
Ehun urtetik goiti ditu Osasuna futbol klub nafarrak, eta urte luzetan erran izan du izena euskalduna izan arren, izana erdalduna zuela. 2017an hasi zen hori aldatzen, elebiduna izatea eskatu baitzuten bazkideek. AEK-koekin batera Euskara Batzordea sortu zen eta bideari ekin zioten. Euskaraldiko azken edizioetan parte hartu dute eta aurtengoan, maiatzaren 15etik 25era eginen denean, pauso gehiago emanen dituzte. Mikel Erbiti klubeko komunikazio taldeko kideak Donostiako San Telmo Museoan izan den ekitaldian adierazi duenez, euskarari bere lekua egin nahi diote bai entitatearen barnean eta bai zaleekin eta Nafarroako jendartearekin harremanetan.
«Euskaraldian parte hartzea garrantzitsua dela uste dugu, klubak Nafarroan duen ikusgarritasunagatik, jendarteak ikus dezan Osasuna euskararekin inplikatzen dela», nabarmendu du.
300 langile baino gehiago dira klubean eta xedea da ariguneak sortzea eta talde lanak euskaraz egin ahal izatea. «Euskara normalizatzea», funtsean. Kanpora begira, berriz, zaleek Osasunarekin duten harremana euskaraz ere egin dezaketela sentitzea nahi dute.
Izena emateko gonbidapena
Erbitik oraindik ariketan izena eman ez duten entitateak animatu ditu: «Aukera polita dute nahi duten neurrian parte hartzeko eta pauso txikiz bada ere bidea egiteko. Gu hala hasi eta gero eta pauso gehiago eta handiagoak egiten joan gara. Hori edozein entitatek egin dezake».
Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekia dago. Euskaraldiaren webgunean egin daiteke.
Zerbitzu batzuetatik kooperatiba osora
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatibak ere «lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko» deia egin du. Idoia Martinez de Lahidalgak azaldu du urte batzuk daramatzatela euskara gehiago erabiltzeko lanean, zerbitzuka esku hartzeak eginez. «2023an euskarako lantaldea berpiztu zen eta hizkuntza irizpideak jartzen hasi ginen. 2024an euskara plana egiteko pausoa eman genuen eta diagnostikoan gaude orain».
Langileen artean «oso harrera baikorra» izaten ari direla eta euskara «guztiona» dela eta «jarrera kontua» dela azpimarratu du. Hiru zerbitzutan ‘Egunon’ eta ‘Mintzatratu’ dinamikak dituzte abian, Euskaraldiarekin antzekotasun handia dutenak. Lehendabiziko aldiz parte hartuko dute Euskaraldian entitate gisa eta egun horietan ariketa erakunde osora zabaltzeko erronka izanen dute.
Sergio Jimenez lankideak gaineratu du gero eta gehiago egiten dutela beren artean euskaraz eta bezeroekin gehiago aritzea dutela hurrengo asmoa.
Euskal hiztunak sortzen, lehen haurtzarotik
Luma Baiona euskarazko murgiltze ereduko haurtzaindegiak euskal hiztunak sortzeko xedea du, lehen haurtzarotik hasita. Patxi Amulet elkarteko kideak oroitu duenez, 2008an sortu zen, baionar ttipientzako euskarazko eskaintzarik ez zegoen garaian. Orain, Euskaraldiarekin bat egin du «euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baionaren bihotzean direlako».
Beren engaiamendua indartu nahi dute euskararen eguneroko erabileraren alde, bai haurrekin, bai familiekin. Sendi gehienek euskarazko harrera egiten delako etortzen dira, baina haurtzaindegia irekia da eta Euskaraldian euskaldunak ez diren familien inplikazioa handitzen saiatuko dira. «Etxean euskara gehiago erabil dezaten ahaleginduko gara, sehaska kantak, tailerrak, kantuak zein irakurketak proposatuz, gurasoek hizkuntzarekin konfiantza hartzeko», zehaztu du Amuletek.
Euskaraldian parte hartzera animatu ditu berak ere entitateak, «dinamika kolektibo bat» sortzeko aukera delako, «euskararen eguneroko erabilera sendotzeko». «Keinu ttipi bakoitzak balio du», ohartarazi du.
Bakoitzari egokituz
Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak Euskaraldiak entitateetan duen eraginaren garrantzia nabarmendu du, herritarrak batzen garen tokiak direlako, izaera ezberdinekoak: lantokiak, kirol eta kultur elkarteak, dendak eta tabernak...
Agertu duenez, bi irakaspen atera dituzte aitzineko ediziotik. Lehena: «Ezin da berdin jokatu entitate txikiekin eta handiekin, tokiko entitateekin eta herriz gaindikoekin. Herriz gaindiko askorentzat eraginkorra izan zen ariguneen proposamena, baina txikiagoentzat zaila izan zen aplikatzea, lan zamatsua. Ikusi dugu entitate txiki askotan txapa janztea bera eraginkorra izan daitekeela».
Eta bigarrena: «Parte hartzeko alde burokratikoa arindu behar da. Aldez aurreko lan sakon, tekniko eta burokratiko bat egin behar zuten entitateek eta baliabiderik ez zutenen kasuan, ilusio hori murrizten zen».
Aurten, horregatik, entitate bakoitzari ahalik eta gehien egokitzen eta neurriko proposamena egiten saiatuko dira, baita prozesua arintzen ere, «alde kualitatiboan aurrerapausoak ematea xede».
Hiru egiteko
Urkijok jakinarazi duenez, Euskaraldian hiru egiteko funtsezko izanen dituzte entitateek: Euskaraldiaren berri ematea eta kideak ahobizi eta belarriprest izatera gonbidatzea; rol horiek eroso betetzeko tresnak eskaintzea, webgunean izanen dituztenak; eta Euskaraldia ikusgarri egitea, giro hori sortzea.
«Ahobizi eta belarripresten babesgune dira entitateak eta horregatik, inportantea da ariketa elkarrekin egitea», adierazi du koordinatzaileak.
Bertzelako urratsak egiteko gonbidapena ere luzatu diete entitateei; ariguneak sortzea eta identifikatzea, adibidez. Horretarako aholkularitza eta baliabideak eskainiko dizkie Euskaraldiak. «Lanketa sakonago hau egin dezakete, baina ez da ezinbestekoa izango parte hartzeko», argitu du.
Euskaraldia iritsi bitarteko hurrengo mugarria martxoaren 15ean izanen da, Gasteizen, bertan zabalduko dutelako ahobizi eta belarriprestek izena emateko epea.

Salvioli, exrelator de la ONU: «Es inaceptable lo que hace el Poder Judicial en este país»

ETS agota en tres horas las 15.000 entradas de Madrid y se lanza también a por Barcelona

NAIZ: MUSIKA, kanal berri bat gure komunitateko berrienentzat
