Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Elkarrizketa
Aritz Erkiaga, Ion Ibarluzea, Ludovic Laduche eta Mikel ‘Manci’
Winter Serieseko finalistak

«Zesta-puntak gure lana eta sakrifizioa behar du, guk ere ikuskizuna eman behar dugu»

Ludovic Laduche (Getari, Lapurdi, 1994) eta Mikel Mancisidorrentzat (Mutriku, 1999) lehen finala da Winter Series-en. «Etapa honetako partida garrantzitsuenean», Aritz Erkiaga (Ispaster, 1987) eta Ion Ibarluzea (Markina-Xemein, 1996), iazko txapeldunak izango dituzte aurrean.

Audio_placeholder

2025eko Winter Serieseko finalistekin solasean

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Erkiaga eta Ibarluzea aurrean, atzean Laduche eta Manci daudela.
Erkiaga eta Ibarluzea aurrean, atzean Laduche eta Manci daudela. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Txantxa eta barre artean, entseguan serioago jarri arte. Giro onean elkartu ziren Winter Serieseko lau finalistak Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Laurak –eta Leon, Laduchen txakurra– mahai baten bueltan elkartu eta, partida handirako karta guztiak ezkutatuta, beraien sentsazio eta hausnarketak azaleratu zituzten, txapela janzteko ilusioaz harago mintzatuta. 

Erkiaga zure hirugarren finala da; Ibarluzea, zuretzat, bigarrena. Presiorik bai?

Aritz Erkiaga (A.E.): Ni neu lasai nago. Lana ondo egiten duzunean badakizu nola joango den. Azterketetara urduri zoaz ikasi ez duzunean. Badakigu zer egin behar dugun eta ni neu, lasai.

Ion Ibarluzea (I.I.): Ez dut presiorik sentitzen. Iaz, agian, bai, gehiago neukan, lehendabizikoa zelako eta Aritzekin jokatzen nuelako, erakutsi beharra sentitzen nuen. Aurten jada, askoz ere lasaiago egon naiz. Bi urte segidan finalean egotea ere ona da, nahi dugu azken urratsa egin eta garaipena eraman, baina ez dut nire burua estutuko horregatik.

Ion, zure kasuan, gainera, aurten are sendoago ikusi zaitugu azken koadroetan. Aritz, zuk nabaritu duzu Ionen bilakaera?

A.E.: Nik beti esan dut, baita Lekerikarekin ere jokatzen nuenean, harremana dela bikotearen gakoa. Kanpoan harreman ona badaukazu, kantxa barruan ere hala izango da; nik ahal dizut edozer esan eta badakit bikotearen onerako dela. Bronka bota behar badiot, botatzen diot, mikrofonoa tapatuta (barrezka). Badakigu irabazteko helburua daukagula biok eta hori harremana, iaztik hona, berdina izatea garrantzitsua da.

Winter Serieseko finalistak, material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Laduche eta ‘Manci’, zuen kasuan, horrelako txapelketa handi batean lehen aldiz zarete bikote eta finalera iritsi zarete. Zer eskaini/eman diozue elkarri?

Mikel Mancisidor (M.M.): Hau jokatu aurretik, iaz txapelketa bat jokatzeko aukera izan genuen Bilbon, ‘Iron Cup’. Ondo konpondu ginen eta aurretik ere elkar ezagutzen genuen. Kantxan elkar ondo ulertu dugu, komunikazioa une oro mantendu dugu, bai partidan, bai partida ostean.

Ludovic Laduche (L.L.): Aspalditik ezagutzen genuen elkar. Beldurrik gabe jokatu duen bikote bat izan gara, faboritoak ez ginelako. Partidaz partida joan gara, finala jokatzeko hautagaiak ziren bikoteen kontra jokatu dugu. Ez dugu presiorik izan. Ez dut uste gako zehatzik dagoenik, baizik eta partidaz partida joan eta ezustekoa bilatzen jakitea.

Zer egin behar da igandean Erkiaga-Ibarluzea mendean hartzeko?

L.L.: Entseguan saiatuko naiz Aritz baino lehenago pilota hartzen... (barrezka). Egia esan, oso ongi jokatzen dute pilota biziarekin; guk motelxeagoak nahiago ditugu. Beraiek ere badakite hori. Partidan zehar, pilota bizia kontrolatzen saiatuko gara eta ea.

Ludovic Laduche: «Gakoa izango da gehiago errematatu eta ahalik eta tanto gehien egitea aurrean»

Eroso sentitu zara txapelketan zehar errematatzeko orduan edo gehiegi kostatu zaizu?

