NAIZ

Oriok gizonezkoen proiektu berria bide onetik doala erakutsi du etxean

Iker Zabala entrenatzaile eta Gorka Aranberri patroi dituen taldearen prestakuntza bide onetik doa. Oraindik asko falta da traineru denboraldia ofizialki hasi dadin, baina Oriako Jaitsieran denborarik onena lortu dute Donostiarra eta Hondarribiaren aurretik.

Oriotarrak, etxean lortutako garaipena ospatzen.
Oriotarrak, etxean lortutako garaipena ospatzen. (Joxemari OLASAGASTI)

Badirudi Oriok aurtengo denboraldirako prestatu duen gizonezkoen proiektu berria, Iker Zabala entrenatzaile eta Gorka Aranberri patroi dituena, bide onetik doala bere prestakuntzan. Oraindik asko falta da traineru denboraldia ofizialki hasi dadin, baina Oriako Jaitsiera beti izaten da test garrantzitsua traineruentzat eta etxekoek denborarik onena lortu dute zaleen aurrean.

Oriotarrek 19 minutu eta 46 segundoan bete dituzte ibilbideko 6.000 metroak, Donostiarra baino 13 segundo azkarrago eta Hondarribiari 24 segundo sartuz. Atzetik sailkatu dira Ondarroa 29 segundora, San Juan 30era, Orio B 40ra, Getaria 43ra, Zumaia 47ra, Zarautz 53ra eta San Pedro 57ra, parte hartu duten talde nagusienak aipatzearren –izen handiko beste zenbait falta ziren gaurkoan–.

Emakumezkoetan, aldiz, Arraun Lagunakek iazko bideari eusten dio eta azkarrena izan da Oriako uretan. Donostiarrek 13 minutu eta 45 segundo behar izan dituzte 4.000 metro egiteko. Bigarren Orio izan da 7 segundora eta Tolosa hirugarren 24ra.

Arraun Lagunakeko neskak, garaipena ospatzen. (Joxemari OLASAGASTI)

Deigarria izan da hurrengo postuetan izan den parekotasuna: Hibaika izan da laugarren, Zumaia bosgarren eta Hondarribia seigarren, baina hiru talde horiek 32 ehunenekoren barruan sartu dira, irabazlearengandik 33 segundora. Zazpigarren izan den Donostiarra ere oso gertu ibili da, 35 segundora amaituz.

Atzerago, San Juan 44 segundora geratu da, Zarautz 46ra, eta Ondarroa 49ra. Hernanik eta Portugaletek minututik gora galdu dute.

Beste mailei dagokienez, beteranoetan parte-hartzaile asko izan dira Orion, eta denetan azkarrena etxeko Badok13 trainerua izan da, Chapela eta Fortunaren aurretik. Kataluniako llagutak ere dezente irten dira, eta garaipena RCN Tarragonarentzat izan da.