
‘Oldarraldi faxistaren aurrean, askatasuna’ lelopean egingo dute mobilizazioa ostiral honetan, otsailak 21, Errenterian. Izan ere, larunbatean, Vox alderdiak herrian karpa bat jarriko duela ohartarazi du, «propaganda banatzeko», beste zenbait herritan egiten ari den bezala. Horregatik, Orereta/Errenteria herri ekimenak mobilizazio «zabal, indartsu eta alaia» deitu du, 19.00etan abiatuko da herriko plazatik.
Helburu argi batekin antolatu dute mobilizazioa, eta hala azaldu dute asteazken honetan egindako agerraldian: «Sinetsita gaude gure herriaren alde elkarrekin eginez, eskubide eta askatasun gehiagoren alde lerrokatuz, oldarraldi faxistari ateak itxiko dizkiogula».
Ehun herritar baino gehiago batu dira mobilizazioa iragartzeko Errenteriako plazan, hamaika aldarri soinean: Mugimendu feministaren aldarriak, ikurrinak, errepublikar bandera, presoen etxeratzearen aldeko banderola, Palestinako bandera, LGTBI komunitatearen bandera edota ‘Ongi etorri errefuxiatuak’ zihoen afixa. Mezu argi bat zabaldu nahi izan dute: «Ostiraleko herritar uholdearen bidez, gure herriaren izaera eta nortasun antifaxista erakutsiko dugu».
Herriko zenbait eragile eta norbanakok deitutako mobilizazioa izango dela zehaztu dute, eta beren herria zein den gogoratu: «Zapalkuntzaren aurrean atxa zen herria da gurea; borrokaren bidez langileontzat eskubideak irabazi zituena, jatorri ezberdinak batu zituena herrigintzari bultzada emanez, emakumeon eskubideen alde borrokatu zena, euskarari bultzada eman ziona, Francisen erailketaren aurrean altxa zena. Larrutik oraindu genuen. Baina hemen gaude».
«Gernika bonbardatu zutenen oinordekoak» joango direla larunbatean Errenteriara azaldu dute, eta helburu jakin batekin joango direla: «Herri honetan duten ukazioa probestu eta gu probokatzera datoz Errenteriara. Ez datoz bozka bila, ez bazkide gehiagoren bila. Hona datoz, jakin badakitelako, herri honetan eskubideen aldeko borrokak askotarikoak izan direla eta hemen duintasunez betetako herri bat dagoela».
Kaleak aldarriz betetzeko deia
Hala ere, errenteriarrak «pauso bat aurrera» doazela gaineratu dute, beren eskubideen eta asktasunaren alde. «Anitzen arteko herri komutarioa» dela Errenteria nabarmendu dute, eta batez ere, askotarikoen arteko aliantzaz osatutakoa dela.
Bestetik, herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, herriko kaleak eta etxeetako balkoiak aldarriz betetzeko deia egin dute. Eta era berean, «Vox edo faxismoaren edozein adierazpen gutxiesteko eta probokazioetan ez erortzeko» eskatu dute.

Juan Luis Agirre Letek askatasuna berreskuratu du, 28 urte preso izan eta gero

Una sentencia confirma la legalidad del apoyo del Ayuntamiento de Iruñea a Korrika

Graban el tremendo impacto de un rayo en las antenas de Zikuñaga de Hernani antes del amanecer

Maite Nosti, parlamentaria de Vox, deja el partido y provoca la disolución de la Agrupación
