Kazetaria / Periodista

Ia mende erdi espetxean eman eta gero, Leonard Peltier preso politiko indigena etxean da

49 urte eman ditu giltzapean Leonard Peltierrek, astearte honetan Floridako espetxe batetik irten arte. 80 urterekin itzuli da etxera, Bidenek kartzelaldia kommutatu baitzion agintea utzi aurretik. Ez da guztiz libre, zigorra etxean betetzen jarraitu behar baitu, baina lagun eta senideekin da.

Peltier aske, bere aldeko erakundeak zabaldutako irudian.
Peltier aske, bere aldeko erakundeak zabaldutako irudian. (Angel White Eyes | NDN Collective )

Goizeko bederatzietan (arratsalde partea Euskal Herrian) irten da Leonard Peltier Floridako Coleman kartzela federaletik, astearte honetan. Kanpoan jarraitzaileak eta kazetariak zituen zain, eta lagunek babestuta joan da. Egun pozgarria dela adierazi du Peltierrek: «Gaur azkenik libre naiz! Ni espetxeratu ninduten, baina sekula ez dute nire gogoa hartu», esan du espetxetik irtetean.

«Eskerrik asko mundu guztiko nire jarraitzaile guztiei, nire askatasunaren alde borrokatzeagatik. Azkenean etxera noa. Nire lagunak, familia eta komunitatea ikusteko gogo biziz nago. Gaur egun ona da», erantsi du.

«Ez dugu etsiko. Irabaziko dugu. Batuta egongo gara herri indigena guztiak eta borrokan jarraituko dugu nazio librea izan arte. 50 urte eman ditut horretarako, eta bizitzako gainerako guztia ere emango dut. Ez naute garaitu. Ez nago garaituta», nabarmendu du.

«Herri indigena guztiek borrokan jarraituko dugu nazio libre izan arte. Ez naute garaitu», adierazi du espetxetik irten ostean

 

Peltier Chippewa indiarren Turtle Mountain erreserbako indigena da. 80 urte ditu, eta horietako azken bost hamarkadak eman ditu preso. Aurretik, ume zela, garaiko milaka haur indigenarekin gertatu bezala, familiatik indarrez erauzi eta zurien kulturan asimilatzeko barnetegi-eskoletara eraman zuten. Han ohikoak ziren tratu txarrak eta sexu-erasoak. Gertatu zenaren dimentsioa eta bizitakoaren trauma azken urteotan ari da agerian geratzen.

Peltierrek AIM American Indian Movement-ekin (AEBetako Mugimendu Indiarra) bat egin zuen eta kide nabarmenetakoa izan zen. 1973ko Wounded Knee-ko okupazioaren ostean, luze iraun zuen indarkeriak eta tentsioak.

1975ean, erabat argitu ez den tiroketa batean FBIko bi agente hil zituzten. Peltier eta beste bi lagun atxilotu zituzten. Peltierri bizi osoko espetxe-zigorra jarri zioten, trikimailuz betetako epaiketa batean. Besteak beste, frogak manipulatu eta lekukoei presio egin zieten. Azken urteotan, kasuko fiskalak ere aitortu du frogarik gabe zigortu zutela Peltier, baina FBIk presio egiten jarraitu du Peltier, oso gaixo egon arren, espetxetik irten ez zedin.

Joe Bidenek Deb Haaland indigena izendatu zuen barne saileko idazkari izateko, eta urrats garrantzitsuak eman zituen indigenei eragindako trauma aitortzeko. Baina azken keinua falta zen, eta Etxe Zuria utzi baino minutu batzuk lehenago iritsi zen, Peltierren espetxe zigorra kommutatuta.

Ongi etorria egingo Turtle Mountain Erreserban

Leonard Peltierrek ojibwe (anishinaabe) eta lakota jatorria dauka eta Kanadako muga ondoko Turtle Mountain erreserban jaio zen. Bertan emango ditu bizitzako azken urteak ere. Joe Bidenek Etxe Zuria itxi aurretik espetxe-zigorra kommutatu zion, baina indarrean dago. Etxean eta bere komunitatean betetzea baina, askatasun gisa hartu du mugimendu indigenak. Horregatik, ospakizun ekitaldia antolatu dute asteazken honetarako.

Ongi etorria emateko ekitaldia deitu dute asteazken honetarako eta sare sozialetatik zuzenean emango dute, Euskal Herrian 19ak direla

 

«Peltierrek bere komunitatearekin konektatzeko eta bere jendearekin bizitzera egokitzeko aukera izango da», esan du ekitaldia prestatu duen NDN Collective elkarteak. Belcourten, erreserbako herri nagusian dagoen kasinoko Sky Dancer gunean izango da. «Leonard Peltier askatzeko eta bere sorterrira ekartzeko konpromisoa hartu genuen, eta hori betetzen ari gara. Sekula ez du etsi askatasunaren aldeko borrokan, eta guk ere ez dugu sekula etsi», esan du Nick Tilsen elkarteko sortzaile eta buruak. 

«Peltier aske egotea bere horretan itzela da. Bere espetxeratze bidegabea alde guztietako herri indigenen zapalkuntzaren sinbolo zen bezala, gaur bera askatzea gure indar kolektiboaren eta berezko askatasunaren sinbolo da», erantsi du.

Ekitaldia eguerdian izango da, Euskal Herrian arratsaldeko zazpiak direla, eta Facebook, YouTube eta LinkedIn sare sozialetan emango dute zuzenean.