Harmailak, tanto bat txalotzen.
Harmailak, tanto bat txalotzen. (ERAMAN JAI ALAI)
Erkiaga-Ibarluzea, Winter Serieseko txapeldunak.
Erkiaga-Ibarluzea, Winter Serieseko txapeldunak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Laduchen etsipena.
Laduchen etsipena. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Txapeldunak, zaleen artean.
Txapeldunak, zaleen artean. (ERAMAN JAI ALAI)
Txapeldunordeak, Laduche eta Manci.
Txapeldunordeak, Laduche eta Manci. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Lau finalisten aurkezpena, atzean harmailak goraino beteta daudela.
Lau finalisten aurkezpena, atzean harmailak goraino beteta daudela. (ERAMAN JAI ALAI)
Harmailen itxura ona.
Harmailen itxura ona. (ERAMAN JAI ALAI)
Erkiagaren erremate bat.
Erkiagaren erremate bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Zaleak, olatua egiten.
Zaleak, olatua egiten. (ERAMAN JAI ALAI)
Winter Serieseko txapeldunak, Ibarluzea eta Erkiaga.
Winter Serieseko txapeldunak, Ibarluzea eta Erkiaga. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Laduchen pilotakada bat.
Laduchen pilotakada bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
Harmailak, tanto bat txalotzen.
Harmailak, tanto bat txalotzen. (ERAMAN JAI ALAI)
Erkiaga-Ibarluzea, Winter Serieseko txapeldunak.
Erkiaga-Ibarluzea, Winter Serieseko txapeldunak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
1 / 11
Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Olagarroa eta bidelariaren amarrutik salbu, pantera arrosen bigarren txapela

Erkiagak eta Ibarluzeak bigarrenez irabazi dute Gernika Winter Series txapelketa. Ispasterkoak hirugarren txapela bereganatu du, distira egin duen beste final bat osatuta. Laduche eta Mancik joko bakoitzaren hasieran gauzak estu jarri dituzte baina azkenean, arrosen eskarmentua nagusitu da.

Ibarluzea eta Erkiaga, podiumeko lehen kutxan; bigarrengoan, Laduche eta Manci.
Ibarluzea eta Erkiaga, podiumeko lehen kutxan; bigarrengoan, Laduche eta Manci. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

«Aritzekin atzean jokatu eta aurrean pilota biziarekin tanto» egiteko amarrua ongi ikasita kantxaratu dira Laduche eta Manci, Getariko olagarroa eta Mutrikuko bidelaria –‘correcaminos’ baten irudiarekin egin zituzten kamisetak mutrikuarraren lagunek–. Pantera arrosak, aldiz, eskarmentua pilatuta, apenas utzi die ezustekorako aukerarik. «Iazkoari jarraipena emanda», pilotalekua goraino beteta –«gero eta jende gazteagoa dator»– eta joko gutxi baina tentsio handiko finala osatuta, «pozik» agertu da Aritz Erkiaga, ‘the panther of Ispaster’.

Aritz Erkiaga: «Iazkoari jarraipena eman diogu»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

 

Winter Serieseko hirugarren txapela eskuratu zuen aurrelari bizkaitarrak; lau edizioetatik, hiru irabazi ditu, azken biak Ion Ibarluzea sendo batek bizkarrak ondo zainduta. Urrats bat aurrera egin du markina-xemeindarrak. Iaz, Erkiagarekin irabazteko presioa askatuta, nortasunez irabazi du eta atzeko koadroetan hazi egin da. Atzo, akats bakarra egin zuen partida osoan zehar.

Giro itzela

Final handi bateko tentsioa bizi izan da igande honetan Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Pilotakada gutxi, txiroa jokoz, tarteka tanto ikusgarriak eta harmailak goraino beteta. «Zoragarria», «sekulakoa»... Irabazle edo galtzaile, puntista guztiek bukatu zuten harmailetara txalo eginez.

Oro har, bikote erregularrena izan da Erkiagak eta Ibarluzeak osatutakoa eta gaur jokatutako finalean ere halaxe izan da. Laduche eta Manciri jarraikortasuna falta izan zaie. Estrategiaz eta argitasunez egin dituzte zenbait tanto baina honen ostean, di-da batean, Ispasterko maisuak beste irakasgai bat sinatzen zuen frontisean, izan hormabiko bitartez edo moztuta. Txokoa apenas erabili du, agian Mutrikuko bidelariaren erreakzioaren beldurrez –beste behin metro gehien egin dituen puntista izan da, 4.455, guztira 26 esprint osatuta, Ibarluzeak baino 17 gehiago–.