L.L.: Gernika oso pilotaleku handia da, luzea da, hutsune asko daude. Zerbait lortzeko errematatu egin behar da. Ikusi dut nola Aritzek eta Ionek irabazi dituzten, ikusi genuen beraien aurka jokatu genuenean. Gakoa izango da gehiago errematatu eta ahalik eta tanto gehien egitea aurrean. Txapelketa hasieratik nabil saiatzen eta, gorabeherak tarteko, ondo funtzionatu dut.

‘Manci’, zure bilakaera ere nabarmentzekoa da. Iaz debutatu zenuen Winter Seriesen eta aurten finalean zaude.

M.M.: Aurreko urtean, atariko txapelketa bat irabaztetik sailkatu ginen. Eszenatoki oso ezberdina da. Atariko bikote batek hemengo lehoi guztien aurka jokatzea ez da erraza. Disfrutatzera atera ginen. Aurtengo xedea oso ezberdina izan da. Guk bagenekien txapelketa on bat egin genezakeela, sendo ibil gintezkeela ikusten nuen. Dena batu da eta azkenean ondo atera da. Sari bat da finalerako sailkatzea.

Laduche eta Manci, material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Finalerdietara ondoen iritsi zareten bikoteak zarete, baina multzoen fasean finaletik kanpo geratu diren bi bikote nabarmendu ziren: Urrutia-Basque eta Urreisti-Gorka. Zer falta izan zaie?

A.E.: Nik uste dut presio gabe hasi zirela. Hori garrantzitsua da. Beraiek lehendabiziko partida irabazi zutenean, Urreistik ere esan zuen, bigarrengoan urduritasun handiagoa sentitu zuten. Irabazi ahal duzula badakizu, txapelketa oso mediatikoa da... Presioa denontzat dago.

Zuretzat ere bai?

A.E.: Bai. Hor dago. Ni, adibidez, finalerdietako lehendabiziko partidara urduri iritsi nintzen, ze multzoen fasean beraien aurka galtzetik gentozen. Aste guztia buruari bueltaka aritu nintzen, zalantzekin iritsi nintzen. Horregatik esan nuen finalerdietako azken partida garrantzitsua zela finalera lasaiago iristeko, ze badakigu zer egin behar dugun irabazteko. Lortuko dugun edo ez? Baina aurrekoa egiten badugu, aukerak dauzkagu irabazteko. Eta nik pentsatzen dut gazteei hori falta izan zaiela. Presio gabe oso ondo jokatu dute baina presioa eszenan sartu denean, akats gehiago pilatu dituzte.

Ion Ibarluzea: «Ikustea atzetik jendea badatorrela gogor, goi-mailan dabiltzan puntistei irabazteko gai direla, zaleentzat aberasgarria izan da»

Iaz multzoen fasean partida makal gehiegitxo egon ziren. Aurten, pare bat partida salbu, txapelketa lehiakorragoa, interesgarriagoa izan da, ezta? Zergatik uste duzue gertatu dela hori?

I.I.: Egia da azken jardunaldietara emozio gabe iritsi garela. Publikoak agian eskertuko luke azken unera arte ezer ez erabakitzea. Baina horrez gain, aurten ezusteko asko egon dira. Winter Series aurkeztu zen egunean publikoak faborito batzuk hartu zituen eta gero ikusi da gazteak etorri direla indartsu. Faboritoak kanpoan geratu dira eta ikustea atzetik jendea badatorrela gogor, goi mailan dauden puntistei irabazteko gai direla, publikoarentzat aberasgarria izan da.

Orain nola ikusten duzue zesta-punta, zein egoeratan? Moda bat izan daitekeen kezka baduzue? Edo egonkortuta dagoelakoan zaudete?

A.E.: Denok galdetzen digute ea zesta-puntatik bizi garen. Zer da hortik bizitzea? Ez dakit. 1.500-2.000 eurorekin hortik bizitzea da? Honi heldu behar zaio, baina gutxinaka. Aurten 31 txapelketa antolatu ditu Eraman Jai Alai enpresak; duela gutxi hori sinestezina zen. Ondo doala uste dut, baina gure lana eta sakrifizioa behar du, guk ere ikuskizuna eman behar dugu. Gure baldintzak alde batera utzi eta zesta-puntaren onerako begiratu behar dugu. Denok alde batera arraun egiten badugu, uste dut dena iritsiko dela.

Pilotalekuetako giroa nola ikusten duzue?

L.L.: Duela hiruzpalau urtetik ikusten ari gara pilotalekuak urte osoan zehar daudela beteta. Zerbait aldatzen ari da, enpresa bide onetik doala uste dut eta horrela jarraitu behar da. Egia da Iparraldean jendea badagoela, baina udaran kontzentratzen da, ekainetik irailera bitartean.

