Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Torturatuen 900 ahots aitortzaren eta erreparazioarako bidean «mekanismo integralak» eskatuz

Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu dute larunbat goiz honetan Donostian. 900 lagun inguru bildu dira eta aitortza eta erreparazio ofizialak eskatzearekin batera ez gertatzeko bermeak galdegin dituzte.

Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu dute larunbat goiz honetan Donostian.
Euskal Herriko Torturatuen Sarea aurkeztu dute larunbat goiz honetan Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Euskal Herriko Torturatuen Sarea eratu da, hedatzeko asmoz eta helburu argiekin: Gertatutakoa euskal jendartean zabaltzea eta aitortzarako eta erreparaziorako bidean, erakundeei «mekanismo integralak» garatzeko eskatzea. «Ahalduntze kolektiborako» bidea egin nahi dutela kontatu dute.

Kursaaleko areto handian ez dira guztiak kabitu, eta bigarren gela bat ere bete dute. 900 torturatuen bizipen, min eta ikaspen elkartu dira larunbat goiz honetan Donostiako Kursaalean, guztiak «lenguaia berean» hitz egitearen abantaila zuten, bertaratutakoen ustez. Lehendabiziko batzarra egin dute goizean goiz, eta ondoren, agiria irakurri dute, hunkidura eta txalo artean.

Agurtzane Juanenak eta Iker Morenok irakurri dute amaierako agiria. Juanenak kontatu du 1975eko irailean atxilotua eta torturatua izan zen, Donostian Brigada Politiko Sozialaren eskutik, eta egun Lakuak torturaren biktima aitortu du ofizialki. Moreno 2011ko urtarrilean atxilotu zuten Burlatan, eta Guardia Zibilaren eskuetan torturatua izan zen, Nafarroako Gobernuak torturaren biktima ofizialki aitortu zuen.

Hasteko, gogoratu dute Joxe Arregi torturapean erail zutenetik 44 urte iragan direnean, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen izenean «ahotsa altxatu» eta beraien «momoriaren pisuarekin ahazten ez dugun iragan baten izenean» hartzen dutela hitza.

«Gaur gure ahotsak altxatzen ditugu, ez bakarrik guregatik, baizik eta tortura sufritu zuten haingatik guztiengatik. Garrantzitsuena ez delako egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Sufriarazi ziguten hura ahalduntze kolektiborako erabili nahi dugu. Euskal Herri hobe baten bidean, egiaren aldeko pauso bakoitzean askatasunaren aldeko pauso bat ere badagoelako», adierazi dute emozio betez.

 

Gure ahotsak altxatzen ditugu, ez bakarrik guregatik, baizik eta tortura sufritu zuten haingatik guztiengatik

Larunbat honetan Donostian elkartutakoak Euskal Herriaren historia garaikideko hainbat unetan tortura beren azalean jasotakoen testigantza bizia direla azaldu dute, eta euskal gizartearen aurrean Euskal Herriiko Torturatuen Sarea publikoki aurkeztu: «Torturatuek sortutako eta torturatuentzat baliagarria izan nahi duen tresna da, sare honen parte herri honetan tortura pairatu duen pertsona oro egin nahi dugu, milaka aurpegiren, milaka ahots isilarazi eta ukatuearen bozgorailu izateko».

«Subjektu aktiboa» izan nahi dute torturaren errealitatea jendartera hedatzeko. Aitortu dute badakitela «askoz gehiago» direla, baina zehaztu dute 5.000tik gora direla Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako torturaren ikerketa zientifikoak argitara ateratako kasuak.

Aitortza ofizialak

Bide horretan, Lakuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote aitortza eta erreparazio ofizialerako mekanismoak garatzeko: «Torturatuen errealitatea osatzen duten 1960tik 2014ra bitarte jasotako milaka kasu guztientzako, torturaren errealitatea itzaletik argira ofizialki ateratzeko, hamarkadetako ukazioa behingoz amaituz».

Hirugarren puntu gisa, erantzukin publikoak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute, «torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan delako». Egitura oso baten «babespean gauzatu» eta «justifikatu» ahal izan dela nabarmendu dute, «eta erantzuleak Espainiako Estatuko Segurtasun Indarretik haratago» daudela. Eta aitortzaren eta erreparazioaren bidean erantzukizuna «publikoki onartzea ezinbestekotzat» jotzen dutela gehitu dute. Urte luzetako isiltasuna puskatzeko garaia dela uste dute: «Bada garaia jendarteak eta erakundeek min hori aitor dezaten, herri honek aurrera egin ahal izateko egia osoaren eta justiziaren bidean».

 

«Torturaren aplikazioa Euskal Herrian sistematikoa izan da»

Ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak

«Torturaren ondorioak ez ditugu lagun torturatuek bakarrik pairatu», esanez sakondu dute irakurketa laugarren puntua. Haren ondorio politiko, sozial, kultural eta gizatiarrak ezagutarazi behar direla egin dute aldarri, eta horiek begirada feministatik ere landu behar direla zehaztu. «Erakunde publikoen bidez erreparazioarako mekanismo integralak» sortzearen garrantzia azpimarratu dute eskubide urraketa larri horiek lurraldean izan dituen ondorioak ezagutarazteko bidean.

Jendarteari zein datozen belaunaldiei «gertatu dena argitzea» zor zaiela adierazi dute: «Zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi beharra dago, tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoaiak mahai gaineratu behar diren bezalaxe. Hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena. Inork, inoiz gehiago guk pairatu duguna jasan ez dezan, eragin ez diezaguten».

«Mugarri bat» bide luzean

Euskal Herriko Torturatuen Sareko talde sustatzaileko Iker Araguasek NAIZi adierazi dionez «oso positiboki» baloratzen dute larunbat goiz honetan egindako batzar eratzailea. Alokatuta zituzten bi gelak bete direla argitu du, «gainezka egin du Kursaalak» zehaztuz, eta oso momentu hunkigarria izan dela nabarmendu du. «Uste dugu sarea ehuntzeko bidean mugarria izango dela».

Bestalde, modu kolektiboan egitearen garrantzia nabarmendu du: «Guk eskatzen duguna aitortza kolektiboa da, zentzu horretan balio izugarria du bide honek». Mugarri bat jarri dutela uste du, baina gehitzen du ez dela «ezeren amaiera, abiapuntua baizik». Hurrengo eginbeharrak ere argi ditu nafarrak: «Auzolan erraldoia egin behar dugu Euskal Herrian zehar ahalik eta torturatu gehien saretzeko eta aitortza kolektiboaren bidean urrats sendoak emateko».