
Iruñeko Laban aurkeztu du asteazken honetan Ernaik Gazteon Eskutik ekimeneko egitaraua. Apirilaren 17tik 20ra bitarte ospatuko dute aurkezpenaren tokitik bertatik bost kilometro eskasera, Berriozarren. Musika eta aldarria lotu nahi izan dituzte egitarauan, eta hitzaldiei «garrantzi berezia» eman dietela gaineratu dute.
«Une erabakigarria bizi dugu, bai mundu mailako erronkei dagokionez zein Euskal Herriaren askapen prozesuaren ikuspegitik jauzi berri bat egiteko aukerei dagokionez», azaldu dute testinguruari begiratuta. Kontatu dute etorkizunera begiratu eta «gero eta gazte gehiago» direla independentzia baino ikusten ez dutenak. Eta horren adibide direla irailaren 8an Donostian bildutako milaka gazte independentistak, edota urriaren 12an Tafallan egindako mobilizazioa.
Gazteon Eskutik «indar guzti horren bilgune» izango dela azpimarratu dute: «Inoiz baino premia handiagoa duen testuinguru honetan jauzi berri bat emateko abagunea izan nahi du».
Horretarako, musika eskaintza anitza osatzeaz gain, hitzaldiei ere berebiziko garrantzia eman dietela gaineratu dute. Batetik, «mugimendu bezala ditugun erronkez hitz egiteko» tarte bat sortu nahi dutela kontatu dute, Ernaiko gazteen ustez ziklo politiko berri baten «atarian» kokatzen garelako, eta beharrezkoa iruditzen zaie horren inguruan mintzatzea. Ernaik emango duen «hitzaldi zentrala» edota ‘Euskal Nazio Askapen Mugimendua’ izenburu duen hitzaldia dira bi adibide.
Bestetik, «gazteek kalean hitz egiten dituzten problematikek edo gaiek» lekua izan behar dutela iritzita, horiei ere tarte bat eskainiko zaie: Etxebizitza, euskararen egoera, krisi klimatikoa, gazteen arteko tendentzia erreakzionarioak…
Hizlarien artean Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Idurre Eskisabel, Iñigo Ranero, Jule Goikoetxea, Maider Galardi, Lander Garcia edota Ibai Zabala izango direla aurreratu dute.
Ohartarazi dutenez, hitzaldi eredu «klasiko» eta «masterclass ereduaz» harago, bestelako formatuak proposatuko dituzte: hitzaldi musikatuak, dokumentalen proiekzioak, tailer parte-hartzaileak…
Eszenatokietan
Musikari dagokionean, apirilaren 17tik 20ra Berriozarren izango diren kontzertu batzuen berri eman dute, nahiz eta oraindik «sorpresaren bat» geratzen dela aurreratu. Biznaga, Olatz Salvador, Naxker, La blackie, Sukena, Euskoprincess, Nøgen, Brava, Skabidean, Marte Lasarte, Burutik, Sustrai Berriak, Toc, Herdoil, XSakara edota Zilibito Records taldeak bertan izango direla baieztatu dute.
Eta beste hainbat izen ere aurreratu dituzte, esaterako Bele, Alaune MRK, Apotheke, Elena Barker, Aimarz, Ganibet, La Furia, La Fulana, Maruxak, Xaukena Xauk eta beste asko.
Informazio guztia Ernai Gazte Antolakundearen webgunean dagoela jakinarazi dute, eta sarrerak ere webgunean bertan erosi daitezkeela.


Bide laburrari agur ederra eman dio Chill Mafiak BECen

Franco, «perplejo» en su regreso para celebrar el 75 aniversario de la Txantrea
.jpg)
Fallece una joven de 15 años y otra persona de 21 resulta herida en un accidente en Getaria

Gazte Asanblada de Burlata anuncia un acuerdo con el Ayuntamiento para el nuevo Gaztetxe