I.I.: ‘Ludo’-k esan duen bide beretik, hemen aldaketa bat ikusten da. Ez da Gernikan soilik, Bilbon ere antolatu zen iaz txapelketa (Iron Cup) eta jende asko hurbildu zen; Markina-Xemeinen ere badira urte batzuk Karmen jaien bueltan txapelketa antolatu eta pilotalekua betetzen dela. Winter Seriesek badauka fama hori, bonuak erraz saltzen dira eta jende asko etortzen da. Udako txapelketetan hobetu daitekeela ikusten dut eta plaza berrietan ere saiatu behar gara jende gehiago hurbilarazten.

Ion Ibarluzea, material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Umeek zuok errekonozitzea, partida bukaeran zuengana hurbiltzea... Hori ere izango da hauspoa zuentzat, ezta?

I.I: Ikustea umeak pilotalekuetara datozela, zesta-puntan jokatzeko ilusio handiz daudela, guretzat oso pozgarria da. Duela bost bat urte ez zen ikusten hainbeste ume zebilenik zesta-puntan jokatzen ez eta partidak ikusten. Pozgarria da guretzat ere jakitea gero erreleboa egongo dela.

M.M.: Winter Seriesek eta Eraman Jai Alai-k bi gauza lortu dituzte azken urte hauetan. Batetik, pilotalekuetara publiko mota ezberdin bat sartzea. Lehen jende nagusiagoa ikusten zen frontoietan eta gaur egun jende gazte asko ikusten da. Ni gaztea izanda, nire inguruan mugitzen den jende asko pilotalekuek erakartzea oso pozgarria da. Eta, bestetik, ikusi egiten da zesta-eskoletan ume gehiago daudela. Honen guztiaren atzean dagoen oinarria Euskal Herriko zesta-eskolak dira eta horiek indartuta egotea oso garrantzitsua da.

Mikel ‘Manci’: «Honen guztiaren atzean dagoen oinarria Euskal Herriko zesta-eskolak dira eta horiek indartuta egotea oso garrantzitsua da»

Zer eman dizue zesta-puntak eta loraldi berri honek?

I.I.: Bizitza osoa daramagu zesta-puntan jokatzen, helburu bat lortzeko intentzioz. Orain, lortu dugu eta motibazio bat da guretzat. Ez gara bizi honetatik, baina astelehenetan Gernikan jokatzea, pilotaleku guztia beteta dagoela, oso pozgarria da. Satisfazioa ematen dit ikusteak gure kirola hobetzeko urrats handiak egiten dabilela eta ni horren parte izateak.

L.L: Jai Alaira jokatzen duen ororen ametsa da. Txikitan hasi ginenetik ezagutu izan ditugu Miamin jokatu zutenen historiak. Hala ere, hastapenetan, sekula ez nuen irudikatu pilotaleku bete baten aurrean jokatuko nuenik. Hasi nintzenean (2000. urtean), jai alaia hiltzen zegoen. Xistera, plaza libre eta zesta-puntara jokatzen genuen, baina soilik dibertimendurako. Duela urte batzuetatik bizitzen ari garen hau amets bat da. Ez gara gure kiroletik bizi, baina kasik.

M.M.: Ni hasi nintzen garaian, herrian ‘Goixerri’ [Jon Mendizabal] ikusita, Ameriketako amets hori beti daukazu. Pilotarien bizitza Ameriketakoa izan da hainbat eta hainbat urtetan. Halere, zesta-punta disfrutatzeko elementua zen. Duela lau urtetik, hemen loratu eta hemen horrelako txapelketa handiak jokatzea amets bat da. Gorengo mailako txapelketa batean lehiatzea, aukerak izatea proiektu honen parte izateko, oso polita da.

A.E.: Nik gaztetan ez neukan  Ameriketara joateko amets hori. Nahiko despistatua izan naiz beti. Niri dena etorri zait espero gabe. Gero Miami amaitu zenean, pena ematen dizu; hor ohartzen zara izan duen historiaz. Loraldi honek poztasuna ekarri dit eta norbera proiektuaren parte gehiago izateko nahia.

Aritz Erkiaga, material aukeraketan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Orain kontzientzia gehiago hartu duzu kirol honengatik borrokatu behar dela?

A.E.: Orain arte ikusten nuen kirol bat gehiago, ez neukan berari buruzko informazio askorik. Orain Durangon irakasten ari naizenetik, bai ikusten dut azkenengo urteetan gauza asko galdu direla, pilotalekuetako orduak esku pilotak jan dituela, txapelketak ere antolakuntza gehiegirik gabe... Orain, Federazioan ere sartu naiz horiexek kezkak konpontzeko eta ea ahal dugun denon artean zesta-punta hobeto.