NAIZ

Euskal Herriko torturatuek saretzearen eta memoriaren garrantzia nabarmendu dute O13an

Torturaren aurkako egun honetan, Euskal Herriko Torturatuen Sareak, sortze prozesuaren azken pausoaren atarian, saretzearen garrantzia nabarmendu du ohar baten bidez. Era berean, gertatutakoa «aitortu eta erreparatzeko» garaia dela defendatu du, «ahanzturaren zakuan erori ez dadin».

Larunbatean aurkeztuko da Euskal Herriko Torturatuen Sarea.
Larunbatean aurkeztuko da Euskal Herriko Torturatuen Sarea. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Larunbat honetan, otsailaren 15ean, Euskal Herriko Torturatuen Sarea publikoki aurkeztuko da Donostiako Kursaalean. Gaur, torturaren erreferenzia den otsailaren 13an, Euskal Herriko Torturaren Aurkako Egunean alegia, «aitortzaren bidean urrats sendo eta garrantzitsua eginen dutela» nabarmendu dute, «fase berri bat» irekiz.

Fase berri horri ekiteko indarrak biltzen aritu dira azken hilabeteetan. Hala ere, hemendik aurrera «indar handiagoa» beharko dutela adierazi dute. Zentzu horretan eman diote garrantzi berezia larunbateko zitari eta saretzen jarraitzeko prozesuari.

«Badakigu ez garela tortura pairatu zuten lagun guztiengana oraindik heldu; baliteke horietako askorengana ez heltzea. Baina gure hautua argia da, eta horregatik, tortura jasan duten horiengana zuzentzen gara berriro ere: hemen baduzu lekua eta babesa», gehitu dute.

Bide beretik, konpromiso bat helarazi nahi izan diote bai herritarrei, bai tortura jasandako lagun guztiei: «Egin ziguten guztia, herri honetan milaka lagun torturatuk indar polizialen eskuetan pairaturiko guztia, ez da ahanzturaren zakuan eroriko. Hori guztia aitortu eta erreparatzeko garaia da».

Memoria ariketa hori etorkizunera begirako lanketa gisa ulertzen dute. «Gure hautua ez da sufritu genuen horrekin atzera begiratzea, berdintasunean eta askatasunean etorkizuna ehuntzea baizik».