
ARTOLA-MARIZKURRENA II 22
ELORDI- ZABALETA 7
Artola eta Marizkurrenak ez dute gupidarik izan Elordi eta Zabaletarekin. Ez dute partidarik distiratsuenik jokatu Baiko enpresako pilotariek, baina arerioen eskuin eskuko arazoak bikain baliatu dituzte hasierako zati oso gogorra izan duen neurketa gero aitaren batean eramateko. Markagailua 9-7an zela 400 pilotakadatik gora jo dituzte lau pilotariek. Handik zuzenean egin dute 22rainokoa Artolak eta Mariezkurrenak, 200 pilotakada baino gutxiago jota.
«Bikote izan gara inoiz baino gehiago. Hasieran Josek sekulakoak eman dizkio eta partida oso gogorra joan da, baina gero badirudi arazotan hasi direla biak eta han lanean jarraitu eta partida eramanda, oso pozik gaude, guretzat oso garrantzitsua zelako finalerdietan izatea», onartu du Iñaki Artolak.
Binakako Txapelketari min hartuta ekin zion Alegikoak eta bere esanari zor, «orain, azken jardunaldietan ari naiz sentsaziorik onenak aurkitzen». Normala, beraz, gipuzkoarra eta Berriozarko atzelaria pozarren izatea.
Esan bezala, txanponaren ifrentzua Elordi eta Zabaletarena izan da. Ezin izan dute beren mailarik eman eskuin eskua izorratzen joan zaielarik eta bikote gorriaren ahalak txotxongiloaren pare erabili ditu neurketaren bigarren erdian. Eta finalerdietako azken txartelaren bila igandean dute hitzordua. Denbora gutxi eta eskuak asko zaindu behar tarte horretan.
Gogor eta hotz
Aurreneko tantotik garbi geratu da partidaren garrantzia. Orotara 80 pilotakada jo behar izan dituzte markagailua urdinen alde 0-1 jarri aurretik, Mariezkurrenak erasora jotako ezker gantxoa txapapera joan aurretik. Aurrelariek keinuak eta tantoa lantzeko kolpeak tira dituzte, baina behin betiko erremateak, ez asko. Atzelariak, berriz, urduri xamar hasiera baten nahiz eta eskuinkada latz askoak ere berdintsu jo dituzten nola Mariezkurrenak hala Zabaletak.
Hain zuzen, Jose Javier Zabaletak bi hutsegite garbi egin ditu 0-1ekoaren ostean eta eraman beharreko sake bat eramateke laga du ere. Askorik egin beharrik gabe –lana bai, jokoa ez hainbeste–, Artola eta Mariezkurrenak aurreneko aldetxoa hartu dute. Nolanahi, distirarik gabeko partida hasiera izan dute laurek, eta Beotibar pilotalekura hurbildu den jendetzari ez diote parte oneko ikuskizunik transmititu, ez behintzat hasiera luze horretan. Nolanahi, 3-2ko tantoan Artolak ezker gantxoa behera bota badu ere, hurrengo tantoan ez da beldurtu eta ezker gantxo txukun bati esker aurreneko tanto txalotua lortu du Alegiako aurrelariak.
Zabaleta inoiz ez bezain galtzaile azaldu da, misterio handirik gabeko pilotak gehienak, eskuinez batik bat. Epaileen akatsek bat ere alde izan dute gorriek, Mariezkurrenari ezker horman gora joandako pilotakada bat ontzat eman eta gero Elordi bera izan da tantoa galdu duena. Egindakoak ere tarteka izan direlako, 7-2koa Artolak ezker gantxoz egin du eta hurrengo tantoan Mallabikoak odolkiak ordainetan eman dizkio, arma berarekin 7-3koa ezarri baitu.
Aurrelari bizkaitarra jokoan sartzeak bikote urdinari sekulako mesedea egin dio. Artola eta Mariezkurrena 9-4 aurretik ihesean joan badira ere, Mallabikoak tantoak nahasten egindako ahaleginek fruituak lortu ditu eta hala, 9-7raino hurbildu dira Elordi eta itxura seguruagoa erakusten hasi den Zabaleta.
