Kazetaria / Periodista

Hezkuntza Saila desegitea da Donald Trumpen hurrengo urratsa

Agintea hartu zuenetik indarrean jarri duen «lur errearen» politikak Hezkuntza Saila dauka jomugan uneotan. Elon Musken «Eraginkortasun» Saila Washingtongo bulegoan egon da egunotan, eta ehunka milioi dolarreko murrizketak agindu ditu.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Aspaldi zen ezaguna Donald Trumpek Hezkuntza Sail federala begi-puntuan jarrita zeukala. Behin baino gehiagotan haurrak doktrinatzea leporatu dio, eta errepublikano eskuindarrek beti gaitzetsi dute, arrazismoa hain sakon errotutako herrialdean, bazterketa horren oinarrian dauden motiboak azaltzea. Esklabotzari, eskubide zibilei eta arrazakeriari buruzko herritar kritikoak heztea eskuin muturraren obsesioetako bat da aspalditik.

Hala, Usaid nazioarteko garapen agentzia ia erabat itxi ostean, Hezkuntzaren txanda da orain. Joan den astean, Elon Muskek gidatutako DOGE «Eraginkortasun Saileko» taldea Washingtongo Hezkuntza Sailaren bulegoetan sartu zen. Herrialde osoko dozenaka milioi ikasleri buruzko datu pertsonal eta ekonomikoak jasotzen zituzten datu baseak bereganatu zituzten. Kongresista demokratek protesta egin zuten kalean, inork hautatu gabekoek eta Kongresuak baimendu gabeko pertsonala datu sentiberak biltzen ari ziren bitartean, herritarren ordezkariak kalean geratu behar izan zuten. Segurtasun arduradunek barrutik itxi zuten eraikina.

Astelehenean Elon Muskek 101 milioi dolarreko 29 DEI ikastaro (dibertsitateari buruz) bertan behera uzten zituztela iragarri zuen. Biharamunean kopuru hori biderkatu egin zuten: 89 kontraturen etena iragarri zuten, 881 milioi «aurrezteko». Murrizketak funtsean ikerketa eta estatistika bulegoa ezabatzea dakar. Datu eskerga horretan daude herrialdeko ikasleen emaitzak, eskolen segurtasuna, batxilergoko zientzia ikastaroa eta beste hainbat elementu daude eta hezitzaileetatik ikastetxe, unibertsitate zein hezkuntza sailetara, oso erabiliak dira.

Kalteak

Are gehiago, datu horien galerak ondorio oso kaltegarri bi berehala izango dituela iragarri dute: batetik, gizartean eta ekonomikoki zailtasun handienak dituzten familietako haurrei eragingo die. Baina, bestetik, herrialde bezala ere nazioarteko lehiakortasuna kaltetuko du, beste herrialde batzuk ikerkuntzan berebiziko apustua egiten ari diren sasoian.

Melanie Stansbury Mexiko Berriko kongresistak asteon Huffington Post-en salatu duenez, «aktiboki desegiten» ari dira Hezkuntza Saila. Joan den asteartean Washingtongo eraikin ofizialaren «seigarren solairuan dirulaguntzak eta kontratuak bertan behera uzten ari» zirela gaitzetsi zuen. Kongresistaren arabera, Trumpen Administrazioak «probak egin ditu azken asteotan, hauxe prestatzeko» eta, honenbestez, «Hezkuntza Saila desegin egingo dute datozen egunetan».

Askoren iritzian, presidenteak edo haren menpeko langileek ezin dute legalki Hezkuntza bezalako sail bat itxi, kongresuaren oniritzia behar baitu, «badakite ez dela legala. Baina, hala ere, egiten ari dira. Uneotan egin dezakegun gauza bakarra auzitegietara joatea da», salatu du Mexiko Berriko kongresistak. AEBn komunitate indigena gehien dituen estatuetako bateko ordezkaria izanik, Stansburyk kezka agertu du bereziki jatorrizko herrietako komunitateetako hezkuntza programekin (tribal education programs).

