Era beran, «zarataz eta distortsioz betetako mundu birtual eta inozoaren» aurka agertu dira, euren hitzetan, eremu horretan dena gertatzen baita «oso bizkor» eta iritzi oro bilatzen baita kontsumorako material. «Kalean jarraitzen dugu, erraza da gu aurkitzea eta inoiz ez diogu uko egiten inorekin behar den orotaz hitz egiteari», ireki dute atea. 

Ordutegiak

Era berean, Landakoko gune handiko kontzertuen berri ere eman dute jaialdiko arduradunek:

10.30 Ate irekiera

11.00 Sukena

12.20 Chuleria joder

13.05 La Txama

14.10 Toc

15.20 --

16.30 Pinpilinpussies

17.35 Tatta & Denso

18.45 Añube

19.45 Ekitaldia

20.05 Nakar

21.10 Anestesia

22.35 Kaleko Urdangak

23.50 Süne

00.50 Dupla