Getariko olagarroak ere defentsa on bat erakutsi du –batez ere bigarren jokoan, lehendabizikoan arinegi ibili da, xisterarekin ezin asmatuta– baina honen aurrean areagotu egiten da Ispasterkoaren ezkutuko samindura, erreparorik gabe errematatuz edo intentzio osoz txik-txak bilatuz. Soilik horrela ulertu daitezke Erkiagaren 17 egindako, Laduchen 10en aurrean.

Bi jokoetan, urdinak hasi dira irabazten, baina oso modu ezberdinean. Lehendabizikoan, ezker paretean min eman dute, oraindik ere lau puntistak jokoan sartzeke zeudela (3-4). Hankak fresko dituela ere erakutsi du Erkiagak, markagailua irauli eta kantxan agintzen hasteko (6-4). «Une gakoetan Aritzek asmatu egin du», onartu dio Mancik NAIZi partida osteko elkarrizketan. Mutrikuarrak berak ondo landutako tanto batean –Erkiagaren defentsa ona eta honen oldarraldiari erantzunda–, xisteran pilotak bote eman diola-eta, 9-8 izan zatekeena 10-7 bilakatzea ere kolpea izan da.

Mikel Mancisidor: «Txapelketa oso ona egin dugu, harro nago Laduchengatik, niregatik eta guzti honengatik»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

 

Nolanahi ere, ohikoak ez dituzten beste zenbait akats ere pilatu dituzte urdinek –mutrikuarrak hiru akats segidan egin ditu lehen jokoaren bukaeran, bere bikote Laduchek xistera hautsita zuela– eta hauek ere erabakiorrak izan dira partidaren bilakaerarako.

Gehiegi nahasi aurretik, erabakior

Bigarren jokoan ere 3-4 aureratu dira, ausardia gehiagorekin lortu dute 4-6 jartzea ere baina finalak finalaren tankera hartu duenean, publikoak ere tanto bakoitza zutik ospatu duenean, eskarmentua eta maisutasunak gidatuta, aldeak irekitzen azkarrenak eta eraginkorrenak pantera arrosak izan dira. Urdinak hurbildu bakoitzean, arrosek bere zigilua utzi dute, edozein ezustekori bidea eragotzita (11-10 egin ostean, 13-10era; 13-12 egin ostean, 15-12ra).

Azken hatsa bota arte borrokatu behar izan dute halere, 13-11koan Erkiagak saihetsean min hartuta, arnasa hartzea ere kostatzen zitzaiola, partida gehiegi nahasi aurretik jakin baitzuten amaitzen, erraz, esperientziaz, maisulanez.

Laduche eta Manciren etsipena, Erkiaga-Ibarluzea bikote garaiezinaren aurrean nahi eta ezinean aritu ostean, zaleek irauli zuten. Zale eta lagunek. «Harro egoteko modukoa da. Itzela da, horrelako harrerarekin hunkituta nago. Garaipen bat eskaini nahi nien baina ezin izan da. Hala ere, txapelketa oso ona egin dugu, oso harro nago, bai ‘Ludo’-rengatik, niregatik eta guzti hauengatik. Etorriko dira txapelak ere», ondorioztatu zuen Mikel Mancisidorrek, partida bukatu berritan, lagun eta senitartekoan besarkadak jaso ostean.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

 

FITXA TEKNIKOA

Erkiaga-Ibarluzea 2

Laduche-Manci 0

Pilotakada kopurua: 295 pilotakada. Joko bakoitzeko markagailua: 15-10 eta 15-12. Egindako tantoak: 17 Erkiagak eta 3 Ibarluzeak; 10 Laduchek eta 5 Mancik. Galdutakoak: 6 Erkiagak eta 1 Ibarluzeak; 6 Laduchek eta 4 Markagailua: Lehen jokoan: 1-0, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 3-3, 3-4, 4-4, 7-4, 7-5, 8-5, 8-6, 9-6, 9-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 13-9, 13-10, 14-10, 15-10. Bigarren jokoan: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 3-2, 3-3, 3-4, 4-4, 4-5, 4-6, 5-6, 6-6, 8-6, 8-7, 9-7, 10-7, 10-8, 11-8, 11-9, 11-10, 12-10, 13-10, 13-11, 13-12, 14-12, 15-12. Gertaerak: Gernika Winter Serieseko finala, harmailak beteta.