Iaz eskuin muturreko Heritage Foundation-ek hezkuntza publikoa ume guztiei, edozein immigrazio estatus dutela, bermatzen dien 1982ko printzipio konstituzionalaren (Plyler v Doe) aurkako lege bat egiteko eskatu zieten estatu errepublikanoei. Orain, bost estatutan gutxienez, hori bera egiten ari dira, migratzaileen seme-alabei hezkuntza oztopatzeko asmoz.

Auzitegietara

Igandean, Super Bowl-aren aurretik Fox telebistako Bret Baier-ekin egindako elkarrizketan, Donald Trumpek berretsi zuen Hezkuntza Saila desegiteko asmoa zeukala, eta hori zutela hurrengo ekimena, Usaid agentzia itxi ondotik. Asteon bertan, DOGEn Muskek hartu dituen jarraitzaileak Hezkuntza Sailera eta Pentagonora joango zirela iragarri zuen Trumpek.

Trumpek lehen ere esana du Hezkuntza Saila desegin eta estatuen esku utzi nahi duela ardura hori. Zenbait hedabidek nabarmendu zuten Musken hurrengo jomugan zegoela Saila. CNNk, esaterako, bi urratsetako «leherketa kontrolatua» aurreratu zuen: presidentearen agindu exekutibo bat Hezkuntza Sailari lehendabizi, egungo egitura erabat mehartu eta askoz txikiagoa den zerbait bihurtzeko. Era berean, Saila erabat desegiten hasteko eskaera bidaliko luke Etxe Zuriak Kongresura, azken urratsa Legislatiboari baitagokio.

Usaiden kasuan, 14.000 lagunetik 250era murriztea agindu du Trumpek, eta asteartean erakunde horretako inspektore nagusia kaleratu zuen, Etxe Zuriarekin kritikoa zen txosten bat argitaratu ostean. Inspektore nagusiek Gobernu-agentzien ikerketak eta auditoriak egiten dituzte, iruzurra, bidegabeko erabilera eta beste kasu batzuetan. Legearen arabera, inspektore nagusiak kaleratu aurretik administrazioak 30 eguneko abisua eman behar dio Kongresuari, horretarako arrazoiak zehaztuz. Trumpek urrats horietako bakar bat egin gabe kanporatu ditu hainbat inspektore. Joan den astean epaile batek behin-behinean eten egin zuen atzerriko langileak berehala ebakuatzeko agindua, baita ia 3.000 langile etxera bidaltzekoa ere. Inspektore orokorrei lotuta dauden Gobernu-agentzia baten tratu txarrei, iruzurrari eta hondakinei buruzko ikerketak eta auditoretzak zuzentzeaz arduratzen dira. Hainbat administraziotan balio dezakete eta haien gomendioak eta aurkikuntzak ere kaleratu ditzakete.

Demokratak Kongresuan gutxiengoan egonda, auzitegietatik etorri da Trumpen eta Musken politiken aurkako erreakzio nagusia. Epaileek geraraztea agindu dituzten neurriak, askotan, sindikatuek ezarritako salaketen ostean gertatu dira. Langileen ordezkariek adierazi dutenez, azken asteotan aspaldi ez bezala igo da afiliazio kopurua Trumpek bereziki zigortu dituen sektoreetan, besteak beste funtzionario federalen sindikatuetan eta irakaskuntzakoetan.

Musken protagonismoa Etxe Zurian

Elon Musk, munduko pertsona aberatsena, Etxe Zurian agertu da lehen aldiz. Bulego Obalean Donald Trumpen aldamenean agerraldia egin zuen asteartean, eta Musk bera izan zen hitz gehien egin zuena.

MAGA bisera bat eta beroki beltz luze batez jantzirik, Musk harroputz mintzatu zen. «Herritarrek Gobernuaren erreforma handi baten alde bozkatu dute, eta hori da izango dutena», esan zuen. Interes gatazka agerikoa nabarmendu zion kazetariari (Musken konpainiek kontratu federal ugari dituzte) lotsarik gabe erantzun zion: «Ez naiz ni kontratua aurkezten duena. SpaceX-eko jendea da». Musken langileak, alegia.