
Dima Rock Mastersaren oroitzapenak apal batean gordetan genituenean, bat-batean beste eskalada lehia ekimen batek hautsak astintzera behartu gaitu. Klimb Zarautz Mastersari buruz ari gara. Gipuzkoako herri horretako rokodromoak nolabaiteko lehen urratsa egin du Dimako aspaldiko hitzordua eta izpiritua berreskuratu ahal izateko. Maila zein formatuan oso ezberdinak izan arren, zarauztarrek ahalegin ederra egin dute proba horrek izan duen lehen ekitaldiarekin. Klimb Zarautzekoa boulderreko proba izan da.
Hiru urte baino ez dira rokodromo horrek ateak zabaldu zituenetik, eta arduradunek argi utzi dute saltsan ibiltzeko gogo handia dutela. Iaz, adibidez, arrakasta handia izan zuen ireki bat antolatu zuten; 150 lehiakide jaso zituen. Joan den larunbatean, berriz, ireki horri indar eta proiekzio gehiago eman eta masters izaerako probaren lehen edizioa egin zuten. Kopurua mugatu, eskalatzaileen maila handitu eta Zarautzeko rokodromo horretan 80 eskalatzaile lehiatu ziren.
Hitzordu hori biribiltzeko, indartzeko ere, routesetter edo ekipatzaile talde sendo batek lanean jardun zuen. Jacky Godoffe eskalatzaile frantziar historikoak eta Juan Antonio Jimenez espainiarrak lema hartu eta makina bloke prestatu zituzten. Sailkapenetan, adibidez, hainbat eta hainbat boulderretan gozatzeko aukera egon zen, baina finalera sailkatu nahi zutenek asko estutu behar izan zuten bloke gogorrenetan. Izan ere, hamabi bloke zailenek puntuatzen zuten.
Denera, hamabi espezialista igaro ziren azken txanda horretara; seina neska eta mutil. Emakumezkoen mailan, puntuen arabera, Geila Macia sasoikoena izan zen. Haren atzetik beste honako bost finalista izan ziren: Julia Benach, Paula Traverso, Maria Paredes, Martina Muñiz eta Udane Mugika. Azken horri dagokionez, esan behar dugu, berez, zazpigarren postuan sailkatu zela, baina faboritoetako batek, Aida Torresek, min hartu zuenez, elduaindarrak ohorea izan zuen finalean lehiatzeko.
Mutiletan, berriz: Eneko Carretero, Guillermo Peinado, Lluc Macia, Money Titouan, Mikel Linacisoro eta Baptiste Escalle. Oro har, finalista oso gazteak; horietako asko Fedme-k duen espainiar selekzioko ordezkariak izan ziren. Baita lau euskal finalista ere: Mugika, Carretero, Linacisoso eta Escalle.
Lehia estuak
Ekipatzaileek finalerako prestatutako proposamenek ezaugarri ezberdinak izan zituzten. Ohi den bezala, talde horren lana ez zen batere erraza izan, baina, oro har, asmatu zuen. Horrekin esan nahi dugu blokeen zailtasunen eta lehiakideen mailaren artean oreka egon zela.
Nesken kategoriari dagokionez, Maciak erakutsi zuen beste lehiakideen gainetik dagoela. Lehen blokean top egiten bakarra izan zen. Hori gutxi ez, eta beste hiruretan ere arrakasta lortu zuen. Lautik lau, eta, gainera, guztiak lehen ekinaldian. Dotorezia, teknika, sasoia, eraginkortasuna… Hitz batean esanda, katalanaren erakustaldia ikusgarria izan zen.
Bigarren postuan Benach sailkatu zen bi blokerekin. Eta podiumaren hirugarren postua Mugikarentzat izan zen. Elduaingo eskalatzaileak «nahikoa» zuen final horretan lan txukuna egiteko. Bada, 15 urteko lehiakideak egundoko ezustekoa eman zuen hirugarren postuarekin. Soilik azken blokea sinatu zuen, baina nola eskalatu ere! Borroka handi baten ondoren eta azken segundoan top-era heldu zen. Paredesek (laugarren), Traversok (bosgarren) eta Muñizek (seigarren) itxi zuten finala top bat bera ere egin gabe.
Bestalde, mutilen lehiak egoera oso bitxia utzi zuen. Batez ere, lehen bi sailkatuen artean. Carretero eta Peinado gogor hasi ziren lehen blokea sinatzen. Gauza bera egin zuten hirugarrenean Escalle, Linacisoro eta Titouanekin batera. Bigarren eta laugarren blokeak askatu gabe geratu ziren. Blokeetan berdintzea ez da berezia izaten, bai, ordea, eremuetan eta ekinaldietan. Eta hori gertatu zitzaien Carreterori eta Peinadori. Baina zumaiarra finalera lehen postuan sailkatu zenez, harentzat izan zen garaipena. Peinado bigarrena izan zen eta Titouan hirugarrena top batekin. Escallek (laugarren) eta Linacisosork (bosgarren) ere top bana egin zuten. Eta finaleko azken postua Maciarentzat izan zen.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