Nolanahi, tantoak oso borrokatuak eta parekatuak izan dira beti. Hala, ia 400 pilotakada eta gero 10-7 aurreratu dira gorriak. Kasu honetan urak arretu dituena Artola izan da eta Alegiakoak atzean sartu dio tantoa Zabaletari. Normala den moduan, atsedenaldia gehiagotan eskatu behar izan dute lau pilotariek, oso tanto nekagarriak jokatu dituzte-eta, pilota martxan jarri duten ia bakoitzeko.
Aurreneko atsedenaldi luzea ere iritsi da halakoren baten, ez kosta gabe: 12-7, Elordiren eskuin sotamanoa goregi bidali ostean. Aurrez, Mariezkurrena beraren erakustaldia ikusi dute Beotibarko zaleek 11-7koa ezartzeko. Lehenbizi, Zabaletaren kanoikadak sotamanoz erantzun, erraztasun txundigarriz erantzun ere, eta gero Berriozarko atzelariak berak atzean amaituz, aurrez Zabaleta ezker-eskuin, Artolaren laguntzarekin, mugitzera behartuz.
Eskuek ezin eutsi
Aurreneko atsedenaldi horretan Elordi eskuin eskua babesten aritu da eta hurrengo tantoan, halabeharrez, zabalera nahi baino gehiagotan joatea egokitu zaio bizkaitarrari, eta eskuinez eman dion bakoitzeko ezinegona nabari izan zaio.
Alabaina, Zabaleta bera ere ez da hain eroso aritu eskuin esku horrekin. Tarteka itzelak emanagatik, gero eta gehiagotan Mariezkurrenaren bizkarra ikusi behar izan du eta tarteka eskuin eskuari heltzen aritu da Etxarrengo atzelaria. Eta horrela, Zabaletak gainera etorri zaion pilota bat txapapera bota ostean, 14-7 aurreratu dira Artola eta Mariezkurrena. Are eta petralagoa izan da hurrengo galdu duen pilota: eskuinez dejada egiten hasi da Zabaleta Mariezkurrena eta Artola inguruan izanagatik. Horrez gain, kantxa erdiko zenbait pilotakada ezkerrez jo ditu Etxarrengoak.
Gorriak, normala den moduan, partida aldapa behera ikusita, ez dira barkatzeko egon. Zabalean luze egin du 16-7koa Artolak eta handik bigarren atsedenaldira bideko tantoak. Eskuin eskuaz pilotari bultzaka ere ikusi da tarteka Zabaleta eta txokoan azaldu den hezetasunagatik ere kexu azaldu da Elordi. Ez bakarrik partida 18.7 galtzen ari zirelako, dena aldrebes ari zitzaielako ateratzen baino.
Ez da partida zuzentzeko modurik izan. Hala, Baiko enpresako bikoteak 13-0ko partzial bikain horri esker finalerdietan lekua egin du, ondo merezita sailkatu da, izan ere. Aldiz, Elordik eta batik bat Zabaletak lanak izango dituzte eskuin eskuko arazoak konpontzeko igandera begira, finalerdietan sartzeko modua egingo badute.
FITXA TEKNIKOA
Iraupena: 65.04 minutu. Pilotakadak: 569. Sakez: 2 Artolak eta 1 Elordik. Jokoan egindakoak: 5 Artolak eta 2 Mariezkurrenak; 3 Elordik eta 0 Zabaletak. Jokoan galdutakoak: 1 Artolak eta 2 Mariezkurrenak; 3 Elordik eta 10 Zabaletak. Markagailua: 0-1, 1-1, 3-1, 3-2, 4-2, 7-2, 7-4, 8-4, 9-4, 9-5, 9-7, 10-7, 22-7. Gorabeherak: Binakako Txapelketako play-offetako aurreneko norgehiagoka, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aurreneko sakea, urdin. Ikusleen artean, Jon Ander Peña, play-offetako beste kanporaketako pilotarietako bat.
Zornotza, la landa de los rojos

Aplausos e insultos a Jone Laspiur por criticar ‘La infiltrada’ y las infiltraciones policiales

«No hubo ataque exterior, el apagón es producto de la codicia de las grandes eléctricas»

LAB denuncia que Metro Bilbao ha contratado a la empresa israelí I-SEC Aviation Security
