
«Dinamika negatibo luzea pasatu dut eta orain, behin lehen gola sartuta, dinamika onean sartzeko gogoarekin nago, normala denez. Sevillan hasi zena San Mamesen luzatu ahal badut, gure zaleen aurrean eta Realaren kontra, askoz hobeto», esan du Ane Azkonak derbiaren atarian Naizi emandako elkarrizketan. Esan eta egin, joan den astean Betisi bi gol sartu ondoren, San Mamesen errepikatu du nafarrak, Athleticen garaipenari bere izena jarriz. Zuri-gorriak nagusi izan dira lehen zatian eta atsedenaldiaren ondoren, kontraerasotuz erantzun diote nekea nabaritzen amaitu duen Realaren erreakzioari. Talde txuriurdina sailkapenean gainditu bakarrik ez eta Europarako txartela ematen duen sailkapenaren hirugarren postura igo dira bilbotarrak, Atleticok A Coruñan berdindu baitu. Geldialdiko atsedena gustora disfrutatuko dute, madrildarrei puntu bat eta gipuzkoarrei hiru aterata.
Eskertuko du lasaitasuna Realak ere. San Mamesen gertatu dena, izan ere, ezin da taldeak urtea hasi zenetik eta bereziki azken bi aste hauetan pilatu dituen partiden zamatik aldendu. Gaur hasieratik jokatu duten bederatzi futbolari ostegunean Real Madrilen aurkako Kopako kanporaketaren hamaikakoan egon ziren; horietako sei Deportivoren kontra hasieratik jokatu zuten ere aurreko asteburuan; bost dira (Emma, Apari, Lucia Rodriguez, Andreia eta Cahynova) bi aste hauetako bost partidetako hamaikakoan egon direnak eta Lucia Rodriguezek, gainera, bost neurketa horiek oso-osorik jokatu ditu.
Ondo zekien hori derbia prestatzeko aste osoa izan duen Athleticek eta, espero zen bezala, intentsitate handiarekin ekin dio partidari, Julia Arrula –atezain gaztea aukeratu du Sanchez Verak zigortuta zegoen Lete ordezkatzeko, Olatz Santana aulkian utziz– exijentzia goreneko debuta izatera behartuz. Sekulako nortasuna erakutsi du 19 urteko tafallarrak, partidako lehen jokaldian ausardiaz irten baita areatik Clara Pinedori baloia kentzeko eta, berehala, Elexpururen errematea zutoinaren alboan kornerrera bidaltzeko.
Ederki estutu du Athleticek talde donostiarra lehen txanpa horretan baina ez du asmatu eta, arnasa hartuta, bisitariek baloiaz jabetzea lortu dute, pauso bat aurrera emateko eta Nanclaresi hurbilagotik begiratzeko. Lana izan du Mirandakoak eta ordu laurdena bete denerako, Amaiurren eta Eizagirreren erremate banari erantzun behar izan die.
Minutuak eman ditu Athleticek baloia lapurtu ezin barik eta, beraz, arriskua sortu barik baina aukera izan duenean, ez du barkatu. 27. minutuan, Clara Pinedok eskumatik egin du korrika, Izarneri eta Apariri bizkarra hartuz eta bere erdiraketa bultzatu besterik egin ez du izan behar Azkonak area txikian ezinhobe kokatuta.
Donostiarrek ez dute etsi baina atsedenaldira arte egon den aukera garbiena etxekoena izan da. Aparik urrundu du baloia marra albotik, Azkonak Elexpururen erdiraketa buruz errematatu ondoren.
Vilariño Amezagaren ordez zelairatu eta arbelako marrazkia zertxobait aldatu du David Aznarrek atsedenaldian. Nafarra eskuman jarri da, Elexpuru lagunduz, eta Maite Zubieta eta Clara Pinedo aurreratu dira. Sanchez Verak Lezetaren eta Ceciren freskotasunarekin erantzun du eta tarte batez, bere taldeak arrisku dezente sortu du berriro, batez ere eskuin hegaletik. Izarne berdinketa lortzetik oso gertu egon da baina Nanclaresek harrapatu du bere burukada ona eta ondoren Lucia izan da saiatu dena, buruz baita ere, Cecik bigarren zutoinera ateratako falta batean.
Realari falta izan zaion eraginkortasuna bere aurkariak izan du, bigarren zatian izan duen lehen aukera 2-0ekoa sartuz. Eskumatik heldu da hau ere, oraingoan Vilariñok erdiratuta. Arrularen zalantzak eta Ortegaren ikutuak Azkonak aprobetxatu ditu, derbia beste burukada batekin erabakita uzteko.
Oraindik ere donostiarrek erantzun nahi izan dute eta Nanclares berriro agertu behar izan da Amaiurren bolea bat gelditzeko baina azken asteotan pilatutako nekeak eta markagailuko aldeak bat egin dute eta azken ordu erdian lasai jokatu ahal izan du Athleticek, garaipenarekin gozatuz.
Athletic: Nanclares; Maite Zubieta, Leire Baños, Maddi; Elexpuru, Clara Pinedo (Gara, 92.min.), Valero, Nerea Nevado (Landaluze, 76.min.); Sara Ortega; Azkona (Nahikari, 76.min.) eta Jone Amezaga (Vilariño, 46.min.).
Real Sociedad: Julia Arrula; Emma (Lucia Pardo, 79.min.), Lucia Rodriguez, Apari, Izarne (Cecilia, 54.min.); Andreia, Lorena (Lezeta, 54.min.); Cahynova, Nerea Eizagirre, Amaiur; eta Mirari (Intza, 79.min.).
Epailea: Calvo Valentin (Madrid). Valero (23’) eta Maddi (57’) etxeko jokalariek ikusi dute txartel oria.
Golak: 1-0, 27.min.: Azkona. 2-0, 58.min.: Azkona.
Gertakariak: Liga Fko 19. jardunaldiko partida. 21.214 zale San Mamesen.
19. jardunaldia
Atleticok, bere aldetik, berdindu besterik ezin izan du egin Deportivoren kontra eta laugarren postura jeitsi da, bilbotarrek gaindituta.
Eibarrek ere berdinketa lortu zuen atzo (1-1). Zapore onekoa izan zen, baina, markagailuan aurrea hartu bazuten ere, Teneriferen zelai konplikatutik ekarri baitzuen jeitsiera postuetatik urrun mantentzen duen puntua.
Sevilla, 3 - Valentzia, 1
UDCA Tenerife, 1 - Eibar, 1
Athletic, 2 - Real Sociedad, 0
Deportivo, 0 - Atletico, 0
Granada, 2 - Espanyol, 1
Bartzelona - Madrid CFF (16.00)
Levante - Betis (18.00)
Real Madril - Levante Badalona (18.00)

«No se necesita la propiedad de una casa para vivir; lo importante es vivir, no poseer»

«El premio es para la familia de José Miguel, nosotros solo mostramos lo que ha hecho»

NAIZek esklusiban aurreratu zuen Hatortxu Rocken ‘Bi t'erdi’ bideoklipa sarean da jada

Jo eta fuego lanean Berriozarren Topagunea prestatzeko
